NAIZ
Tutera

Tuteran euskararen alde egingo den manifestazioa kontzerturik gabe izango da

Hordago! euskararen aldeko herri ekimenaren baitan Tuteran larunbaterako aurreikusita zeuden kontzertuak bertan behera utzi behar izan dituzte antolatzaileek Udalak jarritako oztopoen ondoren.

Trabekin minduta baina aurrera egiteko gogoz azaldu da Agerraldia ostegun honetan arratsaldean Tuteran.
Trabekin minduta baina aurrera egiteko gogoz azaldu da Agerraldia ostegun honetan arratsaldean Tuteran. (Agerraldia)

Tuteran larunbat honetan euskararen aldeko eta zonifikazio linguistikoaren aurkako Hordago! herri ekimenaren baitan antolatuta zeuden kontzertuak bertan behera utzi behar izan dituzte Udalak jarritako traben ondorioz. Ekimenaren manifestazio nagusiak, aldiz, aurrera jarraituko du.

Honen harira Hordago Nafarroak zabaldutako ohar batek dioenaren arabera, «ez dira gutxi izan Tuterako Udalak mobilizazio honi paratu dizkion trabak». 

Oharraren bitartez gogorarazi dutenez, 2021eko azaroan jarri zen martxan herri ekimen hau, Cortesen eskainitako adierazpen batekin. Haiek zehazten dutenez, euskarak Nafarroa Garaian pairatzen duen zonifikazioa gainditzearen aldeko jarrera bultzatzeko helburuarekin sortu zen Hordago!. Izan ere, helburua «Nafarroako zein tokitan bizi diren kontuan hartu gabe nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko duen giroa sustatzea» da, Nafarroa osoko hizkuntza dela aldarrikatzeko.

Larunbateko manifestazioa ekimen honek antolatutako lehendabiziko mobilizazioa izango da. Azpimarratu dutenez, agerraldia «ez euskaldun» gisa izendatutako eremuaren hiririk handienean izango da, hots, Tuteran.

17.30ean abiatuko da manifestazioa Plaza Berritik, eta toki berean bukatuko da, «Zonifikazioari hordago! ¡Viva el euskera, de Cortes a Bera!» lelopean. Antolatzaileek bertaratzeko deia zabaldu dute, «oztopoak oztopo» egingo dela nabarmenduz.

Agerraldia: «Bat egiteko deia, inoiz baino gehiago»

Arratsaldean, Agerraldia plataforma azaldu da hedabideen aurrean, kontzertuari jarritako trabak zehaztu eta manifestazioan parte hartzeko deia biderkatzeko.

Kronologia oso zehazteaz gain, «Agerraldia-ren eskutik tuterarrok antolatua genuen kontzertua egiteko trabak besterik ez dizkigu jarri Tuterako egungo udal gobernuak», salatu dute. «Maiatzetik gabiltza udalaren atzetik. Instantziak, elkarrizketak, berriro ere instantziak, elkarrizketak, udaletxera joan eta inork ez erantzun, kontzertua egiteko leku ezberdinak aurkeztu, udalak nahi den lekuan egiteko aukera ere bideratu zaie…. Hamaika saiakera eta baietzik ez».

«Jakin dugunez, ez da gurea lehenengo adibidea: badira tuterar elkarte eta norbanakoak ekintza kulturalak antolatu eta eskaini dituztenak eta leku  publikoak erabiltzeko eskaeren aurrean udaletxearen ezetza jaso dutenak. Oinarririk ez duten erabaki arbitrarioak hartzen ari dira baimenak emateko orduan, argumentuak ez dira fundamentatuak eta egun aprobatu gabeko ordenantza bat jartzen dute aitzakitzat», erantsi du Agerraldiak.

«Agerraldia egitasmoa Nafarroa erdi eta hegoaldean euskarari hauspo berria emateko sortu zen Errigoraren eskutik. Bertatik bertara. Zonaldeko euskaltzaleen behar eta interesen arabera hainbat ekintza praktiko xume egin dira hiru urteotan. Eta datorren larunbaterako Deskontrol musika taldearen kontzertua ere antolatua genuen. Jarritako trabekin ez dago baldintzarik kontzertu jendetsu, alai eta partehartzaile bat egiteko, beraz, larunbat honetan ez dugu Deskontrolen kontzerturik izango. Minduta bai baina ez diogu hau penatuta. Izan ere, udaberrian, baldintza egokiak ziurtatuta, egin egingo dugu kontzertua. Tutera eta Erriberako euskaltzaleok nahi dugulako eta beharrezko jotzen dugulako. Jendetsua, alaia eta partehartzailea izango da; euskaltzaleon ekimenez plazaratua eta euskararekiko fobiarik ez duten guztiei irekia», aurreratu dute.

«Baina ez dugu horretan gelditzeko asmorik –nabarmendu nahi izan dute–. Udaberriarako prestatu dugun kontzertuaz gain, larunbat honetarako hitzordua ere hor dugu. Errigoraren udazkenetako saskien  kanpainari hasiera emango Ablitasen, auzolanean; eta arratsaldean Tuterako plazara heldukoa da auzolana. Hain zuzen “Bat egiteko garaia da” du lelotzat Errigoraren kanpaina eta zein leku egokiagoa herriko plaza baino bat egiteko. Kontzerturik ez baina, baina gure oihuen (aldarrikapenaren) kantua gure herriko, Tuterako, kaleetan entzungo da. Euskara plazara diogunean bat egiteko deia egiten ari baikara aldi berean. Erribera eta Euskal Herriko euskaltzale guztioi egiten dizuegu beraz deia, inoiz baino gehiago, bat egiteko».