NAIZ

Algaraklown Pailazo taldea onura publikoko elkarte gisa aitortu du Lakuak

Algaraklown duela 10 urte sortu zen Donostian eta ordutik Donostia Ospitaleko zein Gipuzkoako adinekoen egoitzetan aritzen da egoiliarrak, langileak eta senideak umorearen bidez alaitzen. Egiten duten lana txalotu nahi izan du Lakuak.

Algaraklown-eko pailazoak.
Algaraklown-eko pailazoak. (ALGARAKLOWN)

Lakuako Gobernuak Algaraklown elkartea onura publikokoa dela aitortu du. Izan ere, ospitalean dauden gaixoak, batez ere haurrak, eta egoitzetan bizi diren adineko pertsonak zein langileak eta familiak alaitzeko lan garrantzitsua betetzen baitute.

Algaraklown Ospitaleko Pailazoen Elkartea 2012an sortu zen Donostian. Harrezkero, Donostia Ospitaleko pediatria eremuan dauden adingabeen eta Gipuzkoako egoitzetan dauden adinekoen bizi-kalitatea eta osasun emozionala hobetzeko lanean ari da. Klownaren baldarkeria, musika, jolasa edota magia bezalako teknika artistiko ezberdinen bidez, elkarte honek umorea gaixotasun eta zaurgarritasun guneetara eramaten du.

Azken 6 urteetan, ospitaleetako bisiten eta ebakuntza gelara laguntzearen programaren bidez 15.000 pertsona artatu dituzte haur, senide eta osasun langileen artean. Egoitzen kasuan, guztira 5.000 pertsona egoiliar eta langile soziosanitario bisitatu dituzte.

Elkarteak nabarmendu duenez, Lakuak egin dien administrazio aitorpena garrantzitsua da Algaraklown osatzen duten guztientzat, horrek adierazten duelako «ospitaleratutako edota zentroetan bizi diren pertsonen emozioen hobekuntzan laguntzea interes orokorreko helburua dela», haien hitzetan.

Elkarteak webgune bat du non egiten dutenaren berri ematen duten. Bertan, gainera, denda solidario bat dute martxan proiektuari ekarpena egin nahi diotenek euren aletxoa jar dezaten. Gainera, txoko bat dago beraiekin bizitako esperientziak kontatu ahal izateko.