Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Elkartasuna ez da hitz zaharkitua Euskal Herrian

Milaka lagun elkartu dira Sare herritarrak presoei elkartasuna adierazteko Donostiako Ilunben antolatu duen jaialdian. Manifestazioa bukatu eta gutxira jendea pixkanaka sartzen hasi da plazara, goizaldera arte iraungo duen festari hasiera emateko. Galtza motzetan ere hotzik ez gaurkoan Ilunben.

Elkartasunaren festa bilakatu da Ilunbeko plaza.
Elkartasunaren festa bilakatu da Ilunbeko plaza. (Idoia ZABALETA | FOKU)

15:30ak ematearekin bat hasi da Sarek larunbat honetarako antolatuta zuen jaialdiari irekiera eman dion ekitaldia Donostiako Ilunbeko plazan. McOnak taldeko Irati Irizarrek, biolina eskuetan zuela lehen notak jo ditu bi dantzariren laguntzarekin halako performance bat egiteko. Bazkalorduarekin bat egitearen ondorioz, Ilunbe erdi-beteta zela hasi da ekitaldia, beste erdiak kanpoan baitziren bazkaltzen eta Porrotx eta lagunen zain. Hori bai, barrukoak, benetan gogotsu nabari ziren.

Ukelelea, gitarra eta pianoa lagun zituztela Maider Ansa eta bere ahizpak igo dira segidan, Tximeleta taldearen ‘Etxerat’ abesteko. Jendearen erantzuna berehalakoa izan da eta errtimoa txaloka jarraitu eta abesten lagundu diete oholtzakoei publikoan zeudenek.

Haien atzetik Sareko bozeramaile Inaxio Oiarzabalek hartu du hitza: «Eskerrik asko eta zorionak 34 urtez aktibo egon zaretenoi herri, auzo eta kaleetan, zuei esker presoak gertuago ditugu gaur. Besarkada estuena istripuetan hil diren 16 senideen lagunei ere. Eta, nola ez, espetxe politika pairatu duten senideei». Txalo zaparradak entzun dira Oiarzabalek esaldi bakoitza bukatu duenean. «Eraitsi ezin ziren murruetan arrakalak zabalduz pixkanaka egoera aldatuz doa, baina bide luzea dugu oraindik ere aurretik, gaur ospatu dezagun eta bihar goazen berriz ere lanera. Gora gu eta gutarrak!», oihukatuz eman dio amaiera hitzartzeari Oiarzabalek.

Porrotx eta lagunak etorri dira umore ona jarriz atzetik oholtzara kalejiran, «guk ez genuen hemen egon behar, programatu gabe ginen, baina kolatu egin gara», esan du Porrotxek. Tartean, Amets, Alacanteko Picassent espetxean jaio zen umea, egun gurasoak Martutenen dituena. Motxilak hustutzen hasi direla aipatu dute, baina haren egoeran daudenen eta gurasoen beharrak asetzeko motxila horiek bete behar direla orain gaineratu du. Publikoa segituan berotu du Porrotxek. Helduek ume txikienen pare gozatu dute, haietako gehienak kanpoan ziren pailazoaren zain. Barruko umeak ateraz, ‘Epo itai tai ye’ eta ‘Ni euri tanta banintz’ abestu eta dantzatu dituzte Ilunbeko milaka lagunek.

Porrotx eta lagunak. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Itzaltzuko bardoaren abestia kantatuz, a capella, Eñaut Elorrietak denok hunkitu gaitu, sekulakoa izan da. Euskal kulturaren ikono eta erreferente garbi bat dela argi utziaz bere sinpletasunean lortu duenarekin. Jendearen hartuemana bilatu du eta ‘Hemen gaude’ eta ‘Itsasoa gara’ abestiekin bat eginda abestu dute artistak zein bertaratuek.

Eñaut Elorrieta, bere emanaldian. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Beroketa laburra

Porrotx eta lagunekin batera kanpora irten gara une batez. Irrintzi batekin hartu dituzte kanpoaldeko karpan ‘Ikusi mendizaleak’ klasikoa abestuz oholtzara kalejiran sartu direnean. Oraingoan bai, txikienek bertatik bertara gozatu dute Porrotxekin abestuz eta dantzatuz. Emanaldian, NAIZ Irratian aurreratu zuen ikuskizuna eman du, hasi eta buka.

Une berean, Belakoren txanda plazan. Gazte eta ez hain gazte dantzan, Woodstockeko izpiritua presente izango balitz bezala. Jaia eta aldarrikapena, hemen ere guztiontzako bakea baita helburu nagusienetako bat 60etan Woodstocken zen moduan. Ia geldialdirik gabeko emanaldia eskaini dute mungiarrek, indarkeria matxistaren eta borroka feministaren aldeko aldarriak botaz.

