Iñigo Mijangos Itsas Salbamendu Humanitarioko (SMH) presidentea kezkatuta agertu da Italiako hauteskundeen emaitzen ostean. Izan ere, «Gobernu berriaren osaketarekin, erreskate-ontziek askoz zailagoa izan dezakete bizitzak babestu al izateko».
Ohar batean Mijangosek adierazi duenez, Italiako Anaiak Aita Mari bezalako itsasontzien aurkako kanpaina jarri du martxan, itsasoan egindako lana kriminalizatuz. Gogora ekarri nahi izan du, «lan hori Europako gobernuen betebeharra dela, nazioarteko legedien arabera».
Zentzu honetan, SMHko presidenteak aitortu du azken urteetan GKEen lana ez dela erraza izaten ari: «Oraintxe bertan, Iuventa itsasontziko eskifaiako lau kide 20 urteko espetxe-zigorrari aurre egiten ari dira Italian, pertsonen trafikoa egotzita, 14.000 bizitza baino gehiago salbatu ondoren. Gainera, Sea Watch 3 ontzi alemaniarra blokeatu zuten joan den astean, inolako justifikaziorik gabe».
Elkartea beldur da osatuko den gobernu berriarekin, «ez ote duen portua esleitzeko itxaronaldia handituko edota ez ote dien erreskatatutako pertsonei portura sartzen utziko». Horrek, urratu egingo luke nazioarteko legedia, portu seguru batera heltzeko eskubidea jasotzen duena.
«Azken misioan, bederatzi egun atzeratu zuten portu segurua emateko baimena», salatu du, eta estrategia horrek sufrimendua eragiten duela azpimarratu du. «Ontzietan astebetetik gora oso baldintza zail eta gogorretara behartzen baitzaie» etorkinei.
Azkenik, SMHko presidenteak dei egin die Europako gainerako gobernuei eta, bereziki, espainiarrari. Urrian Aita Mari Mediterraneo erdialdera joango da eta ezinbestekoa da Europako gobernuek bat egitea, erreskate-ontziak babesteko eta haien lana errazteko, «oztopatu eta kriminalizatu beharrean».
«Sor daitezkeen konplikazioen aurrean, espero dugu Espainiako Gobernuaren babesa izatea Aita Mariren bederatzigarren misioan. Misio hori aste gutxi barru izango da, eta pertsona guztien bizitzarako eskubidea defendatzea du helburu», gaineratu du.