2021/22 denboraldiaren amaieran Gernika Rugbi Taldeak Ohorezko Maila galdu zuen zelaian. Alabaina, datorren denboraldian gorengo mailan jokatzeko aukera izango du berriro ere, Kirolaren Administrazio Auzitegiak (TAD) arrazoi eman baitzion iraila hasieran talde bizkaitarrak aurkezturiko helegiteari eta, hala, 13 taldez osaturiko iga jokatuko da Ohorezko Mailan, tartean beste euskaldun bat dagoela, Ampo Ordizia.
Gernikak salatu zuenez, Alcobendas taldeak Gavin Gert Van den Berg jokalari hegoafrikarra oker zelairatu zuen iragan denboraldiko zenbait jardunalditan: seigarrenetik hamalaugarrenera. Hori jakinean, Gernikak salaketa jarri zuen, iruzurrezko fitxa horrek kalte egin ziolakoan.
OFIZIALA / OFICIAL
— Gernika Rugby Taldea (@GernikaRT) September 24, 2022
22 / 23 denboraldian OHOREZKO MAILAn LEHIATUKO GARA! Txapelketak 13 talde izango ditu.
Esta temporada 22/23... ¡SOMOS DE DIVISIÓN DE HONOR! Será una liga formada por 13 equipos.#AupaGRT pic.twitter.com/CKXdOCV10D
Gauzak hala, larunbat honetan Gernikak berak jakitera eman duenez, datorren denboraldian Ohorezko Mailan jokatzen jarraituko du. Berez, datorren asteburuan hasiko den Ligarako egutegiaren zozketa eginda zegoen iragan uztailetik, baina astelehen honetan berriro egin beharko da Gernika gehitu behar baitzaio.
Bitartean, igande honetan Ciencias Enerside eta El Salvadorrek denboraldiko lehen titulua izango dute jokoan. Sevillako La Cartuja zelaian 2021-2022ko Kopako finala jokatuko dute bi taldeek. Partida hau, berez, iragan maiatzean edo ekainean jokatzekoa zen, baina aipaturiko Alcobendasen auzia hasi zen. Hauek jokatu behar zuten finala, baina Ciencias Enersidek hartuko du bere tokia.
13.00etan hasiko den partidako epailea Iñigo Atorrasagasti euskalduna izango da.