NAIZ

Atzera egin du Arbonan 3 etxe eta 4 hektarea laborantza lur erostekotan zen bezeroak

Arbonan hiru etxe eta lau hektarea lur erosteko asmoa agertu zuen Parisko bikoteak atzera egin du. Izan ere bertze 12 hektarea laborantza lur arriskuan dira. Pertsona batek 200.000tan erosi du lur saila jabetza hutsean. Trikimailu horren aurrean auzitegietara joanen dira ELB eta Lurzaindia.

Lurzaindia  eta ELBkoordezkariek agerraldia egin dute gaur Arbonako auziaren berri emateko.
Lurzaindia eta ELBkoordezkariek agerraldia egin dute gaur Arbonako auziaren berri emateko. (@MediabaskInfo)

Lurzaindia eta ELB sindikatuek jakitera eman dutenez, Arbonako auzian aldaketak izan dira azkenaldian.

Hala, hiru etxe eta lau hektarea lur erosteko eskaintza aurkeztu zuen bezeroak atzera egin du.

Oroitzearren, joan zen abuztuan ELBk eta Lurzaindiak salatu zuten jabetzako etxea eta ondoko beste lau lur hektareak 3 milioi eurotan salgai eman zituztela eta eroslea Parisko bikote bat litzatekeela.

Laborariek espekulazioaren aurkako Safer egiturari galdetu zioten lur horiek erosteko lehentasunezko prozedura martxan emateko.

Astelehen honetan egin duten agerraldian laborariek ondasunak erostekotan zen bezeroak atzera egin duela baieztatu dute.

Berri pozgarria izanik ere, laborarien ordezkariek zalantzak agertu dituzte gainerako 12 hektarea laborantza lurrak izan dezakeen etorkizunari buruz.

Lur sail horren gainean erosteko prozedura martxan da. ELBk eta Lurzaindiak zalantzak azalaratu dituzte Larribarreko laborari bat tartean dagoen salmenta prozedurari buruz.

Joan zen irailaren 29an Safer egituraren eskuhartzea saihesteko xede lur sail hori saltzeko abian eman duten ez ohiko prozedura salatzeko ekintza burutu zuten laborariek.

Labetza hutsean, prezio zinez altuan erosia izan da lur sail hori

Hala 12 hektareako lurrak saltzeko protokolo bat izenpetua izan dela, baina jabetza huts gisa Arbonan, hain zuzen ez ohiko molde hori baliaturik lurra prezio zinez altuan saltzeko arbuiatu zuten protesta horren bidez.

Gaurko agerraldian iragarri dutenez, auzitegietara joko dute beraien ustez jite espekulatiboa duen salmentaren ondorio txarrak ekidin asmoz.

«Pertsona batek lur horiek 200.000 euroren truke erosi nahi ditu, hau da, hektareako 17.000 euro baino gutiagoan», zehaztu zuten laborariek kontratua kudeatu duen notarioaren bulegoan sartu zirenean, irailaren 29an.

Gaur berriro ere oharra egin dute 12 hektaretako lur sail hori galtzeko arriskuari buruz.

Baionako Aritxage etorbidean den Miguel Harriague notarioaren bulegoa okupatu zutenean adierazi bezala «guretzat prezio arrunt espekulatiboa da, eta erreferentzia bilakatuko da inguruko laborantzarako».

Orduan bezala gaur ere salmenta hori muntaia finantzario bat dela agerian jarri dute.

«Gure ustez, leiho ttipi bat erabiltzen da, legezkoa dena, baina Saferren lehentasunez erostea saihestea bilatzen duena», gehitu zuen notaritzan eginiko ekintza horren karietara ELB sindikatuko Maritxu Lopepek.

Saferrek lehentasunez erosteko hautua egin zuen irailaren 22an laborantzako lur gisa baliatuak izateko. Izan ere, lurren jabeak bilaturiko lege zirrikituak 12 hektarea laborantza lur saila galtzeko bidean jarri dezakeela beldur dira laborariak.

Egoera horren aurrean borroka judiziala emateko asmoa agertu dute gaur ELBk eta Lurzaindiak.