NAIZ

Senideek Gregorio Alboren gorpuzkiak jaso dituzte, Paternaingo hobian aurkituak

Gregorio Albo Urcelayren senideek haren gorpuzkiak jaso dituzte Partenaingo hobiaren inguruan egindako ekitaldi batean. Trenbideetako langilea zen Albo.

Gregorio Alboren gorpuzkiak berreskuratu dituzte senideek.
Gregorio Alboren gorpuzkiak berreskuratu dituzte senideek. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Gregorio Albo Urcelayren gorpuzkiak jaso dituzte haren ahaideek, besteak beste, Manuel semeak eta Manu Ibero bilobak. Nafarroako Memoriaren Institutuaren desobiratzeen programaren baitan berreskuratu ziren gorpuzkiak Partenaingo hobian, pasa den ekainean. Han egin dute ekitaldia ostegun honetan.

Gregorio Albo da Nasertic-eko laborategi genetikoan identifikatu ahal izan den lehen biktima.

Ana Ollo Hiritarrekiko Harremanetarako sailburua izan da ekitaldiaren buru. Zizurko Udaleko eta Paternaingo Kontzejuko tokiko agintariek, elkarte memorialistetako kideek eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek ere parte hartu dute gorpuzkiak berreskuratzeko ekitaldian.

Hitza hartu duenean, sailburuak Nafarroako Gobernuak oroimenerako politika publikoekin duen konpromisoa azpimarratu du, eta gogorarazi bilatzen jarraitzen dutela, lanean jarraitzen dutela, «sinetsirik memoria zuzen batetik, biktimen eskubidetik, egiatik, justiziatik eta erreparaziotik, oraindik irekita dauden zauri horiek ixtea lortuko dugula».

Gaur egun, senide gehiagorekin harremanetan jartzeko lanean ari dira, identifikazio berriak ahalbidetuko dituzten erkaketa genetikoak osatu ahal izateko. Sortu zirenetik, 33 dira DNA Bankuak identifikatutako pertsonak, eta 323 irekitako espedienteak.

Gregorio Albo 1905ean jaio zen Calzada de Bureba herrixkan (Burgos), trenbideetako langilea zen eta Alderdi Komunistari (PC) lotuta zegoen. Pilar Trascasarekin ezkonduta zegoen, eta harekin alaba eta seme bat izan zituen.

Alboren atxiloketari eta hilketari buruzko xehetasun askorik ez dago. Nafarroako Gobernuak dioenez, 1936ko abuztuaren 26tik 29ra bitartean Iruñeko estazioko zenbait trenbideetako langile atxilotu zituzten, baina ez zituzten bertako espetxean sartu.

Atxiloketa horiek ez ziren erregistratu eta horrek gerora egin zen krimena erraztu zuen.