Ezkurdia-Mariezkurrena II.a eta Altuna III.a-Imaz bikoteak uda denboraldiko azken garaikurra bereganatzen saiatuko dira gaur arratsaldean Nafarroa Arenako pilotalekuan jokatuko den Caixabank Masterseko finalean (18.00, etb1). Ostiral gaueko finalerdietan bezalaxe, sarrera polita espero da gaurkoan ere, udako torneoei behar bezalako agurra emateko.
Faborito moduan Joseba Ezkurdia eta Jon Mariezkurrena irtengo dira. Ostiral gaueko finalerdian aise menderatu zituzten Jaka eta Zabaleta (22-7), aurtengo udan erakutsi duten nagusitasuna berretsiz. Berriozarreko atzelaria izan da seguruenik udako pilotari onena, eta ostiral gauean ere ez zion inolako aukerarik eman azken urteetan jaun eta jabe izaten ari zen Jose Javier Zabaletari.
Zenbakiek ere horixe erakusten dute. Jon Mariezkurrenak bost final jokatu ditu aurtengo udako torneoetan –Iruñea, Bilbo, Donostia, Logroño eta Bizkaia Torneokoa– eta lau irabazi ditu, bakarra galduz –Logroñokoa–. Gaurkoa seigarren finala du, irabaziz gero bosgarren garaipena litzateke, eta galduta ere inork ezin izango dio torneo gehien irabazi izanaren ohorea kendu.
Aurreko koadroei dagokienez, Ezkurdia izan da emaitza onenak lortu dituena: hiru final –Gasteiz, Donostia eta Lau eta Erdiko San Fermin Torneoa– eta hirurak irabaziak. Ostiral gaueko finalerdian ederki baliatu zituen Mariezkurrenak irekitako zuloak errematean luzitzeko. Lasok eta Altunak udan izan dituzten arazo fisikoek aukera eman diote beste behin bi izar handiengandik oso hurbil dagoela erakusteko.
Hain zuzen ere, izar horietako bat izango du gaur aurkari: Jokin Altuna. Amezketako aurrelariak oso bikote sendoa osatzen du Ander Imazekin, finalerdietan argi ikusi zenez. Irribarria eta Albisu indartsu hasi ziren, markagailuan 6-11 aurreratuz, baina ez ziren erritmoari eta gogortasunari eusteko gai izan eta azkenean 22-15 gailendu ziren Altuna eta Imaz.
Eta pronostikoak kontra eduki arren, argi Altunarekin: aurreko asteburuan Martijarekin San Mateo Torneoa irabaztetik dator, badirudi arazo fisikoak ahaztu dituela jada, eta Lau eta Erdiko Txapelketa hastear den honetan ziur amezketarra bere maila onenera hurbiltzen ari dela.