Arrasateko Amaia Antzokian hastekoa da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren saioa. Azken orduko albistea da Xabier Silveirak ez duela gaur kantatuko eta, beraz, txapelketatik kanpo geratuko dela.
Azken orduan adierazi du Silveirak ezin duela azaldu eta txapelketako arautegia eskuan, txapelketatik kanpo geratu da. Izan ere, 48 ordu baino gehiagoko tartearekin abisatu behar da eta talde antolatzaileak ondo ikusiz gero, beste saioren bateko bertsolariarekin egin daiteke trukea.
Atzoko Getxoko saioan hori gertatu zen Eneko Lazkozekin. Ezin agertua azaldu zuen aipatutako epe horretan eta Alaia Martin aritu zen bere partez.
Silveiraren kasuan, azken ordukoa izan da arazoa, arrazoi pertsonalak aipatu ditu eta gaur bertan adierazi du ezin duela Arrasaten aritu. Xabat Illarregi arituko da bere ordez. Nafarroako sailkapenean bera da hurrengoa eta anaia Joanesekin batera Arrasaten zen goizetik.
Bestalde, Bertsozale Elkarteak gaur bertan adierazi du abenduaren 18an Iruñean izango den finaleko sarrerak agortu egin direla. Harmailakoak eta pistakoak bukatuta zeuden, eta amaitu dira errebotekoak ere. Bete da aforoa, beraz, eta ez da sarrera gehiagorik salgai jarriko. 13.000 lagun espero dira Iruñean.