NAIZ

Arrizabalagak eta Capellanek jantzi dute Hiru Hiriburuak torneoko lehen txapela

Atano III.a frontoian jokatu da Hiru Hiriburuak torneoko lehen finala eta giro ederra bizi izan da. 1.400 zale batu dira bertan eta partida ona ikusi ahal izan dute. Azkenean, Arrizabalaga eta Capellanek jantzi dute txapela, Aldai-Mendizabali 22-15 irabazita.

Capellan (eskuinean) eta Arrizabalaga, finaleko txapel eta garaikurrarekin.
Capellan (eskuinean) eta Arrizabalaga, finaleko txapel eta garaikurrarekin. (EMAKUME MASTER CUP)

Olatz Arrizabalaga eta Andrea Capellanek osatutako bikoteak estreinatu du Hiri Hiriburuak torneoko palmaresa, igande eguerdian Atano III.a frontoian jokaturiko finalean Aldai-Mendizabali 22-15 irabazita.

Kirol honetako finalik gogoratuenetako asko Donostiako pilotaleku mitiko honetan jokatutakoak izan dira eta Amara auzoko frontoi honek bere garairik distiratsuenak gogoratu ditu gaur eguerdian bertaratu diren 1400 zaleek –garai onenetako gizonezkoen final handietan adina ia– jarritako giro bero eta alaiarekin. Bitxikeria gisa, pilota mistoko eliteen finalean pilotaleku horretan Binakako txapela Ruben Belokirekin jantzi zuten bi pilotari, Miguel Capellan eta Juantxo Koka, izan dituzte botillero eta aitak 96an lortutako balentriari jarraipena eman dio errioxarrak. Hirugarren posturako lehian, Barrokal-Gamindek 18-10 irabazi diete Etxegarai-Oses oñatiarrei.

Eta azkeneko finaletan gertatutakoaren aurka, kantxan barruan lau pilotariek harmailetan egon den giro bikain horri jokoarekin erantzun diete. Egia da lehen pilotakadatik irabazleek beste sendotasun bat erakutsi dutela euren jokoan eta eurena izan dela markagailuaren kontrola une oro, baina, batez ere partidaren erdi aldera, lehia oso orekatu eta ikusgarria izan da, batez ere bi aurrelariek erakutsitako joko bizi eta oldarkorrarekin.

Gaurkoan, baina, gernikarra nagusitu da eta, bikotearen zama bere bizkar gainean hartuta, Olatz Arrizabalaga izan da finaleko pilotaririk onena. Udan izandako eskuetako arazoak erabat ahaztuta, ausart eta eraginkor ekin dio partidari bizkaitarrak, pilota abiadura bizian mugitu eta aurkariak euren lekutik ateraz. Gauzak horrela, 6-2 aurreratu dira San Mateotako irabazleak, baina Amaia Aldai jokoan sartu eta partida orekatzea lortu dute, markagailua zortzian berdinduta. Eskuan eramandako kolpe baten erruz jokatzeko zalantzetan izan zen Dimakoa, baina jokatzeko moduan izan da eta, aukeran akats gehiegi pilatu baditu ere, gauza ikusgarriak utzi ditu. Esaterako, atzo bere azken partida jokatu zuen Oinatz Bengoetxearen gisan, txokotik ateratako pare bat sake ere, emakumeen esku pilota azken urteetan izaten ari den garapenaren erakusgarri.

Hala ere, Arrizabalaga eta Capellan gaur askoz zehatzago aritu dira Atano III.ean bildu den jendetzaren aurrean eta merezitako garaipena eskuratu dute.

FITXA TEKNIKOA:

Aldai-Mendizabal: 15
Arrizabalaga-Capellan: 22

Pilotakadak: 339. Iraupena: 45,19 minutu. Markagailua: 0-2, 2-6, 5-7, 5-8, 8-8, 8-12, 11-12, 11-18, 13-18, 13-19, 15-19, 15-22. Sakeak: 3 Aldaik eta 1 Arrizabalagak. Egindakoak: 4 Aldaik, 0 Mendizabalek, 9 Arrizabalagak eta 2 Capellanek. Galdutakoak: 6 Aldaik, 5 Mendizabalek, 5 Arrizabalagak eta 6 Capellanek. Gorabeherak: 1.400 ikusle eta giro itzela Donostiako Atano III.a pilotalekuan.