Garazi Castaño
Elkarrizketa

«Estualdietan aurrera egiteko ariketa asko egin ditut eta emaitza eman dute»

Pozik eta lasai dago Haritz Mugika Gasteizko bertso saioan egindako lanarekin. Merezitako atsedena hartu eta Donibane Garaziko saiora begira jarria da «ariketa berriak prestatzen», bertan zain izanen du Amets Arzallus. KulturHarian izan da balorazioa egiten.

Audio_placeholder

«Estualdietan aurrera egiteko ariketa asko egin ditut eta emaitza eman dute»

Loading player...
Haritz Mugika, Gasteizko saioan
Haritz Mugika, Gasteizko saioan (Raul Bogajo | Foku)

Zorionak Haritz, zer moduz Gasteizko biharamuna?

Eskerrik asko. Egia esan ondo, pozik sentitzen naiz.  Egun  pare bat nekatuta ere pasa ditut baina badirudi errekuperatu naizela eta orain, ba,  gelditzen zait poz apur bat eta berriz lanean hasteko motibazioa.

Nola sentitu zinen Gasteizen oholtza gainean?

Saioren aurretik eta baita saioan ere, eroso sentitu nintzen. Neurriko tentsioarekin esango nuke eta tentsio horrek,  gainera,  zentratuta egoten lagundu zidala uste dut. Baina ez nuen bizi izan aparteko urduritasunez eta nik uste dut, egoteko modu horrekin, egiteko modua egoki izatera eraman ninduela.

Batzuetan, tripek abisatzen gaituzte datorrenaz, sorpresa izan zen zure izena aditzea?

Ba egia esan oholtzan saioa ez da oso garbi ikusten eta entzuten, ez zaude denbora  guztian adi besteen bertsoaldiak entzuten.  Horregatik, sailkapenaren berri izatea ez da erreza izaten. Egia da, sentitzen nuela meritu nahikoa egiten ari nintzela hurrengo fasean kantatu ahal izateko, eta ganbarara joaterakoan, aipatu zidaten ondo ari nintzela eta eusteko maila horri. Gero, beti da sorpresa irabaztea, baina behar bada bai, behin ganbarko lana amaitzean nire barruan barruan, bigarren saio batean kantatzeko aukera banuela sentitzen nuen.


Zure lehenengo Txapelketa Nagusia da. Zein helburu jarri diozu zure buruari?

Bueno, Gipuzkoako Txapelketan ez nuen lortu Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko txartela eta hainbat pertsonek uko egitearen  ondorioz jaso nuen aukera. Alde horretatik, ilusioz. Baina nik argi neukan txapelketa  arduraz hartu beharreko zerbait dela, mikrofonoa aho parean jartzen digutenero egin behar den bezala, eta zer esanik ez Euskal Herriko Txapelketa Nagusian. Udan, nahiko ondo prestatu naizela uste dut, hala dirudi behintzat orain artekoa ikusita. Nire helburua zen, nire buruarekin lasai agertzea eta saioa amaitu  ostean ez esatea behintzat: gehiago prestatu banintz...gehiago prestatu izan banu…. Saio honetara ere lasai nindoan, nire ustez Txapelketa eta publikoak merezi duen errespetuarekin eta ardurarekin prestatu nuelako.  Gero, nahi izaten dugu, ahal dela, saio bat baino bi izatea, eta egindako lan hori eta kantatu nahi duzun hori kantatzeko aukera  izatea. Alde horretatik oso pozik nago, Lehenengo saioak, bigarrena ekarri du, eta posible litzateke bigarrenak hirugarrenera eramatera ere. Baina gure esku dagoena oholtzan egiten duguna da.  Gero hortik kanpo dauden puntuazio eta sailkatzeak ez daude gure esku.

Gasteizko irabazle suertatu zinen eta final aurrekotarako txartela eraman zenuen, Donibanen Garazin kantatuko duzu. Amets Arzallus bertan duzu zain. Zer sentsazio?

Ba gogoz bai, noski. Egia da,  saioak beti uzten duela biharamun bat eta pare bat egun neka eginda pasa ditudala. Baina badirudi berriz burua freskatzen ari zaidala, eta lehenbailehen hasiko gara kantuan, batez ere, ariketa berri horiek prestatzen eta horitako egokitzen eta oraingoz lasai sumatzen naiz, eta nik uste dut lasaitasun horren arrazoia aurreko saioan seikotea izan zela taldea, talde egin ginen hasieratik eta gero horrek oholtzan, eta igo aurreko eta jaitsi ondorengo tarte horietan lagundu zidala. Donibane Garazin Amets dago zain, eta harreman ona du berarekin, nik uste dut lasaitasuna emango didala. Oso posible da ere Oihane Iguaranek bertan kantatzea, bertso eskolako kidea dut eta niretzako saio egokia izan daiteke berriz ere oholtzan lasai egon nadin eta gauzak egiten dakidan bezala egin ditzadan.  Baina gero, egun bakoitza desberdina izaten da, eta dakit gero oholtzara igotzean ze inpresio egingo didan lekuak, audioak, publikoak... baina gogorik eta ardurarik ez zait falta.

Bertso zaleentzat txapelketa saioekin hasten da eta ikusezina da egiten duzuen lana. Zure kasuan, zein da izan da prestaketa prozesua?

Tolosaldean zorionez sekulako bertsolari eta bertso sarea daukagu eta  bertsozale taldeari esker beti dugu norekin bildua: Unai Mendiluze, Joxe Mari Irazu, Beñat Iguaran eta inguruko jende gehiagorekin ere bildu naiz. Garrantzitsua da, txapelketa prozesua luzea izaten denez, eta beti ez denez motibazio bera izaten,  motibazio horri eusteko,  talde bat izatea. Iaz, astero-astero elkartu ginen. Martxoa aldera jakin nuen Euskal Herrikoan parte hartzeko aukera izanen nuela eta gerora, nahigabe, bertsoa buruan gehiago ibiltzen da.

Udan, batetik, bertsoari dagozkion ariketak errepasatu nituen, idatziz ere aritu nintzen, eta alor teknikoak ere landu nituen. Horretaz gain saiatu naiz pixkat sumatzen edo tankera ematen saioan bertan zein arazo izan nintzaken gorputzaldiari dagokionez, estualdi hori iristean askotan tresnarik gabe geratzen garelako. Hortik datoz maiz blokeoak eta bertsoa egin ezina. Horren inguruan aritu naiz pentsatzen eta ariketa batzuk egiten, eta lehenengo saioan behintzat emaitza eman zuten, eta ahaztu gabe, eta dena zor garelako, bide honetan guztian ondoan izan ditudan eta ondoan dauzkadan lagun horiei, Txapelketa beraiek gabe gogorra izanen litzateke.