Alessandro Ruta
Elkarrizketa
Alessandro Robecchi
Idazle eta kazetaria

«Melonik bere irudia alda dezake, baina bere benetako oinarria faxista da»

Monterossi sagaren asmatzaileak Italia «demokraziaz mozorrotutako oligarkia bat» bezala definitzen du. Ezkertiarra ezkorra da igandeko hauteskundeei begira: «Azken 11 urteetan Alderdi Demokratikoa 10 urtez gobernuan egon da eta beti agindu duenaren kontra joan da».

Alessandro Robecchi, Italiako kazetari eta idazlea.
Alessandro Robecchi, Italiako kazetari eta idazlea. (Alessandro Ruta)

Idatzi zituen eleberriekin Alessandro Robecchi Italiako detektibe fizkioaren idazlerik ezagunenetako bat bihurtu da. Sortu zuen pertsonaiak, Carlo Monterossik, antzekotasun pixka bat dauka berarekin: telebistarako idazle eta Milanekoa izatea batez ere. Monterossiren saga hainbat hizkuntzatan itzulita dago, gazteleraz ere, eta lehen bi liburuetan oinarrituta telebista serie bat argitaratu zuten, aurtengo otsailan. Azken nobelak orain gutxi ikusi du argia: ‘Una piccola questione di cuore’ (‘Bihotzeko kontu txiki bat’).

Egia esan Robecchik asko eman dio pantaila txikiari. Gaur egun, esate baterako, ‘Fratelli di Crozza’ programa satirikoan ari da, baina iraganean telebista publikoan lan egin zuen ere, denbora luzez. Kazetari ere bada. ‘Il Manifesto’, ‘L'Unità’, ‘Radio Popolare’ eta ‘Il Fatto Quotidiano’ hedabideekin kolaboratu du edo kolaboratzen ari da. Bere asteazkeneko artikulua gehien espero den asteko uneetako bat da.

Ezkertiarra da Robecchi, nabarmen. Apur bat ezkorra ere bai. Gero eta gehiago. Baina bere ahotsa beti termometro bat da, Italiako egoerari dagokionean. Hauteskundeei begira berarekin hitz egin dugu.

Nola ikusten duzu hurrengo botoa? Antza nekatuta daude italarriak, edo etsita.

Abstentzioaren tamainak etsipena neurtuko du. Azken hauteskundeetan asko igo da, baina Legebiltzarra berritu behar denean fenomeno hau moteldu egin ohi da apur bat. Hala ere, jende asko berriz konturatu da irabazleek benetako erabakirik ez dutela hartzen. Gobernu teknikoak edo denak elkarrekin eratutako gobernuak izan ditugulako eta hainbat larrialdi (pandemia, gerra, energiaren prezioak) batu direlako. Gobernuan dagoenak sistema nolabait liberalista eta kapitalista mantendu behar du, merkatuek menderatuta.

Nola dago Italia gaur egun?

Azken 30 urteetan zehar soldatak jaitsi diren Europako leku bakarra da hau. Pobrezia, aldiz, nabarmen igo da. Ez dago klase politikarik eta horrek adibidez langile asko baztertu egin ditu. Hitz gutxitan, demokraziaz mozorrotutako oligarkia bat. Ezin gaitu harritu gero eta jende gutxiagok honetan sinesteak.

Giorgia Meloni da hautagai nagusia. Beldurgarria da edo garaile suertatu ondoren garbituko du bere irudia?

Fratelli d'Italiaren liderra buru-belarri saiatzen ari da bere burua zuritzen. Kontua da, oinarrian, benetako faxista dela. Hobe esanda, Meloni oso bizkorra da eta ez da faxismoari buruzko tranpetan eroriko. Aldi berean bere zaleak irrikitan daude, eskubide zibiliak onartzea kostatzen zaielako. Parte hartu zuen Vox alderdiaren ekitaldian Meloniren benetako nortasuna agertu zen. Azkenik, Italiako burgesiak ez luke beldurrik izango, iraganean bezala, indar faxista bat babesteko.

«Zoritxarrez ezkerra beti agintarien alboan dabil. Edo zuzenean eskuinarekin»

Alderdi Demokratikoak asko bultzatu du faxismoaren kontrako kanpainia..

Baina ADk ezin du bukaeraraino eraman. Imajinatu Melonik erraz irabaziko duela, orduan zer egin dezake? Iraultza bat? Arazoa da eskuinak irabaziko balu, batez besteko hautesle ezkertiarraren bizitza, jakituna eta politikoki zuzena, ez dela asko aldatuko. Eskuineko politika batek ez dit beldurrik ematen, behintzat bizitza baldintzei begira. Aldiz, migratzaileek edota proletarioek sufrituko dute.

Zer da Italiako ezkerra gaur egun?

Klase erdiaren indarra, ‘Legea eta ordena’ leloarekin. Eta argudio hori asko gustatzen zaio klase erdi ultra-moderatuari. Gogoratu behar da azken 11 urteetan Alderdi Demokratikoa 10 urtez gobernuan egon dela, eta beti agindu duenaren kontra joan dela. Adibidez, lan-erreformak. Guztietan langileen soldatak eta eskubideak murriztu dituzte. Horrez gain, ez dute eskuinak egindako legerik aldatu. Zoritxarrez ezkerra beti agintearen alboan dabil. Edo zuzenean eskuinarekin: ez da sekretu bat bi koalizioei guztatuko litzaiekela Konstituzioa aldatzea, Presidentzialismoa bultzatzeko.

