Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Nafarroako Erdialdean euskaraz ereiten jarraitzeko Oinez egingo dute Tafallan hilaren 16an

Tafallan ospatuko dute hilaren 16an Nafarroa Oinez, Erdialdean euskara sustatzen jarraitzeko helburuarekin. Duela 50 urte hasi zuen Garces de los Fayos ikastolak bere ibilbidea zazpi familien bultzadarekin. Egun, 318 ikasle daude, Tafallakoak eta inguruko herrietakoak.

Xabier Salvo (jarduerak batzordea), Paula Arregi (Garces de los Fayos ikastolako zuzendaria), Josu Reparaz (NIEko zuzendari) eta Irati Esparza (segurtasun batzordekoa).
Xabier Salvo (jarduerak batzordea), Paula Arregi (Garces de los Fayos ikastolako zuzendaria), Josu Reparaz (NIEko zuzendari) eta Irati Esparza (segurtasun batzordekoa). (NAFARROAKO IKASTOLEN ELKARTEA)

«Ikastola txikia da gurea, apala. Urtebetez ari gara lanean», azaldu du Paula Arregik, hilaren 16an Nafarroa Oinez hartuko duen Tafallako Garces de los Fayos ikastolako zuzendariak. Nabarmendu duenez, ikastola duela 50 urte jaio zenetik auzolana izan da ezaugarri nagusietako. Gauzak horrela, ez dute inbertsio handiei aurre egin beharrik, baina bai zor zaharrei. «Gure ibilbidean traba legalak eta administratiboak izan ditugu eta horiei aurre egin izan diegu. Orain traba ekonomikoak ditugu», adierazi du ostegun honetan Iruñean egin duten aurkezpenean.

Duela 50 urte, zazpi familien bultzadari esker hasi zuen bere martxa Tafallako ikastolak. Gaur, 233 familia, 35 langile eta 318 ikasle daude. Tafallakoak bertakoak eta inguruko herrietakoak. Amatriain, Amunarrizketa, Artaxoa, Artariain, Barasoain, Beire, Garinoain, Iratxeta, Larraga, Miranda-Arga, Erriberri, Puiu eta Martin-Unxeko ikasleak daude ere Tafallako ikastolan. Bost hamarkada hauetan 644 ikasle ohik amaitu dituzte ikasketak Garces de los Fayos ikastolan.

Aurtengoa, Tafallan Oinez antolatzen duten laugarren aldia izango da. Aurretik, 1986an, 1997an eta 2011n ere ospatu baitzen herrian bertan. Hilaren 16a, igandea, izango da egun nagusia, baina larunbatean ere ekitaldiak izango dira Oinez festa asteburu osora zabalduz. Taloak, artisauak, erraldoiak, kontzertuak, ipuin kontalariak, haurrentzako jolasak eta abar izango da. Hori bai, larunbtean 21.00etan bukatuko dira ekitaldiak hurrengo egunari indarrez heltzeko, Xabier Salvo jardueren batzordeko buruak nabarmendu duenez.

Bi kilometroko ibilbidea

Igandean bi kilometroko ibilbidea prestatu dute, Tafallako hirugunearen baitan. Kondearen parkea, Ereta edo Kirol Hiria bezalako lekuetatik pasako da eta lau eremu izango ditu, Sustrai, Zuhaitz, Hazi eta Kimu izenekoak. Naturarekin lotura zuzena dute, ‘Erdian Erein’ aurtengo leloak bezala. Laugarren eremua izan ezik, mugikortasun urriko pertsonentzako egokituta dago ibilbidea.

«Oinezen ibilbide guztia egun dugu batzuek. Txiki bezala hasi ginen, gero gazte gisa joan ginen eta orain gurasoak gara», gaineratu du Salvok, hilaren 16an guztientzako ekitaldiak antolatu dituztela azpimarratzeko. «Hori bai, arreta txikiengan jarri dugu, guzti hau txikientzako egiten baitugu», gaineratu du. Gauzak horrela, Haurren Hiria izango dute bigarren gunean.

Musikari dagokionez, Patxi eta Konpainia, The Trikiteens, Go!azen, Xutik, La Mala Pekora, DJ Bull, Txutxin Ibañez & Garibaldi Band, Ache pa ti, Julivert, Skabidean, Rottem XIII eta Trikidantz taldeak, besteak beste, arituko dira.

Honekin batera, Nafarroa osoko ikastoletako ikasleek Erronka izeneko ekimenean hartuko dute parte. Kirol- eta trebetasun-probak izango dituzte gune guztietan goiz osoan zehar.

Hondakinak murriztea

Hondakin plastikoak murrizteko asmoarekin, sare publikoaren uraren kontsumoaren aldeko apustua egin du Oinezek. Horretarako, ibilbidean zehar edateko ur-guneak jarriko dira eta lehendik daudenak seinaleztatuko dira.

Ildo berean, partehartzaileei edalontzi berrerabilgarriak etxetik eramateko eskatu zaie. Hala ere, festagunean ere salduko dira. Hemendik ateratze den dirua Oinez Basoa proiektura bideratuko da. Cascarruejos aintziran hegaztien behatokia eraikitzeko erabiliko da.

Trena eta aparkalekuak

Tafallara heltzeko garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute antolatzaileek. Segurtasun batzordeko kide Irati Esparzak azaldu duenez, Renfek tren bereziak prestatu ditu Iruñetik Tafallara joateko eta itzultzeko ere. Iruñetik 10.05ean, 11.00etan eta 11.55ean abiatuko dira eta Tafallatik 17.07ean, 18.35ean eta 20.50ean.

Autokarabanentzako aparkalekuak ere prestatuko dituzte, jende ugarik asteburu oso plana egiten duela kontuan hartuta.

Kotxez AP-15etik joaten direnei Hego Tafallako irteera erabiltzea gomendatzen dute aparkalekuetara heltzeko errazago izango delako. Hiriko sarrera bakoitzean aparkalekuak antolatuko dira. Adibidez, Lizarratik, Artaxoatik edo Miranda-Argatik datozenak bat izango dute eta Zangoza edo San Martin-Unxetik etortzen direnentzako ere beste bat izango da.

Berrikuntza gisa, app bat prestatu dute antolatzaileek Oinezen informazio praktikoa plazaratzeko. Datozen egunotan martxan jarriko dute. Eta teknologia berriekin jarraituz, Bizumen bidez aportazioak egin ahal izango dira 03259 identifikatzailea erabiliz.