Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Ezer ez da betiko

Dolua gogorra da baina behin igarota, ur hotzetan bainua hartu ostean bezala sentitzen zara, indarberrituta, aske. 

Aurrekoan kontatu zidaten iloba txikiak negar egin zuela konturatzean noizbait gurasoak hil egingo direla. Barre egin genuen denok sortu zigun xamurtasunagatik, baina nire barnean nik ere halako ziztada bat sentitu nuen, bere erreakzioak nigan zerbait piztu izan balu bezala. Heriotza bizitzaren parte dela badakigu, baina jakingo ez bagenu bezala bizi gara normalean. Oskar Gaztelu idazlea aritzen da gai honen inguruan bere azken liburuan, tabua denari tapakia kendu nahian. Heriotzak mina ematen du; ez hiltzen denari –edo agian bai, hori ezin dugu jakin–, doluan geratzen denari baizik. Denok pasatu behar gara hortik ezinbestean, hortaz, ez dakit zergatik ez dugun horri buruz hitz egiten, gure sentimenduez, gure heriotzaren ostean zer nahi dugun egitea, hiltzea jaiotzea bezain naturala baita.

Pandemiak besarkada asko eman gabe utzi zituen, beso huts asko. Nik neuk abuela galdu nuen ekaitz horren unerik latzenean, bera agurtu ezinik. Bere esku zimurtuak azken aldiz laztandu nahi nituen, eta horiek bizitza zekarren nire sabelaren gainean jarri. Bi urte pasatu behar izan dira familia elkartu eta berari agurra maitasunez eman ahal izan diogun arte. Malko batzuk irristatu ziren gure masailetatik behera, baina inoiz ahaztuko ez dugun egun ederra izan zen. Naturan ondo pasatu genuen, barre egin genuen, goxo jan genuen eta abuela eta abuelo-ren istorioak kontatu genituen. Egun horretan biek bat egin zuten eta guk bihotzean ondo sartuta genuen arantza kendu ahal izan genuen. Dolua gogorra da baina behin igarota, ur hotzetan bainua hartu ostean bezala sentitzen zara, indarberrituta, aske.

Esan ohi da ur gaziak dena sendatzen duela: itsasoak, izerdiak eta malkoek. Negar egitean zauriak garbitu eta sendatu egiten dira, baina orbanak hor gelditzen dira eta gogorarazten digute, gure eguna iritsi bitartean, bizitzea premiazkoa dela. Biharamunean zerbaitetaz damutu behar bagara, ez dadila izan egin ez genuenagatik. Ezer ez da betiko, bizitza osorako dena ere ez, beraz, egin nahi duzun hori egiteko irrikarekin geldituko al zara?