Ez ohiko debuta izango da larunbat honetan Tolosan emango dena, alde batetik jauzia eman behar duen pilotariak, Hodei Expositok, 23 urteak beteak dituelako –gaur egun dezente gazteago ematen baitiete enpresek aukera hasiberriei– eta bestetik, debutera egokitutako estelar bat baino, txapelketako partida izango baitu astigartar gazteak aurreneko lehia hori. Gaur Bilbon egindako zozketaren ostean, bere adin bera izanagatik profesionaletan honezkero lau urte eginak dituen Jon Alberdi azpeitiarra izango su lehen aurkaria, Promozio mailako Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkan.
«Ez da oso ohikoa adin honekin debutatzea, baina justu aurretik pandemia izan zen, egoera zaila izan da eta orain Aspek aukera bat eman dit eta aprobetxatzen saiatuko gara», azaldu du aurrelariak Euskadi Irratian. Denbora bat badarama aurrelari indartsuak Asperen teknikarien esanetara lanean, Juantxo Koka profesional ohia ere aldamenean izan du azken hilabete luzeetan, eta hasiera batean enpresaren intentzioa debuta urte amaieran egiteko bazen ere, duela bi aste inguru Fernando Vidarteren deia jaso zuen ea Promozioko honetan aritu nahi zuen galdezka eta, noski, baiezkoa eman zuen, gehiegi pentsatu gabe.
Afizionatuetan egindako urte mordoxka honetan, bere eskuinean duen indarragatik izan da ezaguna Hodei Exposito, pilotari esplosiboa da oso, baina azkenaldian errematean eta defentsan aurrera pausu bat emanda dator profesionaletara Astigarragako lehen eskuzko pilotari profesionala izango denak.
Printzipioz, «presio handirik gabe» hartzen du promozio mailako kaiola honetan parte hartzea, galtzekorik ezer ez duela uste baitu. Hori bai larunbatean urduritasuna izango duela espero du, baina lagunak ondoan izango omen dit lehen aldi horretan. Plana konpletoa dute gainera ingurukoek, goizean bi lagunek aizkora apustu bat egingo dute elkarren aurka eta sagardotegi batean hartuko dituzte gero indarrak arratsaldean Beotibarrera joan aurretik.
Bakaikoa hirugarrenaren bila
Expositoz gain, beste zazpi pilotarik –enpresako launa– hartuko dute parte ostiralean Villabonan eta Atarrabian hasiko den Promozioko Lau eta erdikoan. Iaz bezala, final laurdenetan ekingo dio lehiari, bi multzotan banatutako ligaxka batean. A taldea Salaberriak, Larrazabalek, Zubizarretak eta Egiguren V.ak osatuko dute eta Bakaikoa, Zabala, Alberdi eta Exposito arituko dira B multzoan. Talde bakoitzeko bi onenek finalerdietarako txartela eskuratuko dute eta finala azaroaren 12rako dago iragarria Labriten. 2018an eta iaz txapela jantzita, hirugarrenaren bila ekingo dio Joanes Bakaikoak, nahiz eta aurten ezin izan duen lehen mailakoan aritu, Asier Agirreren aurka atarikoan galdu ostean.