NAIZ

Martxel Iztueta 18 urteko atzelari tolosarrak Baiko enpresarekin egingo du debuta azaroan

Azken hilabeteetan afizionatu mailan nabarmendu ondoren, 18 urteko gipuzkoar gazteak bi urterako sinatu du eta Baiko Pilotaren koadroa osatuko du.

Martxel Iztueta «oso pozik» agertu da Baikorekin fitxatzeagatik.
Martxel Iztueta «oso pozik» agertu da Baikorekin fitxatzeagatik. (BAIKO PILOTA)

Gaur egun pilota munduan dauden bi enpresa garrantzitsuenek, Aspek eta Baikok, beren koadroak osatzen jarraitzen dute. Duela aste bete eskas, Aspek Hodei Exposito aurrelariaren debutaren berri eman zuen, eta asteazken honetan Baiko izan da albistea eman duena.

Kasu honetan Martxel Iztuetaren berri eman du. 18 urteko atzelari tolosarrak bi urterako kontratua sinatu du Bilboko enpresarekin eta datorren azaroan egingo du debuta.

Tolosa Aurrera Pilota Elkartean hezitako pilotaria da Iztueta, eta afizionatuetako azken hilabeteetan, hainbat txapelketa garrantzitsu irabazi ditu, hala nola Lezamako Torneoa, GRAVNI Torneoa eta Mallabiko Biharko Izarrak Torneoa.

Aimar Olaizola Baikoko kirol arduradunak atzelariari buruz duen iritzia argia da. «Azkeneko urtebete honetan afizionatu mailan gorakada handiena egi duen pilotaria da. Momentu honetan afizionatuetan atzelaririk hoberena, nahiz eta oraindik oso gaztea izan. Normala denez, oraindik marjen handia du, baina oso atzelari konpletoa da, bi esku on ditu, klase handiko pilotaria da, ikusteko oso gustagarria, oso sueltoa, kantxan oso ongi dabilena. Zorte pixka bat baldin badu, eta orain bezala lanean jarraitzen badu, nire ustez atzelari handi bat izan daiteke», azpimarratu du.

Bestalde, Iztueta «oso pozik» agertu da Baikorekin debuta egiteagatik. «Oso eskertuta nago enpresak emandako aukerarekin eta espero dut dena ondo joatea. Hasteko gogoekin gaude», gaineratu du tolosarrak.