NAIZ

Eitb.eus eta Euskadi Irratiko erredakzio kontseiluek Arzallusek jasandako zentsura salatu dute

EITBren zuzendaritzak Maddalen Arzallusen kantua webgunetik kentzeko hartu duen erabakia «larritzat» jo dute Euskadi Irratiko eta eitb.eus-eko erredakzio kontseiluek. Adierazpen askatasuna babestearen garrantzia azpimarratu dute.

Maddalen Arzallus, Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan.
Maddalen Arzallus, Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan. (NAIZ)

Euskadi Irratiko eta eitb.eus-eko erredakzio kontseiluek gogor salatu dute EITBren zuzendaritzak Ion Kepa Paroten inguruan Maddalen Arzallusek egindako kantua webgunetik kentzeko hartu duen erabakia.

32 urteko espetxealdiaren ondotik ostegun goizean Mureteko kartzelatik atera zen Ion Kepa Paroten inguruko bertso bat kantatu zuen Maddalen Arzallusek Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan egiten duen kolaborazioan. Ohi bezala, EITBk webgunean eskegi zuen kolaborazioaren bideoa, baina kasu honetan, ordu batzuen buruan desagertu egin zen.

«Adierazpen askatasuna babestearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, salbuespen kasuetan soilik mugatu daitekeen eskubidea baita eta hau ez zen horietako bat. Beraz, Euskadi Irratiko eta eitb.eus-eko erredakzio kontseiluetatik ez dugu ulertzen eta ez gatoz bat EITBko zuzendaritzak hartu duen erabakiarekin», adierazi dute ohar baten bitartez.

Era berean, Euskadi Irratiko eta eitb.eus-eko erredakzio kontseiluek babesa adierazi diete ‘Faktoria’ albistegiko lan taldeari eta bereziki Iñaki Guridi aurkezleari «jaso dituzten irain eta neurrigabeko kritikengatik».

«Bide batez defendatu nahi dugu, zerbitzu publikoa garen aldetik, Euskadi Irratiko eta eitb.eus-eko erredakzioek, errespetuz eta errespetuan oinarrituta, saio anitzak eskaintzeko egunero egiten duten ahalegina», gaineratu dute.