Mikel Aginagalde

Garces de los Fayos, Nafarroako Erdialdean euskararen hazia ereiten

Laugarrengoz antolatu du Tafallako Garces de los Fayos ikastolak Nafarroa Oinez ikastolen aldeko jai erraldoi eta estimatua. Oraingo honetan ‘Erdian Erein’ lelopean ospatuko dute, eta sorpresa ugariz beteriko ekitaldia izango dela ziurtatu dute antolatzaileek.

Ikastolaren hezkuntza proiektua berritu egin dute, eta emaitzak ikusten hasiak dira jada.
Ikastolaren hezkuntza proiektua berritu egin dute, eta emaitzak ikusten hasiak dira jada. (NAIZ)

Nafarroa Oinez festaren moldea eta haren nondik norakoak denboran zehar aldatuz joan badira ere, azken helburuak antzekoak izan dira urteak pasa ahala. Alde batetik, jaia bera Garces de los Fayos Ikastola eta Nafarroako Erdialdeko jendearen arteko topaketa bideratzeko aukera paregabea da; modu horretan euskara eta euskal kultura ezagutarazteko parada ematen baitu, baita denbora luzean errotu den proiektuaren izaera irekia plazaratzekoa ere.

Hala ere, ikastolako arduradunek, oraindik ere, ezinbesteko ikusten dute ikasleen beharrak eta eurek garatu beharreko trebetasunak XXI. mendeko testuingurura egokitzea. Izan ere, egungo gizartea zentzu askotan eraldatzen doan heinean, ikastolak ere erantzun eta tresna berriak eskaini behar dizkie ikasleen behar horiei.

Horregatik, azken urteetan ikastolaren hezkuntza proiektua berritu egin dute, eta emaitzak ikusten hasiak dira jada. Dena den, espazio berriak behar omen ditu Garces de los Fayos ikastolak, aipatu proiektu hori modu egokian gauzatu ahal izateko. Zentzu horretan, aipatzekoa da Nafarroa Oinez festatik aterako dituzten irabaziak helburu horretara bideratuko dituztela.

Familiengan pentsatuz, aurten lehenbiziko aldiz jarduera egitarau erakargarria antolatu dute larunbaterako, Oinez jaia asteburu osora luzatuz.

Berrogeita hamar urte luzeko historia bete du oraintsu ikastolak. Mende erdia ikastetxe ireki, integratzaile eta berritzailea ereiten eta lantzen jarraitzeko asmoarekin. Ikasle euskaldunak, arduratsuak, kritikoak eta autonomoak hezi nahi ditu Gerces de los Fayos ikastolak. Gaurko Nafarroa Oinez jaialdia ere izaera eta helburu horiek plazaratzeko eguna izango da.

Ildo horretatik, aste honetan bertan Iruñean egindako Nafarroa Oinez festaren aurkezpen-prentsaurrekoan festaren arduradunek aurtengo leloa, haren esanahia eta haren helburua nabarmendu nahi izan dituzte. Horren bidez, hain zuzen ere, Nafarroako Erdialdean euskara ereiten jarraitzera gonbidatu nahi izan dituzte herritarrak.

Ibilbidea eta guneak

Betiko legez, ekitaldi, ikuskizun eta sorpresa anitz izango dira igande honetan Tafallan prestatu duten egitarauan. Iaz Lizarran «formatu txikiko jaia» ospatu ondoren, aurten Tafallan ohiko ibilbidea eta guneak prestatu dituzte.

Sarbidea errazteko, hiri-zirkuitu bat diseinatu dute, Kondearen Parkea, Ereta edo Kirol Hiria bezalako leku ezagunetatik igarotzen dena. Guztira, ia 2 km eta lau eremu ditu, Sustrai, Zuhaitz, Hazi eta Kimu izenekin bataiatuak, Erdian Erein aurtengo leloaren ildotik. Gainera, ibilbidea (4. eremua izan ezik) mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta dago.

