AFP

Bainu publikoen plazer zaharra berrasmatzen ari dira Japonian

Japonian, «sento» edo bainu publikoak erabiltzeko ohitura gaur arte heldu da, baina pasa den mendearekin alderatuta askoz gutxiago erabiltzen dira egun. 1960ko hamarkadan 18.000 ziren, eta orain 1.800 inguru.

Uztailean hartutako irudian, Sam Holden sentoak babestearen aldeko aktibista eta Sento&Neighborhood erakundeko zuzendarikidea, Ruyzo Tsutsui eta Shingo Umehararekin Inariyu sentoan.
Uztailean hartutako irudian, Sam Holden sentoak babestearen aldeko aktibista eta Sento&Neighborhood erakundeko zuzendarikidea, Ruyzo Tsutsui eta Shingo Umehararekin Inariyu sentoan. (Philip FONG | AFP PHOTO)

Agure talde bat, bakoitza bere toalla, xaboi eta xanpuarekin, Inariyun sartzen da, Japonian geratzen den bainu publiko bakanetako batean. Bere bainuontzi arruntekin, Fuji mendiko horma-irudi distiratsuekin eta egurrezko ate irristakorrekin, Tokioko Inariyu sento klasiko baten, alegia, japoniar bainu publiko baten, adibide argia da.

Lehen hiriguneetan nonahi zeuden halako bainuak, baina desagertzen joan ziren etxebizitzetan osasun erosotasuna hobetu ahala.

Herrialde osoan, bainu publikoen kopurua 1.800 ingurura jaitsi da, 1960ko hamarkadaren amaieran baino hamar aldiz gutxiago, orduan 18.000 bainu publiko baitzeuden.

Lokalen jabeak inoiz baino tentatuago daude beren lurrak saltzeko, makinen narriadurak, gasaren prezio altuak eta gazteek negozioa beren gain hartzeko duten interesik ezak bultzatuta.

Batzuk, Inariyu kasu, berritu egin dira, eta beste batzuk, berriz, modako lokal gisa berrasmatu dira edo datuen analisia erabiltzen dute negozioa suspertzeko.

Yasuko Okuno auzoko komunak salbatzeko borrokatzen den lagun bat da. Berandu arte lan egin ondoren sentoa erlaxatzeko modu ezin hobea dela defendatzen du.

Gainetik pisu bat kendu

«Eguna joan eta eguna etorri, burua nekatuta neukan. Etxera joaten nintzenean ere, ezin nuen lana ahaztu», dio 36 urteko emakumeak. «Orduan sento batera joan nintzen aspaldi-aspaldiko partez, eta gainetik pisu bat kendu zidatela sentitu nuen. Bainu handi bat zegoen eta jendeak maitekiro agurtu ninduen», adierazi dio AFPri. Denborarekin, sentoa «bigarren etxe baten antza» hartzen hasi zela gaineratu du.

Japoniak ez zuen inoiz itxiera zorrotzik ezarri covid-19aren pandemiagatik, eta gimnasioak eta sentoak bezalako tokiak irekita egon ziren, baita enpresek etxetik lan egitea erabaki zutenean eta jatetxeek irekitzeko ordutegiak mugatu zituztenean ere.

Musukoak trenetan eta beste leku publiko batzuetan erabili ohi dira, baina sentoetan ez dira beharrezkoak. Halere, urruntze soziala eta bainua isilik hartzea gomendatzen dute.

Adineko herritar askorentzat, pandemian bertan behera utzi nahi izan ez zuten «eguneroko errutina» da. Batzuek nahiago dute beste norbait ondoan dutela bainatu, badaezpada ere eroriz gero, Yasukok gaineratu duenez.

Bainu publikoen itxierak komunitatearen loturak higatu ditzakeela uste du Sam Holdenek. Sento & Neighborhood bere erakundeak Monumentuen Mundu Funtsaren 200.000 dolarreko dohaintza erabili zuen Inariyu eta ondoko eraikin tradizional bat berritzeko. 1930. urtean Tokio iparraldean, etxe arteko bide estuetan, eraikitako bainu publikoaren giro atseginari eutsi nahi izan zion taldeak.

Adin guztietako bezeroak

Inariyuk adin guztietako bezeroak izaten ditu, adineko asko barne; «horietako batzuk bakarrik bizi dira eta bakartuta egoteko joera dute», adierazi du Holdenek, duela ia hamarkada batetik Tokion bizi den 32 urteko estatubatuarrak.

«Nire lankideek eta nik premia handia dugu egitura historiko horietako batzuk babesteko, apartamentu eraikin bihurtu baino lehen», azaldu duenez.

Erabiltzaileek 500 yen (3,7 dolar) ordaintzen dituzte bainura sartzeko, hau da, Tokioko gobernuak ezarritako tarifa.

Zapatak kutxatila txiki batean utzi, aldagela batean erantzi eta dutxatu egiten dira, tenperatura desberdinetako bainuontzietan erlaxatu aurretik. Onsen izenez ezagutzen diren bainu termaletan ez bezala, sentoetan ura gasarekin berotzen da.

