Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Eztabaida ekidin arazoa desagertuko denaren itxaropenez

Argia izan da Erresuma Batuko Gobernuaren ordezkariak Auzitegi Nagusian jarraitu duen estrategia. Eztabaida bera ekiditea. Edinburgok oraindik Erreferendumaren Legea onartuta ez duela argudiatuta, ez dela hau eztabaidatzeko garaia defendatzen igaro ditu hainbat ordu.

Batasunaren aldeko afixak, Eskoziaren independentziaren aldeko martxa batean, Edinburgon.
Batasunaren aldeko afixak, Eskoziaren independentziaren aldeko martxa batean, Edinburgon. (NAIZ)

Zeinek ez du zerbaitetaz hitz egin nahi ez duenean gaia desbideratu? Hori da ba asteazken honetan Erresuma Batuko Auzitegi Nagusian ikusi ahal izan dena. Mamira, hau da, Eskoziako Parlamentuak erreferendum bat antolatu dezakeen edo ez eztabaidatzera, jo baino, Londreseko Gobernuaren lege ordezkariak, James Eadiek, orduak igaro ditu atzo eta gaurko zitak zentzurik gabekoak izan direla arrazoitu nahian. SNPk idatziz aurkeztu ahal izan zituen argudioei ez die erantzunik eman.

Hala ere, estrategia hori erabili duen edonork badaki, berandu baino lehen, arazoari aurre egin behar diola. Eskoziaren independentzia nahiaren kasuan, edo behintzat erreferendum nahiaren kasuan, zenbakiak argiak dira. Inkestek gehiengoa ematen diote, eta gorako joera. Eta inkestak inkesta badira, azken hauteskunde guztiek (orokorrak, Eskoziako Parlamentukoak, lokalak...) independentisten gehiengoak hazi eta hazi baino ez dituzte egin.

Beraz, argia dirudi Londresen norbaitek gaia hartu beharko duela. Are gehiago Irlandaren batasunaren aldekoak gero eta gehiago direnean edo Galesen ere independentismoa ere hazten ari den neurrian.

Epaiketa edo Auzitegi Gorena entzutera ohituta gaudenean, frogak, lekukoak eta kontrainterrogatorioak datorkigu burura. Ez da baina hori izan bi egun hauetan Erresuma Batuko Auzitegi Nagusian ikusi ahal izan duguna. Bi alde, bai, epai mahaiaren aurrean bere argudioak aurkeztu eta defendatzen. Ez da eztabaida sutsua izan eta zaila da gertatutakoaren inguruko ondorio argirik ateratzea.

Arazo legalak eta emaitza politikoak

Eskoziako Parlamentuak Eskoziaren independentziari buruzko bere erreferenduma egiteko eskumen legegilea ote duen argitzeko bildu dira eskoziar eta britaniar gobernuen lege ordezkariak. Oinarrian, 1998ko Eskoziako Legea eta haren botere eskuordetu eta erreserbatuen sistema konplexua eta, askotan, korapilatua jarri dira jomugan.

Emaitza politikoa izango du hemen gertatu denak, baina arazo legalak teknikoak izan dira: Holyroodek ba al du independentziari buruzko erreferendum baterako legeak egiteko boterea, eta Gorteak erabaki beharko luke gai hori orain? Eskoziako Gobernuaren ordezkari Dorothy Bainek baietz defendatu du. James Eadiek, esan bezala, ezetz.

Eskoziako Gobernuak independentziari buruzko erreferendumaren lege-proiektua prestatu du. Prozedurak hastean, Dorothy Bainek Auzitegiari eskatu zion lege-proiektu hau Holyrooden legegintza eskumenaren barruan sartzen den ala ez erabakitzea. Eskoziako Legeak ahalmena ematen dio eskumen gaiak auzitegiari bidaltzeko, hark ebatz ditzan.

Bainek hau ez dela argudio legal akademikoa edo abstraktua argudiatu zuen. Esan zuenez, gai bizia da, eta Auzitegiak aukera du Eskoziako Gobernuari, Parlamentuari eta jendeari ziurtasuna eta argitasuna emateko, botere itzulketa egiturek Parlamentuko gehiengo independentistari hauteskundeetako manifestua (erreferenduma antolatzea) ohoratzeko aukera ematen dioten ala ez argitzeko.

Holyroodek eskumena duen ala ez erabakitzeko adostasun akademikorik ez dagoela adierazi zuen. Erresuma Batuko Gobernuak argudiatzen du Gorte Gorenak ez diola galdera horri erantzun bat zor. Edo behintzat, ez orain. Dio bide egokia dela Holyroodek erreferendumaren lege-proiektu bat onartzea, eta orduan, eta orduan bakarrik, Auzitegi Gorenak bere iritzia helaraztea.

Bainek argudiatzen duenez, segurtasun juridikoaren izenean, gaia era batera edo bestera ebazteko ardura hartu behar du Gorteak. Interes publikoa zabala dela errepikatu zuen hainbatetan eta orain ez badu egiten hilabete gutxiren buruan berriz elkartu beharko direla iradoki.

Funtsa

Baina gaiaren funtsari dagokionez, hau da, Eskoziak galdeketa antolatu dezakeen edo ez, Bainek kasua autoexekutagarri eta kontsulta gisako galdeketaren arteko bereizketan oinarritzen du. Holyroodek erreferenduma antolatzen badu datorren urteko urrian, zein da bere helburua eta ondorioa? Bainek argudiatzen du bere helburu bakarra dela Eskoziako jendeari galdetzea zer pentsatzen duen bere gobernu sistemari buruz.

Bigarren independentzia erreferendum bat egiten bada, ez du Britainia Handia bere kabuz banatuko, 2016an Brexit-aren bozketak Erresuma Batua Europar Batasunetik berehala atera ez zuen bezala. Eskoziako Legearen ezein klausula ez da aldatuko horren ondorioz. «Auzitegi Gorena justizia auzitegi bat da, ez politikaren edo ondorio politikoen auzitegi bat», adierazi zuen. Haren hitzetan, epaileek proposatutako erreferendumaren lege-proiektuaren lege efektuan jarri behar dute arreta, eta ez politikaren mundu aldakorrean izan ditzakeen ustekabeko ondorioetan.

Zentzu horretan, Erresuma Batuaren ordezkariak, auzitegiak kontuan hartu behar dituela lege-proiektuaren xedea eta ondorioa esan du, argudiatuz «lege-proiektuak aurkezten duen Gobernuaren helburuei begiratu behar diela, kasu honetan independentzia bultzatu eta batasunarekin amaitzea baita».

Soilik bere hitzartzearen azken 45 minutuetan egin du jauzi eztabaidaren muinera, eta bakarrik Erresuma Batuko Gobernuari dagokiola gai konstituzionalei buruzko legeak egitea defendatu du. «Aipatzen den aktiboa Eskoziako eta Ingalaterrako Batasuna da, Erresuma Batuaren konstituzioaren funtsezko elementuetako bat baita. Hori da Eskoziako Parlamentuko kideek horri buruzko legerik ezin dutela egin dioen erantzunik argiena».

Ildo beretik, eztabaida Britaniar Gobernuari dagokiola azpimarratu du. «Erresuma Batu osoari eragiten dio. Eskoziako independentziaren eragina eta ondorioak Erresuma Batu osoan sentituko lirateke, eta alde guztiek dute interesa gai horretan, ez bakarrik Eskoziak».

Ezin da lege arazo horien konponbide goiztiarrik espero. Asteak edo hilabeteak igaroko dira erantzun bat izan arte. Arazo politikoak data bat du ortzimugan, 2023ko urriaren 19a.