‘Agur jauna’ beren erara abestuz, plaza dagoeneko goraino beteta zela, hasi da Su ta Gar. «Eskertu denei gaur hemen egoteagatik, garrantzitsua da hainbeste jende bertan egotea», esan du Aitor Gorosabelek. Jendearekin hartuemanean hasi orduko, giroa berotzen joan da Ilunben eta horren adibide izan da ‘Zure aurrean makurtzen naiz’ jo duten unea. «Eskerrak eta zorionak Sareri presoak euskal herriratzearen alde azken urteotan egindako lanagatik. Baita boluntarioei, manifan izan direnei, preso denei, preso ohiei, senideei, espetxe politikaren biktimak izan direnei; zuentzat gure maitasuna, bidea gara egin bidea!» egin du oihu Su Ta Gar taldeko liderrak eta ‘Jo ta ke’ eta ‘Mari’ konbo perfektua jo segidan. Publikoa poltsikora.

Presoak gogoan izan dituzte ‘Gau iluna amaitu da’ kantuan, «gaurkoa pausoa baina bidea ez da bukatzen hemen, luzea izango da» gehitu dio abestiari Gorosabelek. ‘Rotaflexa’ eta ‘Geroaren hazi hezia’ abestien traka luzearen ostean, ‘Itxaropena’ etorri da eta beste behin Ilunbe abestuz jarri da. Bukatzeko, ‘Etsi gabe’, gaurko egunean zentzu berezia hartzen zuen abestia, eta ‘Begira’ kantuek itxi dute kontzertua, «Euskal presoak etxera!» oihuen artean.

Liherrekoek hartu dute erreleboa segidan, jendeak zintzurra bustitzeko tartetxo bat hartu duen bitartean. Ez da etenik egon bi kontzertuen artean eta biek ere zuten ordubetea bikain aprobetxatu dute. Egurrean hasi dute emanaldia eta publiko femeninoarekin bat egiten dutela argi utzi; rock talde asko ez dira izango orohar, hori lortzeko kapaz eta Liherrek gai dela erakutsi du enegarrenez Ilunben. GARAk jasandako espolioa izan du gogan Lide Hernandok: «Hiru urte beranduago Ilunbe berriz horrela ikusteak, hunkitu egiten nau. Argi geratu da Euskal Herrian elkartasuna ez dela hitz zaharkitu bat». ‘Teloia’ eta ‘Nor da piztia’ kantuekin eztanda egin eta presoak berriz ere gogoan izanaz bukatu dute beren emanaldia Liher taldekoek.

Atseden txiki bat

19:15ean ziren Josu eta Gari oholtzan agertzekoak, eta Ilunbe goraino beteta zen ordurako. Atseden txiki bat egon da, ordea, eta belarriek eskertu dute. Bitartean, jendea olatuarena egiten ere aritu da uneren batean.

Bi protagonistak oholtzan agertu orduko oihu eta txistuak sekulakoak izan dira. Ez da harritzeko BECen abenduan bigarren emanaldi bat eman beharra, jendea gosez dagoela argi ikusi baita. Josuren akordeoia eta Gariren gitarra lagun, ‘Ta zer ez da berdin’ unisonoan abestu du Ilunbek, mugikorrak eskuan askok unea izoztuta gordetzeko. ‘Hertzainak’ kantuak eman dio jarraipena, publikoaren poztasunerako. 

Iluntasunean dantzan

Zea Maysen txanda iritsi denerako jendea dantza egiteko irrikaz zegoela ikusi da argi eta garbi. ‘Kea’ edota ‘Kemena’ bezalako kantuekin jendea gora etorri da berriz ere eta dantzaleku paregabea bilakatu da Ilunbeko plaza. Bitartean, kanpoko karpan, Andoni Ollokiegik publikoarekin konektatzea aski dela erakutsi du sekulako festa sortzeko. Ehunka lagun bere ‘mashup’-ekin dantzan eta abestuz aritu dira pozarren.

Ollokiegik agur esan orduko hasi da Esne Beltza oholtza nagusian bere showarekin. Festa egiteko aldarria egin du hasieratik Xabi Solanok eta oholtzatik guztira 29 gonbidatu pasa dira, dantzariak, Txekoslobako, La Basu, Txino edota Flavio italiarra tartean. Mirentxineko gidariak edota garaian errefuxiatu izan eta gaurkoan Ilunben zeuden Iker eta Jonentzat aipamenak izan dituzte Esne Beltza taldekoek

Hortik aurrerakoa, gauza jakina, festa giroa nagusi aldarrikatzeko beste egun batean. Doctor Deseo, Sua, Rotten XII eta Duplaren eskutik goizaldeko ordu txikiak arte luzatu da festa. Duplako Gari Uriartek esan bezala, etxean nahi ditugu eta bide luzea dago egiteko.

Bidea luzea da bai, baina izan gaitezen bidea.