Zuazo: taldearen batasuna oinarritzat hartuta, zailtasunei aurre egiten
Zuazo bidean agertzen zaizkion zailtasunei iskin egiten ari da kasik une oro. Arazo ekonomikoak direla, kapitainaren lesioa dela, bigarren lerroan ordezkorik ez duela... Bost partidetan bi puntu batu ditu, merituzkoak, eta Joseba Rodriguez entrenatzaileak balioa eman dio jokalarien lanari.
Inork ez du ulertuko zein borrokatua izan den partida hau, zenbat oztopo gainditu behar izan ditugun eta zein harro nagoen jokalari guztiez». Sare sozialen bitartez Joseba Rodriguezek bere taldea eskertu eta goraipatu nahi izan zuen mezu horrekin. «Elxen aurkako berdinketa garaipen baten modukoa izan zen guretzat», berretsi dio NAIZi. Ez da denboraldi hasiera erraza izaten ari, inoiz ez da denboraldi errazik izaten Zuazorentzat. Basauriko entrenatzaileak aurten bosgarren denboraldia duen arren, talde gaztea izatearen zama beti dago hor eta, hori gutxi ez balitz, arazo ekonomikoek eta lesioek ere ez diote Zuazori bakean uzten.
«Noski eragiten duela», erantzuten du arazo ekonomikoez galdetuta. Aingeru Astorkiza presidenteak aitortu zuen “Deporte cien por cien” webgunean, soldatetan atzerapenarekin dabiltzala eta egoera ez dela samurra. «Egoera hau batez ere etxetik urrun bizi diren jokalariek jasaten dute, dirua uzteko eskatu behar izaten baitie familiari edo ingurukoei», azaldu du “Haitok”, zeinak lehenago ere ezagutu zuen egoera hau, Arraten jokalari eta Barakaldon entrenatzaile gisa, «tamalez niretzat eta eskubaloiarentzat».
Ezegonkortasun honek bidaiatzerakoan ere eragina dauka, «Granollersera partida egun berean bidaiatu baikenuen, goizeko 7.00etan autobusean abiatuta». Honek, gainontzeko arerioekin desabantailan egotera eramaten du talde bizkaitarra, baina bere DNAn dago zailtasunei iskin egitea une oro. Eta horretan dihardu aurten ere, mota guztietako oztopoak gainditzeko eginahaletan, alegia. «Bost jokalari ditugu min hartuta, bigarren lerroko postuetan ez daukagu ordezkorik –Naia Puigbo eta Sara Molesek min hartu zuten joan den astean–», esan du. Horiez gain, Alba Sanchezi atzo ebakuntza egin zioten kanpoaldeko meniskoaren haustura konpontzeko: «Taldea batzen duen jokalaria da, bai pistan eta bai kanpoan. Dena dela, azken bi partidetan erakutsi dugu ez daukagula jokalari batenganako mendekotasunik; Maddi Bengoetxea, Mada Fernandez-Agusti, Andrea Zaldua eta Nerea Gil maila onean ari dira».
Zortzigarren postuaren bila
«Ontzat ematen ditut orain arte bildutako bi puntuak, nahiz eta puntu gehiago edukitzea gustatuko litzaidakeen». Ez du ezkutatzen Porriñoren aurka etxean izandako porrotak bereziki «mindu» zuela, «play-offetan egon nahi badugu ezin dugulako horrelako partidetan hutsik egin». Hain zuzen ere, taldearen helburuez galdetuta, basauriarrak argi dauka jaitsiera kanporaketak saihestu nahi dituela; «ez zait asmo zentzugabea iruditzen». Rocasaren, Malagaren eta Porriñoren aurka galdu du, hiru golengatik, txapelketan dagoen parekotasunaren isla. Elx eta Granollers, aurreko urteetan goialdean ibilitako taldeak, ohi baino gehiago sufritzen ari dira, eta Zuazok bi puntura ikusten du salbazioa; gertu, alegia. Asteburu honetan Kopako kanporaketa jokatuko dute Lanzaroten, eta «irabazteak soilik balio» du. «Garaipena behar dugu», dio, morala igotzeko baliagarri izango zaielako. Azaroko atsedenaldiaren aurretik Grafometal La Riojaren aurka lehiatuko dira, sailkapeneko azkenak; eta partida horretarako morala hartuko lukete gorantz begiratzeko.
«Taldearen batasunak ahalbidetzen du egoera hau beste aldarte batean eramatea». Horixe baita, hain zuzen ere, Zuazoren identitatea. Horrek eraman du aurten, momentuz, Granollersen, Haito teknikari dabilenetik, sekula eskuratu gabeko puntua lortzera, eta Elxen aurka lehen berdinketa erdiestera ere.