Emaztearekin batera Inariyu sentoa kudeatzen duen Shunji Tsuchimotok France Press agentziari azaldu dionez, bainu publikoak iaz baino %50 gehiago ordaintzen du energiagatik. Eraikin berrituetako ekitaldietara bezero gazteak erakartzea espero du alde hori estaltzeko.

Gazteak erakarri

Tokioko ekialdean dago Koganeyo bainu publikoa. 2020. urtean berriro ireki zuen erabateko berritze lanak egin ondoren; gazteak erakartzeko aukera ematen dio horrek. Duela gutxi, larunbat batean, garagardo artisaua edaten eta binilozko diskoak entzuten zituzten gaztez beteta zegoen.

Kohei Ueda 25 urteko langile teknologikoak ordubeteko bidaia egin du lagun batekin Koganeyora joateko. «Sentoak aitona-amonentzat direla iruditzen zait –onartu du–, baina sento hau modernoagoa da. Ez da lehengoak bezalakoa (...) Eroso nago hemen», esan duenez.

Kom-pal lokalean, 36 urte dituen Fumikata Kadoya jabeak bezero kopurua handitzea lortu zuen, datuen analisia egin ondoren. Datuek enpresa erabakiak hartzeko aukera eman zioten, eta horien artean, emakumeen etorrera sustatzeko emakumeak kontratatzea, eta igande goizetan irekitzea izan ziren aholkatutako gakoetako batzuk.

«Sentoak beti izan dira Japoniako kulturaren parte», adierazi dio Kadoyak AFPri eta orain, «bainatzen zaren bitartean dena kutxatila batean uztea ‘desintoxikazio digital’ moduko bat izan daiteke».

«Uste dut hori behar dutela gazteek gaur egun», azpimarratu du.

 

Japoniarrek gurtu egiten dute bainua hartzearen une erlaxagarri hori

Bainua hartzea baino zerbait gehiagoren bila joan daiteke sento baten ateak gurutzatzen dituena. Komunitatearekin kontaktuan egotea, deskonektatzeko esperientzia bat izatea... asmo desberdinak egon daitezke Japoniako tradizioan oso errotuta dagoen ohitura horren atzean. Kultura horren hainbat zertzelada aurkitu dugu Tokioko turismoaren webgune ofizialean. Lehen-lehenik, esperientziaren ahalmen erlaxagarria nabarmentzen dute.

Heian garaikoak (794-1185) dira, baina antza denez, oso ospetsu egin omen ziren beranduago, batez ere Bigarren Mundu Gerraren ostean. Booma izan zuen etxe askotan bainuontzirik ez zegoen sasoi horretan, eta izugarri ugaritu ziren. Hain zuzen ere, 1968. urtean Japonia osoan 18.000 sento baino gehiago zegoen, webguneak zehazten duenez.

Gaurko sentoek, halere, zerikusi gutxi dute antzinakoekin. Anbientazioaz gain, bainu mota ezberdinak eskaintzen dituzte, korronte elektrikodun bainuak, iturburuko ur beltza eta belar bainuak kasu. Sentora joan aurretik jakin beharreko gomendioak eskaintzen dituzte. Eskuoihala ematen badute ere, txiki bat eramatea aholkatzen dute; sento batzuetan xaboia eta xanpua eskaintzen ez dituztela kontuan hartzea, eta barruko arropa garbia eramatea. Aholkua ez da horretan geratzen, bainu mota ezberdinak hartzeko gonbita ere egiten dute.

Kultura japoniarri buruzko zenbait webgunetan bainua hartzeak japoniar bizimoduan duen garrantzia aipatzen dute. «Bainu bat hartzeak oso bestelako zentzua du guretzat Mendebaldekoaren alderatuta, non normalean garbitzea izaten den bere helburu bakarra. Japoniarrok nolabaiteko gurtza egiten diogu bainuaren kulturari, bai etxean, bai bainu publikoetan, bai bainuetxeetan; bainatzea maite dugu. Eguneko une hau, agian, egun osoan har dezakegun erlaxatzeko une bakarra da, non gorputza eta burua garbitzen ditugun, gure arazoez ahazten garen, eta atseden hartzen dugun zorion unea da», dio “Japoniarrak hodeian” webguneak.

Hiru bainu mota ezberdintzen dituzte: ofuroa, etxeko bainua da, baina etxe japoniarretan WCa eta bainua hartzeko lekua (ofuro) bi gela ezberdinetan daude. «Hori horrela da Japonian bainuontzitik kanpo garbitzen garelako eta bertan sartu aurretik, bainuontziaren funtzio bakarra erlaxatzea delako. Hau da, dutxa aldera joan eta garbitu egiten zara taburetean eserita. Behin gorputzeko xaboi eta xanpu guztia ondo garbitu duzunean (dutxarekin edo baldearekin ura botata), prest zaude bainuontzian sartu eta bainu bero bat hartzeko». Nabarmentzen dutenez, bainuan sartu aurretik ezinbestekoa da ondo garbitzea, ura garbi izateko, etxeko kide guztiak ur berarekin bainatzen direlako. Uraren beroa mantentzeko, etxe japoniarretan bainuontziek tapa bat izaten dute. Beste bi bainu motak sentoa eta onsena dira, hau da, ur termal naturalak, eta halako bainuetxeak 2.000 baino gehiago direla zehazten dute.