NAIZ

Dendarteanek protesta egin du Gipuzkoako Aldundiari Ticket Bai atzeratzeko eskatzeko

Dendartean Gipuzkoako merkatari, ostalari eta zerbitzarien elkarteak protesta egin du Donostian, Foru Aldundiak ezarriko duen Ticket Bai sistemak kalte egingo diela esateko. Azken orduko aldaketarik ezean, derrigorrezkoa izango da Ticket Bai azaroaren 1etik aurrera.

Ticket Bai sistema berria ezartzeko moduaren aurkako elkarretaratzea egin zuen Dendartean elkarteak joan den maiatzean Donostian.
Ticket Bai sistema berria ezartzeko moduaren aurkako elkarretaratzea egin zuen Dendartean elkarteak joan den maiatzean Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Merkatariak krisian dira: salmentek behera egin dute, kostuek gora eta kontsumitzaileek erosteko ahalmena galdu dute. Baina hori eta sektorean dagoen arrakala digitala kontuan hartu gabe kostu gehiagotara behartuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Ticket Bai sistemaren bidez. Hala salatu du igande honetan Donostiako kaleetan Dendartean elkarteak, ‘Ticket bai, horrela ez’ leloarekin, eguerdian Foru Aldunditik abiatu den manifestazioan. Hilabeteak daramate Ogasun sailarekin harremanetan, sektorearen ikuspegia azaltzeko eta ez daudela sistema ezartzeko moduarekin ados esateko.

Diotenez, «trantsizioa behar bezala egiteko bitartekorik jarri gabe» ezarriko du Ticket Bai Aldundiak. Sistema honek «denbora, segurtasuna eta datuak» kenduko dizkie merkatariei, eta «software-hornitzaileekiko erabateko mendekotasuna sortu, horrek esan nahi duen guztiarekin».

Azken orduko aldaketarik gertatzen ez bada, derrigorrezkoa izango da sistema datorren azaroaren 1etik aurrera.

Txikien kalte, handien mesede

Bien bitartean, hemen kokatzen diren marka eta kate erraldoiak eta internet bidez saltzen duten plataforma handiak Ticket Baitik libre daudela salatu dute. «Oso eskertuta egongo dira».

Estatu espainiarrean gai hau patxada eta logika handiagoarekin lantzen ari direla uste du 2.637 kide biltzen dituen elkarteak: «Legeak garatuz, aurrena informatikako enpresa guztiak behartuz sistema hori garatzera beren software guztietan, eta ondoren, sistemaren ezarpena merketu eta funtzionamendu egokia bermatzean, saltokiei derrigortasuna ezarriz. Gainera, Kit Digitala laguntza atera dute, sistemaren ezarpena finantzatu dezakeena. Aldiz, gipuzkoar guztiok laguntza hori eskuratzeko aukerarik gabe ezarri beharrean aurkitu gara».

Oroitu dutenez, jakina da saltoki txikietan ez dagoela iruzur fiskalik, eta kate handiek askoz zerga gutxiago ordaintzen dutela, bai Europako paradisu fiskaletan egoitza dutelako, bai beren neurrira egindako lege sistema bat dutelako. «Bertako enpresarioi baldintza okerragoak ezartzen zaizkigu, besteak beste, kanpokoei eragiten ez dien Ticket Bai fakturazio sistema».

Azpimarratu dutenez, saltoki txikiak bizi daitezen eta egoera hobetu dezaten baliabideak jarri beharrean, beste traba bat jarriko die Gipuzkoako Foru Aldundiak, handiei mesede eginez.

Ticket Bairen ezarpena atzeratzeko eta plan egoki bat egiteko eskatu diote Aldundiari, «Estatu osoan derrigor egingo den egutegiarekin bat, non beharrezko prestakuntza planak ezarriko diren softwarea ondo maneiatu ahal izateko. Plan horretan fiskalitate zuzentzaile bat ezartzea ere beharrezkoa da, egungo legediak Gipuzkoako merkataritzari ekartzen dion desabantaila izugarria buka dadin. Funtsak soberan ditu Aldundiak eskatzen dioguna egiteko», baieztatu dute.