EHGAM-Nafarroak urriaren 8an Iruñeko Kondestable jauregian antolatu duen ‘Mariburuari ekin bazterretan 2022’ jardunaldia aurkeztu du astelehen honetan. Aurreko bi urteetan ez bezala, aurkezpena Sarasateren monumentuaren aurrean egin dute. Musikari iruindarraren biografietan bisexuala izan zitekeela aipatzen eta eta horregatik «gorazarre eta omenaldia» egin nahi izan diote «cisheteroaraua hausten ausardia erakutsi zuen gizon honi, sexu/genero-disidentzia erakutsi baitzuen hainbat eta hainbatetan».
Kepa Yecoba eta Pako Andreuk azaldu dutenez, jardunaldi honetan hainbat LGTBIQ taldek parte hartuko dute eta bakoitzak bere abiapuntu eta aldarrikapenak ditu. Ildo horretan, LGTBI+ pertsonen premiei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko gune bat sortu nahi dute, «aldarrikapen programa komuna eraikitzeko eta bidaideak izateko».
Hala, jardunaldiaren helburuak dira Nafarroarako lan sare baten aukera aztertzeko lanean ari diren LGTBI+ kolektiboen arteko loturak ezartzea, kolektiboetako pertsonekin aldarrikapen bateratuak adostea, lehentasunen agenda bat ezarriz, eta LGTBIfobia eta horren ondorioz izaten diren erasoak prebenitzeko ekintza bateratuak garatzea.
Agerraldian nabarmendu dutenez, «LGTBI+ pertsonen heterogenotasuna eta haien interesak kontuan hartuta, beharrezkoa da elkarguneak sortzea eta, horrela, LGTBI+ agenda propioa sortzea».
Jardunaldia goizez eta arratsaldez izango da; goizean bi mahai-ingurua egingo dituzte, lehena ‘LGTBIQ agenda baterako ekarpenak eta aldarrikapenak’ izenburupean, Kukuluak, Lumagorri, Ozen, Fenix eta Amatasun Bi-Bolloak taldeekin. Bigarrenean ‘LGTBIQ produkzio eta antolakuntza dinamkiak’ aztertuko dituzte, Bidea Eginez, Errenteriako Mahaia, Marikaroa eta EHGAM-Kotoi taldeekin.
Arratsaldean, berriz, hiru tailer antolatu dituzte: «Punitibismoaren aurkako hausnarketak, gorputz ez heteronormatiboen kontrako indarkeriei heltzeko»; «Drag experience: queer arte eta identitatea», eta «Ene munstroa. Desira maritxuaren itzala».