NAIZ

Patxiku Gimon preso ohia atzeman du frantses Poliziak

Patxiku Gimon lapurtarra frantses Poliziak Baionan duen komisaldegian dago. Goizean atxilotu dute 2009az geroztik libre zegoen preso ohia.

Patxiku Gimon.
Patxiku Gimon. (Bob EDME)

Patxiku Gimon preso ohi lapurtarra Baionako komisaldegian dago astearte honetan atxilotua izan ondoren.

Donibane Ziburuko komiteak elkarretaratzea deitu du asteazkenean, urriak 12an, arratsaldeko 19.00tan Ziburuko biribilgunean.

Patxiku Gimon badira pare bat hamarkada atzeman zuten lehenbiziko aldiz.

Frantziako Jendarmeriak Mont-de-Marsanetik gertu dagoen Roquefort herrian atzeman zuen hendaiarra 1999ko abenduaren 16an. Aitzol Gogorza oreretarraren batera atxilo hartu zuten Gimon.

Polizi iturriek orduan jakitera eman zutenez bezperan istripua izan zuten bi euskal herritarrek Landesetako Lacquy herrian. Ondorioz Jendarmeriak Epervier izeneko plangintza abian eman zuen, erepide nagusietan kontrolak ezarriz eta biharamunean auto batean zihoazela atxilotu zituzten.

Laurence Le Vert terrorismoaren aurkako epaileak gaizkileen taldeko kide gisara auzipetu ondoren kartzelan sartu zuten hendaiarra.

Bederatzi urte pasatxo kartzelan

2000an egin zioten epaiketan 12 urteko kartzela zigorra jaso zuen. Fresnes, La Sante eta Saint Maur-eko espetxetik igaro ondotik 2009ko martxoaren 25ean libre atera zen bederatzi urtetik gora kartzelan eman ondoren.

Bere ondotik atzeman zuten Lorentxa Gimon arreba, berriz, baldintzapeko askatasunean atera zen Rennes-eko espetxetik 2016ko martxoaren 1ean, larriki eri zelako.

Hain zuzen auzi horren karietara elkarrizketa eskaini zion Patxiku Gimonek kazeta.eus atariari.

Arreba aske uzteko Parisko auzitegiak harturiko erabakiari buruz hauxe eran zuen Patxiku Gimonek: «Zalantzarik gabe mobilizazioa guztien askatasuna lortzeko gakoa da. Oso gordina izango naiz baina, bizia kolokan egon behar da, bizitza galtzekotan egon behar dira kartzelatik ateratzeko?. Eragile politikoek beste norabide bat har lezakete presoen izaera politikoki beren gain hartuz. Hori da bidea: mobilizazioa. Guk hori egin behar dugu».