Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Iñaki Artola
Baikoko aurrelaria

«Buruz buru eta binaka eman dudan urrats hori kaiolan ere eman nahi nuke»

Final-laurdenak izan dira orain arte alegiarraren langa Lau eta Erdian. Iaz Elordik lehen kanporaketan bota zuen, baina kaiolan ere maila hobea eman dezakeela sinistuta ekingo dio Iñaki Artolak (Alegia, 1994) aurtengo txapelketari. Danel Elezkano izango du lehen aurkaria, bihar gauean, Villabonan.

Iñaki Artola.
Iñaki Artola. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

San Fermin Torneoan lehiatu zen Unai Laso ordezkatuz –lesio baten ondotik– eta txapela jantzi zuen Mariezkurrena II.arekin batera. Uda horrela hasteak «poz handia» eman ziola onartu dio NAIZi, nahiz eta gero apur bat itzalpean aritu den.

Ze esperantzarekin edo sasoitan heldu zara kaiolara?

Bueno, gaizki iristen naizenik ez nuke esango, egindako udarekin nahiko konforme, entrenamendu pare bat egiteko aukera ere izan dut. Gainera, lehen partida etxe ondoan tokatu zait, Villabonan, eta, beste egunen batean bertan entrenatzeko aukera ere izango dudanez, aitzakiarik gabe eta gogoz esango nuke.

Etxe ondoan jokatze hori zer da, onerako edo kalterako?

Ez diot buelta handirik eman; aukeran, igual onerako dela esango nuke. Ikusi egin beharko da. Frontoia berezi samarra da, ez da beti ohituta gauden handi hauek bezalakoa, eta ondo etorriko zaigu entrenamenduren bat bertan egitea. Etxe ondoan izateak daukana da beti beste giro bat sortzen dela, ingurukoentzat ere beste festa giro bat, eta horrek ere balio du, ederra da.

Udaren ze balantze egin duzu? Iruñean espero ez zenuen torneo bat jokatu zenuen eta irabazi. Gero, ordea, ez duzu ia aukerarik izan estelarretan.

Torneoetan-eta aritzea zail samarra izango nuela pentsatzen nuen. Iruñekoa jokatzeko aukera sortu zitzaidan Lasoren lesioarengatik, eta oso ondo irten zitzaigun. Halako torneo garrantzitsu bat irabazita hasi nuen uda eta, egia esan, poz handia hartu nuen, nire ibilbide profesionalean hartu izango nuen pozik handienetako bat bai, sanferminetako torneoa irabazi genuenean. Eta geroztik, emaitza aldetik, esango nuke ez ditudala partida asko errenkadan irabazi baina, aldi berean, jokoz ez naiz gaizki sentitu. Azken partidetan-eta sentsazio nahiko onak izaten ari naiz, eta horrekin geratzen naiz.

«Iruñeko torneoa zail ikusten nuen jokatzea eta jokatu ahal izan dut, eta dena perfektu irten zen. Erretiratzen naizenean, egunen batean, seguru hortxe geratuko zaidala oroitzapen polit hori»

Espero zenuen beste torneoren baterako deitzea?

Ez, torneo oso gutxi izan dira. Mastersak toki asko hartu du udan, eta ez diot buelta askorik eman, egia esan; gero eta gutxiago ematen diet halako gauzei. Baina, bai, pentsatzen nuen torneoren bat agian Donostian joka nezakeela, lehentasuna izaten baitugu gipuzkoarrak garenok. Baina Iruñekoa jokatzea zail ikusten nuen. Hala ere, jokatu ahal izan nuen eta dena perfektu irten zen; erretiratzen naizenean, egunen batean, seguru hortxe geratuko zaidala oroitzapen polit hori.

Helbururik baduzu Lau eta Erdiko honetan? Lehen partida hori agian?

Ez dakit, ez diot horri ere buelta handirik ematen; ahal dudan ondoen iritsi. Gogoa dut gauzak ondo egiteko, nirea ondo egiteko. Igual esan dut noizbait ere, agian binaka eta buruz buru eman dudan saltotxoa iruditzen zait oraindik Lau eta Erdian eman dezakedala. Oraindik sentitzen dut hobetu dezakedala edo nire onena emateko izan dezakedala kaiolan, eta helburua horixe izango da: nire jokorik onena ematea. Ederra litzateke lehen partida hau aurrera ateratzea; saria handia da, gero beste hiru ziurtatuta nituzkeelako. Hori da helburua, eta kito, gero gerokoak.

Zozketan denak ziren aurkari zailak, baina ez dakit zorte handirik izan duzun Elezkanorekin.

Bai? Hala iruditzen al zaizu? Ez dakit. Denak dira zailak, eta gero, gainera, maila honetan izenak gauza bat dira, baina asko esan nahi du bakoitzaren momentuko sasoiak. Denak izen handiak ziren, ez zegoen «komodinik», nolabait esateko. Edo gaizki esanda, izaten dira urteak atzelariren bat tokatzen dela tartean, edo errazagoa eman dezakeen norbait, baina aurten denak Lau eta Erdian espezialistak dira. Eta Danel halakoxea da, aurkari gogorra, behin ere ezer oparitzen ez duen horietakoa, pilotari oso azkarra, listoa; baina beste bat izan bazen ere, halakoa izango zen. Beraz, gurea egitera irten behar dugu, hala eginda, besteei ere kostako baitzaie guri irabaztea, eta hori pentsatuz irtengo gara.

Aurreregi begiratzen hastea da, beharbada, baina Lau eta Erdiko on bat egitea garrantzitsua izan daiteke zuretzat, Binakakoari begira.

Bai, urteak daramatzat nik Binakakoa jokatuko dudan edo ez zalantza izaten azken egunera arte, eta beti izaten dugu buruan Lau eta Erdikoak sari hori ere izan dezakeela, kaiolako on bat eginez gero puntuak irabazten dituzulako. Baina zer esango dizut? Gero gauzek buelta asko ematen dituzte. Azken batean, nik uste dut gehiegi pentsatzea ere badela eta, lehen esan dizudan bezala, oraintxe buruan dudana da nire onena ematera irtetea, disfrutatzea ahal bada, eta nire jokoan urrats hori egitea, sentitzen dudalako Lau eta Erdian oraindik egin dezakedala. Hori emango banu, konforme.