Masterseko lehen ligaxkan bikoterik onenak izan ziren Ezkurdia-Mariezkurrenak –jokatutako partida guztiak irabazi dituzte– eta Altuna-Imazek jokatuko dute igande honetan Masterseko finala, nahiz eta horretarako oso bide desberdinak jorratu behar izan dituzten gaur Nafarroa Arenan jokatutako finalerdietan. Orain arteko bideari jarraiki, bikote nafarrak erraz xamar gainditu du Jaka-Zabaletak osatutakoa (22-7) eta Altuna III.a-Imaz, ordea, larri egon dira Irribarria-Albisu 6-11 eta 8-13 aurreratu zaizkienean, baina sufritzen jakin izan dute partida irauli eta igandean berriz Iruñeara itzuli ahal izateko. Zalantzarik gabe, txapelketako bi bikoterik onenen arteko dema izango da biharko finala. Ligaxkan nafarrak 22-20 gailendu ziren Getarian.
Lehenengo finalerdian Ezkurdia eta Mariezkurrenak argi utzi dutela ez direla alperrik udan torneorik gehien irabazi dituzten bi pilotariak eta nagusitasunez irabazi diete Jaka-Zabaletari azken markagailuak iradoki dezakeena baina partida piloteatuago batean. Hori bai, ondo merezitako garaipena eskuratu dute, aurrean zein atzean euren aurkariak baino gehiago izan baitira. Atzelari berriozartarrak eraman gabe utzitako lehen sakean baino ez dira aurretik izan urdinak eta jokoan ere pausu bat atzetik joan dira lehia osoan zehar, gehienean ezinean.
Hori bai partidaren lehen erdian tantoak piloteatuagoak izan dira, hein batean Ezkurdiari ere pixka bat kostatu zaiolako horren oroitzapen onak ekartzen dizkion pilotalekura egokitzea eta baita atzeko lehia horretan, pilota motelago bat kantxan jartzeko modua izan dutenean Zabaletak eutsi egin diolako Jon Mariezkurrenari. Atzelari gazteari ihes egin zion igandean sanmateotako garaipenak, baina gaurkoan berriz ere mailarik onenera itzuli da, pilota ondo gozatu eta, batez ere, apenas alerik galdu gabe.
Partidako alderik handiena, ordea, aurreko koadroetan egon da, Joseba Ezkurdia bere erremateak kalibratuz joan den heinean, azkenerako partida handia jokatuz, Erik Jakak ezin izan duelako, une bakarrean ere, kantxan eroso sentitu. Egia da lizartzarrak errematera sartzeko aukera handiegirik izan ez duela, baina izan dituen apurretan ere tantoa amaitu ezinik aritu da, pilotari neurria hartu ezinda bezala, justu hori denean bere dohainik onena.
Gauzak horrela, partida azkar xamar apurtu da, nahiz eta 7-3koan gainditu duten 300 pilotakaden muga. Bigarren erdia askoz azkarrago joan da, urdinek ere ez dutelako euren garaipenean fede askorik izan.
FITXA TEKNIKOA:
Ezkurdia-Mariezkurrena: 22
Jaka-Zabaleta: 7
Pilotakadak: 568. Iraupena: 53,49 minutu. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-2, 5-22, 5-3, 11-3, 11-4, 13-4, 13-5, 15-5, 15-6, 17-6, 17-7, 22-7. Sakeak: 2 Ezkurdiak eta 1 Jakak. Egindakoak: 10 Ezkurdiak, 1 Mariezkurrenak, 3 Jakak eta 1 Zabaletak. Galdutakoak: 1 Ezkurdiak, 2 Mariezkurrenak, 6 Jakak eta 2 Zabaletak. Gorabeherak: 1500 lagun inguru eta giro polita Nafarroa Arenan gauez jokatu den lehen jaialdian.
Distira askoz gutxiagorekin, baina unerik zailenetan hortzak estutu eta sufritzeko gaitasuna erakutsiz, Altuna III.ak eta Imazek finalerako txartela eskuratu dute, Irribarria-Albisuri 22-15 gailenduta. Bigarren finalerdia lehenengoaren antipodetan egon dela esan genezake, irabazleak amildegitik oso gertu egon baitira markagailuan 6-11 eta 8-13 joan eta gero.
Oraindik ere Irribarria-Albisu euren buruari galdezka arituko dira nola egin ahal izan den ihes horrren bideratua zuten partidak, batez ere partidaren zati horren handian hain nagusi izan eta gero. Izan ere, goierritarrek aurkariek baino askoz hobeto ekin diote partidari, etxetik ekarri duten estrategia bikain kantxaratuz.
Altunari jokoan sartzen ez uztea zuten xede goierritarrek eta lehen erdi horretan goitik behera lortu dute euren helburua. Albisuk partida hasiera bikaina jokatu du, Imaz oso deseroso sentiaraziz eta apenas pilotarik galdu gabe. Iker Irribarriak ere bikain lagundu dio oiartzuarra zigortzen baina baita aukerako pilotetan erremateetan asmatuz, aspaldiko partez gantxoarekin ere asmatuz.
Gainera, Jokin Altunak ere ez du partida hasiera onik izan, momenturen batean egindako tanto bakarrarekin eta galdutako laurekin egon da, baina partidari eusteko gaitasuna erakutsi dute. Amezketarrari esatea gustatzen zaion bezala, partida bakoitzaren barruan partida txiki asko izaten dira eta egoerari buelta ematen jakin izan diote.
Pilota motelago bat kantxaratuta, Imazek kantxan erosoago aritzeko modua topatu du aurkariak gainetik kentzeko gai izan ez direla ikusita, bikote goierritarrari ere presak sartu zaizkio. Eta ordura arte oso behartuta aritu behar izan duen Jokin Altunak erasora pasatzeko aukera askoz garbiagoak izaten hasi da eta hor goitik behera nagusitu dira amezketarra eta oiartzuarra. Aurrelariak 4-7an lau akats batu baditu, partida besterik egin gabe amaitu du eta egindakoetan ere bere ohiko zenbakietara heldu da amaieran, 10 tanto zenbatu baitizkiogu, nahiz eta airez bakarra egiteko gai izan den. 14-2ko partzial batekin, iganderako txartela eskuratu dute.
FITXA TEKNIKOA:
Altuna III.a-Imaz: 22
Irribarria-Albisu: 15
Pilotakadak: 569. Iraupena: 59,45 minutu. Markagailua: 1-0, 1-2, 3-2, 3-6, 4-6, 4-7, 5-7, 5-8, 6-8, 6-11, 8-11, 8-13, 12-13, 12-14, 20-14, 20-15, 22-15. Sakeak: 2 Altuna III.ak eta 1 Irribarriak. Egindakoak: 10 Altuna III.ak, 0 Imazek, 6 Irribarriak eta 1 Albisuk. Galdutakoak: 4 Altuna III.ak, 3 Imazek, 7 Irribarriak eta 3 Albisuk. Gorabeherak: 1500 lagun inguru eta giro polita Nafarroa Arenan gauez jokatu den lehen jaialdian.