Mikel Aginagalde
Elkarrizketa
Usue Sukia eta Aitor Bengoa
Ibarrako Uzturpe ikastolako zuzendaritza taldeko kideak

«Aurtengo leloarekin irribarrearen aldarrikapena egin nahi izan dugu»

Uzturpe ikastolako zuzendari Usue Sukia eta Aitor Bengoa gogotsu agertu dira Ibarran ospatuko den Kilometroak festaren aurretik. Jai eredu berri bat lehen aldiz praktikara eramateak dakarren urduritasunarekin, baina aldi berean egun handi bat izango den itxaropenarekin bizi dute momentua.

Usue Sukia eta Aitor Bengoa.
Usue Sukia eta Aitor Bengoa. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Bi urteko etenaldiaren ondoren, bueltan da Kilometroak jaia. Nola bizi duzue itzulerako momentu hau?

Orain bi ikasturte hartu genuen Kilometroak antolatzeko ardura, baina 2021. urteko edizioa bertan behera geratu zen pandemia zela eta. Denbora horretan ez gara urriko festa soilik antolatzen aritu, baizik eta urte guztiko Kilometroak jaia prestatu dugu. Une hau, beraz, ez dugu itzulera moduan bizi; izan ere, pandemiaren erdi-erdian hasiak ginen ekitaldiaren antolakuntzan. Horregatik diogu itzulera baino gehiago jarraipena izan dela gu guztiontzat.

Nolakoa izan da eskola komunitatea osatzen duzuenon inplikazioa, antolaketari dagokionez?

Berrikuntzetako bat izan da, hain justu, auzolan batzorde bat sortu zela hasiera-hasieratik. Egia da, hala ere, zailtasun batzuk izan ditugula eredu berria ezagutzera emateko orduan; esan bezala, guk geuk ere ez genekielako oso ondo eredu berri hori zehazki zer zen. Hori dela eta, uste dugu jende asko bukaerara arte zain egon dela pentsatuz, garai batean bezala, Kilometroak festa igande handi batean soilik ospatuko zela. Beste pertsona asko, ordea, lehen unetik gure alboan egon dira lan eta lan. Urte guztian egin dugun ekitaldi mordoa ikusi besterik ez dago jabetzeko horren atzean zein lan handia egin den, eta zenbat guraso eta langile batzorde sortu diren festa antolatzeko.

Zergatik uste duzue dela garrantzitsua Kilometroak bezalako festa bat antolatzea?
Gure ikuspegitik eta gure komunitateari begira, oso aberatsa da halako jaia antolatzea. Ospatu ditugun ekitaldi anitzetan ikasle eta gurasoekin gure egunerokotasunean egiten ez ditugun makina bat gauza egiteko aukera izan dugu; beraz, komunitatea indartzeari begira izugarrizko garrantzia dauka. Horregatik bakarrik merezi du horrelako ekitaldi bat antolatzea.
Horrez gain, Kilometroak festaren ardura hartu genuenean pentsatu genuen aukera polita zela gure ikastola ezagutzen ez zuten herritar horiengana iristeko, eta gure ikastolaren berri izateko gure mugetatik kanpo.
Bestalde, helburu ekonomikoa ere aipatu beharra dago; izan ere, zenbait gauza aurrera ateratzeko horrelako jaiak ezinbestekoak dira. Gure kasuan, gainera, Kilometroak antolatzeko erabakia egoera ekonomiko nahiko larrian hartu genuen, gure eraikinean obra bat egin behar genuenean, alegia. Hala, igandeko ekitalditik ateratako etekinen zati handi bat berrikuntza behar duten guneetara bideratuko dugu.

Aurtengo leloarekin zer adierazi edo helarazi nahi izan duzue?
Pandemia bete-betean murgilduta ginenean sortutako leloa izan zela izan behar dugu kontuan. Ez dugu ahaztu behar, halaber, zenbat denboran zehar egon ginen irribarrea tapatuta. Guk jendearen irribarreak ikusi nahi ditugu. Beraz, aurtengo leloarekin irribarrearen aldarrikapena egin nahi izan dugu. Zorionez, orain artean egin ditugun makina bat ekitalditan irribarre anitz ikusteko aukera izan dugu.
Gure artean komunikatzeko tresna da irribarrea; harremanak sortzean daukagun jarrera, alegia. Alderdi horri eman nahi izan diogu garrantzia Ibarra eta irribarrearen arteko hitz-jolasaren bitartez, eta egia esan oso pozik gaude emaitzarekin. Logoan ere agertzen da nabarmen irria, eta irri hori lurra izango litzateke. Bertatik landare bat ernetzen ikus dezakegu. Ibarra baratze herria da, eta gastronomia du balio nagusienetakoa. Horri guztiari keinu bat egin nahi izan diogu, nola ez.