Gazteei zuzendutako 4. gunean, kontzertuez gain, bestelako aukerak izan ditzaten saiatu dira antolatzaileak (jolas kooperatiboak, graffiti tailerra, kukaña...), eta jarduera ugari programatu dira etxeko txikiengan pentsatuta, batez ere 1. eta 2. guneetan.

Hala ere, Oinez jaialdian musikak duen garrantziaz jabetuta, adin guztietara egokitu dira emanaldiak, besteak beste, Patxi eta Konpania, The Trikiteens, Go!azen, Xutik, La Mala Pékora, DJ Bull, Txutxin Ibáñez & Garibaldi Band, Ache pa ti, Julivert, Skabidean, Rotten XIII, Trikidantz eta abar.

App eta Bizum

Berrikuntza gisa, app bat sortu da, Androiderako eta IOSerako deskarga daitekeena. Bertan, Oinez-eko informazio praktikoaz gain, jaiarekin lotutako alderdiei buruzko jakinarazpenak bidaliko dira denbora errealean (zirkulazio-arazoak, azken orduko berriak, etab.).

Era berean, Oinezi dohaintzak egiteko aukera izango da Bizumen bidez 03259 identifikatzailea erabiliz, prozesu hori ez baitago inongo telefono- zenbakirekin lotuta.

Tafallako ikastolak 50+2 urteurrena ospatu du aurten. (NAIZ)
 

223 familia, 35 langile eta 318 ikasle

Eskualdeko erreferente bilakatu da Garces de los Fayos ikastola ikasleen, eta oro har, gizartearen euskalduntze prozesu luze bezain malkartsuan. Pasa den mendeko 1970. urtean sortu zen ikastola, eta garai hartan zortzi familia soilik izan ziren euskarazko hezkuntzaren aldeko apustua egin zutenak.

Orduz gero, eta auzolanean egindako lan eskergari esker, ikastolaren proiektuak aurrera egitea lortu zuen, harik eta 1987. urtean alegaltasun egoeratik irten zen arte. Ikasturte hartan hamar ikasleko lehen promozioa atera zen.

Esan bezala, hastapeneko urte haiek oztopoz beteak izan ziren, baina irmotasunez eta kemenez aurrera egitea lortu zuten oztopo administratibo eta bestelakoak uneoro gaindituz. Beste efemeride garrantzitsu bat 1994ean heldu zen. Urte hartan kale mobilizazio eta protesta ugariren ondoren, Bigarren Hezkuntzako etapa osoa emateko baimena lortu zen, ikasleek hamasei urte bete arte, alegia.

2011n espazio behar berriak sortu zitzaizkion ikastolari. Urte hartan hirugarren Nafarroa Oinez antolatu zuen Garces de los Fayos ikastolak eta handik ateratako etekinak baliatuta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza etaparako eraikin berria egin zene.

Denbora guzti horretan Garces de los Fayos ikastolak Nafarroa Erdialdeko ehunka ume eta gazte euskaldundu ditu murgiltze eredu linguistikoaren bidez, hezkuntza-proiektu sendo, berritzaile eta kalitatezkoa eskainiz.

Gaur egun, Garcés de los Fayos Ikastola gurasoen irakaskuntza-kooperatiba da, Nafarroako Ikastolen Elkartean eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen baitan kokatzen dena. Orotara, 223 familia, 35 langile eta 318 ikaslez osaturik dago. Azken hauek Nafarroako Erdialdeko hainbat tokitatik datoz; besteak beste, Artaxoatik, Artariaindik, Barasoaindik, Beiretik, Garinoaindik, Iratxetatik, Erriberritik eta Tafallatik bertatik, noski.

Gaur egun hiru hezkuntza etapatan egiten dute lan ikastolan, eta ondo finkaturiko helburu batekin: ikasle euskaldunak, kritikoak, eleanitzak, konpetenteak, autonomoak eta adeitsuak izaten laguntzea.