NAIZ

Patxiku Gimon aske dela iragarri dute Ziburuko elkarretaratzean

Patxiku Gimon preso ohia Baionako komisaldegitik aterako da laster atxialdia altxatu berri diotelako. Horrela jakinarazi dute gaur iluntzean Ziburun eginiko elkarrekaratzean.

Patxiku Gimon aske geldituko dela baieztatu dute Ziburun gaur iluntzean eginiko elkarretaratzean.
Patxiku Gimon aske geldituko dela baieztatu dute Ziburun gaur iluntzean eginiko elkarretaratzean. (Guillaume FAUVEAU)

Patxiku Gimonek Baionako komisaldegitik aterako da gaur bertan atxiloaldia amaitutzat ematea erabaki baitu Polizia Judizialak.

Ziburun bizi da preso ohia eta urriaren 11an goizean goiz atxilotua izan zen.

2009an kartzelatik atera zen Gimoni zer leporatzen dion Poliziak jakitekorik ez da izan orain arte, hain zuzen ere hendaiarra polizia etxean atxiki dutelako.

Izan ere, gaur goizean Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak polizi operazioa terrorismoaren aurkako Fiskaltzaren agindupean burutua izan dela baieztatu dio 'Mediabask' hedabideari.

Donibane Ziburuko elkartasun komiteak deituta elkarretaratzea egin dute Ziburuko biribilgunean atxiloketa salatzeko.

EH Baik, LAB sindikatuak eta Xuti Gaztek bertan parte hartzeko deia luzatu dute, atxilotuari eta sendiari sustengua ematearekin batera.

«Atxiloketa hau, joan den irailaren 22an, Pariseko auzitegiak Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot askatzearen aldeko deliberoaren biharamunean kokatzen da. Honek, argiki erakusten digu, fiskaltza anti terrorista, Ion eta Jakesen baldintzapeko askatasunen okasioa errepikaraztera eramaten zuen logika berean dagoela oraindik. Patxiku Gimonen atxiloketak, gaur egun oraindik mendekuan oinarrituriko politika indarrean dagoela erakusten digu», salatu du EH Baik prentsari igorritako ohar baten bidez.

Hala, atxiloketa bera eta jokaera horiek jokoz kanpo direla adierazi du. «Bake iraunkor eta integrala» lortzeko bidean, euskal preso eta iheslariak etxeratzeko «bide orria marraztu eta aplikatzea» eta atxiloketekin «betirako» bukatzea ezinbestekotzat jo ditu mugimendu abertzaleak.

Izan ere, elkarretaratzea egiten zen bitartean jakin ahal izan da Gimon aske geldituko dela.


 

1999an atxilotua izan zen

Patxiku Gimon badira pare bat hamarkada atzeman zuten lehenbiziko aldiz.

Frantziako Jendarmeriak Mont-de-Marsanetik gertu dagoen Roquefort herrian atzeman zuen 1999ko abenduaren 16an, Aitzol Gogorza oreretarrarekin batera.

Laurence Le Vert «terrorismoaren» aurkako epaileak gaizkileen taldeko kide gisara auzipetu ondoren kartzelan sartu zuten Gimon.

2000an egin zioten epaiketan 12 urteko kartzela zigorra jaso zuen. 2009ko martxoaren 25ean libre atera zen bederatzi urtetik gora kartzelan eman ondoren.