Ion Kepa Parot aske atera da gaur goizean goiz Okzitaniako Tolosatik gertu dagoen Mureteko espetxetik. Hurbilekoen eskutik lehenengo agurra jaso ondoren Euskal Herriko bidea hartu du 32 urte eta erdi luzatu den kartzelaldi eta deserriari amaiera emanez.
Joan zen irailaren 22an jakinarazi duen Parisko Dei Auzitegiak egun 71 urte dituen Ion Kepa Parotek baldintzapeko askatasunean ateratzeko aurkezturiko seigarren eskaera aintzat hartzen zuela. Era berean gaurko ezarri zion espetetxetik irteteko data.
ETAko 'Argala komando'ko kide gisa espetxeratua izan zen Jakes Esnal lohizundarrari ere baldintzapeko askatasuna onartu zion epaitegiak. Hilaren 18an ateratzekotan da Lannemezango espetxetik lohizundarra.
Biek ala biek kontrol judizialeko neurri zorrotzak errespetatu beharko dituzte. Hartara, urtebatez etxetik ateratzeko aukera mugatuak izanen dituzte.
1990ko apirila gorabehatsu hura gogoan
1990ko apirilaren 2an Unai Parot atzeman zuen Guardia Zibilak Sevillako errepide batean lehergailuz beteriko auto batean zihoala.
Gaur aske gelditu den Ion Kepa Parot izan zen Lapurdira azkar zabaldu zen polizi operazioan atzeman zuten lehenetarikoa. Anaiaren emaztearekin batera atzeman zuten apirilaren 3an.
Jakes Esnal eta Frederic 'Xistor' Haranburu biharamunean atxilotu zituzten Donibane Lohizunen.
Orotara 17 bat euskal herritar arrestatu zituzten Baiona eta Hendaia artean frantziar Poliziak garaturiko operazio zabalaren baitan.
«Izen oneko herritarrak». Hitz horiekin deskribatu zituen 'Sud-Ouest' kazetak operazioan atzeman zituzten 30 eta 40 urte adin arteko pertsona horiek.
Lana eta familia zituzten, batzuk enpresa munduan ezagunak ziren, beste batzuk Baionako elkartetan jarduten zuten, peña edo kirol taldetan, baten bat eliza gizona zen eta CGT sindikatuaren militantea zen bat edo beste ez zen falta.
Finean, «ETAren kideek zuten ohiko profilaren urrun» ziren herritarrak jomugan hartu zuen operazioak zirrara berezia eragin zuen Ipar Euskal Herrian.
Parisko prentsak, bere aldetik, berehala jarri zuen mahaigainean auziaren berezitasuna: «frantses nazionalitatea» zuten herritarrek ETA erakundearekin engaiamendua hartzeko urratsa emana zuten. «Iratzartze bortitza izan da gaurkoa» idatzi zuen 'Le Figaro' kazetak.
Gertatutakoa ulertzeko eta kontatzeko hautua
Dagoeneko desagertuta dagoen 'Le Journal du Pays Basque' egunkarian kazetari gisara jardun zuen Giuliano Cavaterrak 'Zergatik Ipar Euskal Herriko herritarrek ETAn sartzeko hautua egin zuten?' 1990ko polizi operazioaren eskutik mahaigaineratu zen galderari erantzun xerkatzeko hautua egin zuen 'Au coeur du conflit basque' izeneko liburuan.
Egileak hasieratik irakurleari bere asmoa argitzeko lana hartu zuen: «nire asmoa ez da izan justifikatzea, baizik eta gertakariak ulertzea eta hain bezain beste zehaztasunaren azaltzea».
Frankismoaren gau ilunak eragindako errepresio bortitzak Bidasoaren bestaldean sortu zuen giroa, mugimendu abertzalearen bilakaera Ipar Euskal Herrian, Burgoseko auzia, errefuxiatu eta 'bertako'en arteko adiskidetasun hariak, langile mugimenduaren zein euskara eta euskal kulturaren aldeko borrokaren piztea... hari mutur anitzetatik tiraka egiten du 'Argala komando'aren kideei buruz informazio osatua eskaintzen duen liburuak.
Aljeria eta Euskal Herri arteko itzuli bidaia
Aljeriako gerraren zauriak, alde batetik, eta itzala handia hartu zuen independentziaren aldeko askapen mugimendua, bestetik, presente dira testuinguruari buruzko bilduman.
Hain zuzen, Ion Kepa, Unai eta Urtsoa Paroten aita zen Ambroise Parotek Aljerreko Euskal Etxera bertaratu eta han ezagutu zuen jatorriz nafarra zen Antonia Ortuño emaztea.
1961an Aljeriatik ihesi eta Okzitaniako Tolosan plantatu ziren Parotarrak. Ion semea bertan sartu zen harremanetan ikastera joandako euskaldunekin.
