2022ko Skyrunning txapelketako azken suziria bota dute gaur Gorbeian eta, batez ere emakumezkoen mailan, aho zapore gazi-gozoarekin amaitu dute euskal korrikalariek, lasterketa eta denboraldi bikain baten ostean, tontorretik urrats batera geratu baitira Onditz Iturbe eta Oihana Azkorbebeitia. Iaz bezala, Igorreko atleta bigarren (3:49:53) izan da gaurko lasterketan, Noemie Vachonekin (3:49:37) buruz buruko lehia estu batean frantziarrarengandik 16 segundura helmugaratuta. Lindsay Webster (3:51:26) kanadarra izan da hirugarrena eta pilatutako puntuak nahikoak izan ditu sailkapen orokorreko lehen postua ziurtatzeko, orain arteko lider zen Oihana Azkorbebeitia bigarren postura kondenatuz. Nahiko aurrean hasi den arren, azkenerako Abadiñoko korrikalariak zortzigarren (4:03:38) amaitu du gaur etxeko lasterketan eta orokorreko bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Postu bat atzerago amaitu duen Maite Maiorak osatu du nesken azken podiuma.
Garaipen bikoitza Molinarentzat
Gizonezkoetan Nico Molina andaluziarrak (3:08:26) nagusitasunez lortu du garaipena Gorbeia Suzien lasterketan, bigarren izan den Loic Robert frantziarrari hiru minutu baino gehiago aterata (3:11:39) eta Bizkaian lortutako puntuekin azken sailkapeneko garaipena ere ziurtatu du. Bernard Chepkwony keniarra hirugarren izan da. Azkenaldian afrikarrak mendiko lasterketetara ere moldatzen ari direla erakutsi dute eta Chepkwony lasterketako lehen postuan izan da denbora luzez, nahiz eta azkenerako proba luzetxo egin zaion.
Euskaldunen artean onena bosgarren izan den Ander Iñarra lezoarra izan da. «Ibilbide honek daukan azken igoera berezi horretan gehiago estutu dut, nituenak eta ez nituenak uzteko eta igoera horretan nire aurreko biak harrapatu ditut, tartean Aitor Ajuria –seigarren izan da– eta azken kilometroak gozamena izan dira. Harrera beroa egin digute helmugan eta oso pozik emaitzarekin. Emaitza honek munduko kopako rankingean hirugarren postua egiteko balio izan dit eta oso pozik nago egindako lasterketarekin eta denboraldi berarekin ere bai», azaldu du helmugan Euskadi Irratiaren mikrofonoetan.