«Italiako eskuineko alderdien arteko desberdintasunak nabarmenak dira»

Baina itxuraz ikaragarrizko porrota aurreikusten da Enrico Letta idazkari nagusiarentzat.

Ea zenbatekoa izango den porrota... Azken inkestek aipatu dute sekulakoa izango dela, egia da, baina hori datorren igandean ikusiko da. Gero agian arduraren izenean hitz egingo du, gobernuan tokiren bat mantendu nahian.

Beste koalizioa ere ez dirudi oso batuta dagoenik. Itxura baten, soilik botere nahiak mantentzen ditu elkarrekin.

Ados nago. Italiako eskuineko alderdien arteko desberdintasunak nabarmenak dira. Nabarmenena, agian, hauxe: Meloni nazionalista da eta Salvini autonomista. Hori kontraesan handia da, baina botereak lotura indar izugarria eragiten du. Botereak orokorrean, ez bakarrik Legebiltzarrekoak. Lagun bat Estatuko kargu estrategiko batean izendatu ahal izatea, adibidez. 

Hauteskunde Legeak ere ez du asko laguntzen.

%30-35a lortzen dituenari %60-65ko ordezkaritza ematen zaio. Benetako burugabekeria da.

Bide batez, Matteo Renzi. Carlo Calendarekin koalizioan dago. Lehen ministro ohiak «jan» dezake bikotekidea?

Biak ala biak urrutitik kontrolatutako entitateak dira. Normalean alde eskuindarrean egon beharko lirateke. Renzik diru sarrera gutxi dutenei emandako laguntzak kaltegarriak direla dioenean, aginte ekonomikoek pentsatzen duten zerbait ari da adierazten. Horregatik Azione eta Italia Viva alderdiak Berlusconiren Forza Italiaren botoen bila joaten ari dira, DNA "Il Cavaliere’’aren delako.

Bost Izar Mugimenduak, abstentziotik berreskuratuko ditu botoak?

Nahiko etsigarria izan da 5S-ren ibilbidea azken urteotan. Egin dute gobernua bai Liga Nortekin bai Mario Draghirekin, baina zalantzarik gabe sistemaren kontrako ahots kritiko bat dira, aurreko orekak apurtzeko. Abstentzioari begira uste dut alderdi guztiek boto batzuk berreskuratuko dituztela.

Mario Draghi badoa. Bere Gobernuaren balantze bat?

Pobrezia areagotu eta enpresaburuen alde egin duen Troika moduko bat izan da.

«Hilaren 26an, beharbada, besoak luzatuta ikusiko ditugu, garaipena ospatzen. Oso ikuskizun etsigarria izango da»

Azken asteetan harrigarria izan da TikTok sarean ikusitako lehia, Interneten gazteen botoaren bila. Baina jende gazteari interesatzen al zaio egungo politika hau?

Ez dut uste TikTok-en indartsu izateak arrakasta politikoa suposatuko duenik. Gazteek Berlusconiren bideoak ikusten dituzte, tontoarena egiten duelako eta egia esan oso barregarria delako. Baina hortik botoa ematera... inork ez die gazteei seriotasunez hitz egiten, beren lanetik duin bizi daitekeela esanez, medikuaren semeak ez duela pribilegiorik izango langilearen semearen aurrean, gurasoen aurrezkietatik bestelako ongizatea izango dutela eta abar. Hori inork ez du azpimarratu, talde ezkertiar txiki batek izan ezik. Italiak ikastera edo lanera atzerrira emigratzen duten gazteen ehunekorik handiena du: gaur egun, gazteei «ihes egin Italiatik, salbatu zaitez» esaten ari zaie.

Zer gertatuko da orduan, zure ustez, hilaren 26ko goizean?

Beharbada besoak luzatuta ikusiko ditugu, garaipena ospatzen. Oso ikuskizun etsigarria izango da. Ez dakit, baina uste dut ez dugula ezer onik ikusiko, batez ere klase baxuentzat. Ziur aski jende aberatsa pozik egongo da. Gizartea ez.

Zure programarik ezagunenetako bat "Figu" izan zen, telebista publikoarentzat: Bost minututan, jende ezagun eta balio handikoaren bizitzaren laburpenak. Gaur egun, posiblea izango balitz, noren bizitza laburtuko zenuke, politikarien artean?

Zuk aipatu bezala, balio handiko jendea zen. Erdipurdikotasuna ez da balio bat, ezta xarmangarria ere. Beraz, inork ez luke mereziko.

Monterossik zer egingo luke, datorren igandean? Parte hartuko du? Noren alde izango ote litzake?

Ez dakit, nire pertsonaia demokratiko eta moderatua da, ni Monterossi baino askoz erradikalagoa naiz. Justizia sozialaren aldekoa da, hori bai, baina ez dut uste nahikoa izango denik. Despistatuko litzateke, agian. «Hauteskundeak? A, bai. Jo, baina atzo ziren? Ahaztu egin zitzaidan...»