EH Bilduren zuzendaritzak Maddalen Iriarte donostiarra proposatu du Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai gisa. Iragan asteburuan jakin zen Juan Karlos Izagirre izango dela Donostiako alkatetzarako koalizioaren aukera, eta orain Iriarteren hautagaitzaren berri izan du NAIZek.
Iriarte berak baieztatu du albistea, GARAk bihar argitaratuko duen elkarrizketan (bideoz aurrerapena albiste honetan). «Bikote, bost seme eta familiarekin hitz egin eta gero, baiezkoa eman diot Gipuzkoako EH Bilduk egindako proposamenari. Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaitzara aurkeztuko naiz, gure militantziak erabakirik onena har dezan», adierazi du.
Euskaltzalea, feminista, independentista, bost seme-alabaren ama eta kirolaren maitale, Iriartek lehen ildo politikora egin zuen jauzi 2016an, «ate birakarien» alderantzizko bidaia batean. Ordura arte EiTBn egin zuen bere ibilbide profesionala, bertan hiru hamarkada luze eginda. EiTBra Herri Irratian bost urte egin ostean iritsi zen. Besteak beste, honako saio hauek aurkeztu zituen: Ados, Euskadi Zuzenean, Gaur Egun eta Azpimarra.
Zutabegilea ere izan da hainbat hedabidetan, besteak beste, GARA, ‘Euskaldunon Egunkaria’, ‘Berria’, ‘Noticias de Gipuzkoa’ eta ‘Deia’ egunkarietan.
2012an bere izena hainbat kinielatan azaldu bazen ere, ez zen 2016ra arte iritsi politikaren lehen lerrora egindako saltoa. Gasteizko Parlamenturako hauteskundeetan, hasiera batean, bigarren postuan aurkeztu zuten Gipuzkoan, Arnaldo Otegiren atzetik. Baina Auzitegi Nazionalak azken honen hautagaitza debekatu ostean, zerrendaburu izatera pasa zen. Legealdi horretan EH Bilduren bozeramailea izan zen Gasteizko Parlamentuan eta 2020ko hauteskundeetan koalizio independentistaren lehendakarigaia izan zen.
Orain, 2023ko maiatzeko hauteskunde zitari begira, EH Bilduk 59 urteko donostiarra proposatu du ahaldun nagusirako hautagaitzan.
Gainerako lurraldeetan dagoeneko ezagunak dira maiatzean Hego Euskal Herrian izanen diren foru eta herri hauteskundeetan EH Bilduk aurkeztuko dituen zerrendaburu nagusiak: Iker Casanova (Bizkaia), Laura Aznal (Nafarroa), Eva López de Arroyabe (Araba), María del Río (Bilbo), Joseba Asiron (Iruñea) eta Rocio Vitero (Gasteiz).
EAJ-k oraindik ez du jakitera eman Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaia. Izan ere, Markel Olanok iragarri du ez duela karguan jarraituko, baina momentuz ez dago ordezko ofizialik.