Borbor zen mugimendu abertzalearekin lotura naturala egin zuen handik urte batzuetara Euskal Herrira itzuli zen familiaren belaunaldi gazteak.
Ion Kepak zabaldu zuen bidea 1975ko hasieran. Handik hilabete gutxitara Euskal Herria kolpatzen zuen alde bateko eta besteko indarkeria gertutik ezagutu zuen.
Ion Kepa Parot onik atera zen ostatu abertzale baten kontra Lapurdiko hiriburuan izan zen atentatu batean, 1976an.
'Argala komando'aren sorrera
Frantses Justiziaren txosten batek jasotzen duenez 'Argala' komandoa 1978an sortu zen Ipar Euskal Herriko hainbat abertzalek Txomin Iturbe ETA (m)-ko buruzagi historikoarekin izandako hartu-emanen ondotik.
Urtetan itzalpean aritu ziren komandoko kideak atxilo hartu zituztenean «sekulako ezustea» hartu zuen Jakes Abeberri militante abertzale historikoak eta 'Enbata' aldizkariaren sortzaileak.
Giuliano Cavaterrak bere liburuan oroitarazi zuenez, 1990ko apirileko polizi operazioa Aberri Egunaren bezperan gertatu zen.
Hendaian eginiko ekitaldian Ion Kepa Parot alderdikide zuen Txomin Baxo Euskal Batasuneko bozeramaleak frantziar eta espainiar Barne ministerioetan oinarrituriko politika arbuiatuz negoziazioaren aldeko mezua zabaldu zuen.
Ildo beretik, 'Aljerreko izpiritua'ri berriz lotzeko proposamena luzatu zuen Herri Batasunaren izenean Jon Idigorasek.
Atzera begirako horrekin jarraituta, 1990ko apirilaren hasieran garatu zen polizi operazio horren ondorioz hamar herritar kartzeleratu zituztela, zortzi zigortuak izan zirela eta horietatik lau bizi arteko zigorra jaso zutela laburbildu du 'Au coeur du conflit basque' liburuaren egileak.
Era berean, «Frantziak zuen ardurari» hatzarekin apuntatzen zioten espainiar hedabide eta ordezkari politikoen presiopean frantses segurtasun indarrek berdin herritar horien atxiloaldietan zein karriketan deituriko mobilizazioetan agerturiko «jarrera bortitza» nabarmentzen du, hainbat herritarrek jasotako mehatxu eta irainen berri emanez.
1997ko auzia, torturaren itzalpean
Unai Parotek salaturiko torturen testigantzia saihesteko hautua egin zuen epaitegian erretretan den abokatuak laguntzaile gaztea ukan zuen bere ondoan: Maritxu Paulus Basurco zen, azken hamarkadetan Xistor Haranburu eta Jakes Esnalen abokatu gisara aritu den lohizundarra.
Frederic 'Xistor' Haranburu, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parotek bizi arteko kartzela zigorra hartu zuten.
Errepublikak emaniko nortasun agiriak zituztela urte luzeetan bi estatuetako polizientzat guztiz ezezagunak izan ziren ekintzaileri 1978tik 1988ra 28 atentatu gora burutu izana egotzi zieten.
Bizi arteko zigorra ezarria ere, epaileek ez zieten baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera ukatu. Alta, sententziaren bidez eman zieten segurtasun epea gaindituta izanda ere, urte luzetan atxiki dituzte geroztik espetxean kontrol judizialpean aske ateratzeko eskubidea aitortu gabe.
Xistor Haranburu 2020ko azaroaren 24an atera zen Lannemezango espetxetik. Orduan hasi zen kontatzen senpertarrentzat baldintzapeko askatasuna lortzeko frogaldia.
Froga epea gaindituta, 30 urte eta 8 hilabeteren buruan etxera itzuli zen presoari eskumutur elektronikoa kendu zioten iragan maiatzaren 25ean.
Urtebeteko frogaldia baldintzapeko askatasuna eskuratzeko
Ibilbide berari ekinen dio gaur Mureteko espetxea atzean utzi duen Ion Kepa Parotek.
Zuberotik Baionara heldutako familiaren seme gisara aurkezten den preso ohiari urtebeteko frogaldiari aurre egin beharko dio.
Bestalde, hilaren 18an presondegitik uztekotan den Jakes Esnalek ondoko urtean kontrol judizialeko neurri zorrotzak bete beharko ditu baita ere.
Horrekin ez dira epailearen aginduz ezarriko dizkieten neurri murriztaile guztiak desagertuko.
70 urtetik gora duten hiru herritarrek hurrengo hamarkadaraino beharko dutelako itxaron 1997an ezarri zieten zigorraren amaiera iristeko.
Anartean, kartzelan jarraituko du, oraingoz, Zaballara berriki eraman duten Unai Parot presoa.
26 kondena bildu zituen Unai Paroti orotara 4.797 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Kondena mugara helduta ere beste 11 urteko zigorra gehitu zioten 2007an.