NAIZ

Donostiako Udaleko garbitzaileek greba hasiko dute urriaren 26an

Datorren asteazkenean, urriak 26, grebari ekingo diotela iragarri dute Donostiako Udaleko garbitzaileek. Erakundeak azpikontratatutako FCC Medioambiente enpresarentzat egiten dute lan, eta soldata arrakala eta feminizatutako sektore honen prekaritatea emaitzeko eskatzen diote Udalari.

ELAk deitutako garbitzaileen greba eta manifestazioa, joan den urteko ekainean, Donostian.
ELAk deitutako garbitzaileen greba eta manifestazioa, joan den urteko ekainean, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostiako Udaleko garbitzaileek greba hasiko dute heldu den asteazkenean, urriak 26. FCC Medioambiente enpresako langileak dira, erakunde publikoak azpikontratatuak. ELA, ESK eta CCOO sindikatuek deitu dute protesta ekintza.

Donostiako Udalari eskatzen diote abuztuan argitaratutako azken baldintzak bertan behera uzteko. Neurri horiek astean kasik 300 ordu murrizten dute zerbitzua. Soldata arrakala amaitzeko aurrekontu ekonomikoa handitzeko eta kontsumo prezioen indizea (KPI) bermatzeko ere galdegiten diote.

ELAk oroitarazi duenez, urtebete baino gehiago da langileek Udalari aldarrikapen horiek egin zizkiotela, lan baldintzetan sar zitzan. «Baina aintzat hartzetik urrun, zerbitzua murriztu du Udalak», gaitzetsi du.

«Udalak zerbitzua murriztu du. Orain hiru egunetik behin soilik garbitu behar dugu haur eskoletako zorua? Hori da kalitatezko zerbitzua eskaintzea? Hori da sektoreari duintasuna ematea? Nola liteke 2021ean ia 92 milioi euro irabazi zituen enpresa batek gure soldatak izoztea planteatzea?», galdetu dute.

Propagandarik ez, politika bakarrik

Langileak penatuta daude Udalak «feminizatutako sektoreak erabiltzen dituelako erreminta politiko gisa bere irudia zuritzeko». Azaldu duenez, EAJk eta PSEk osatutako udal gobernuaren ezaugarri feminista bakarra «Martxoaren 8ko txapa morea da».

«Ez dugu propagandarik behar, sektore feminizatuetako prekaritatea eta soldata arrakala bukatzeko politikak baino, behingoz benetako berdintasuna lor dezagun», azpimarratu dute.