Igandeko jaiak ba al du besteen gainetik aipatzea merezi duen ekitaldirik?
Asko izango dira egun osoan zehar ospatuko diren ekitaldiak. Besteak beste, musika ibilbide bat egongo da festa eremuan zehar eta jendearen parte hartzea bultzatzea xede duten tailerrak ere egongo dira. Haurrek, gainera, ondo pasatzeko ekintza mordoa izango dute eta gastronomiari ere protagonismo berezia emango zaio, gune ugaritan jaki goxoak dastatzeko aukera egongo delarik. Aipatu beharra daukagu, bestalde, ekitaldi berezi bat izango dela eguerdiko hamabietan. Kilometroak jaiaren parte garen guztiok batera eta aldi berean Mikel Laboaren “Txoria txori” kantua abestuko dugu.

Hala ere, esan beharra dago aldaketa nagusia festaren formatuan izango dela. Izan ere, aurten ez da zirkuitu edo ibilbiderik egongo, eta guneetan zentratuko gara. Bestetik, eskuorrietan ere aldaketa nabarmena izan dugu oraingoan. Lehen egiten ziren eskuorrietan guneak eta ordutegiak gurutzatu egiten ziren eta oso argi zegoen zer-non zegoen une oro. Arazoa zen ezaugarri bereko guneak sortzen zirela: familientzako gunea, kontzertuen gunea, eta abar. Modu horretan jendeak bere gunea aurkitu eta bertan pasatzen zuen eguna, eta ez zuen Kilometroak jaia bere osotasunean bizitzen.

Aurtengo edizioko eskuorriak, aldiz, hasiera batean nahiko nahasia eta korapilatsua dirudien arren, intentzio hori bera dauka, hau da, jendea galduta sentitzea nahi dugu, beti zentzurik onenean. Alegia, nahi duguna da igandean jendea batetik bestera ibiltzea, mugimenduan, ikuskizun ezberdinak ikusten eta gozatzen.

Zeintzuk dira oro har Ikastolen Elkartearen, eta zehatzago, Uzturpe ikastolaren erronka nagusiak epe ertain-luzera begira?
Aurretik erronka asko ditugu, zalantzarik gabe. Horietako bat da arestian aipatu dugun berrikuntza; alegia, zentzu guztietan berritzen jarraitzea. Pedagogiari dagokionez, berriz, gure erronka da ikaslea erdigunean jartzea, eta haren bidelagun izatea ikas prozesu guztian zehar. Kulturartekotasuna sustatzea litzateke gure beste erronka bat, kasu honetan pertsonak erdigunean jarriz. Ibarran aniztasun handia dago gaur egun alor horretan eta gu errealitate horri ahalik eta erantzunik onena ematen eta ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzen saiatzen gara.

Zein da Ibarran eta Tolosaldean euskararen egoera gaur egun?
Tolosaldeak egindako azken neurketek esaten digute kalean egiten den euskararen erabilerak gora egin duela. Gure eskolari dagokionez, azken urteotan errealitatea asko aldatu dela esan behar dugu; izan ere, aniztasun handia dago eta hizkuntza berri asko sartu dira. Uste dugu euskara indartu egin behar dugula eta ikasleei gure hizkuntza maitatzen irakatsi. Bestalde, ikusten dugu euskara erabiltzeko exijentzian erlaxatu egin garela eskola komunitatea osatzen dugunok, eta horrek, nola ez, kalte egin dio eskolan egiten den euskararen erabilerari.

Zer dei luzatu nahi diezue Ibarran egingo den festara gerturatzeko asmoa dutenei?
Etor daitezela Ibarrara, gune ezberdinetan ibil daitezela, gozatu dezatela batetik bestera mugituz eta eskainiko diren ekitaldietan parte hartuz. Jendeak parte hartzea nahi dugu, eta jendeak jaia bizitzea ere bai. Ez utzi inork konta diezazula; etorri eta bizi.