NAIZ

Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute Biarritzen, Munduko Pilota Txapelketan

«Mundiala bai, Euskal Herria ere bai eta Inposaketarik ez, ofizialtasuna» lelopean egin du protesta Euskal Pilota Selekzioa kolektiboak txapelketa hasten zen egun berean. Euskal pilotariek ezingo dute euskal koloreekin lehiatu.

Eñaut Etxeberria pilotaria hizketan, Biarritzen egin duten protestan.
Eñaut Etxeberria pilotaria hizketan, Biarritzen egin duten protestan. (François BERLAND)

Igande honetan abiatu da Biarritzen Munduko Pilota Txapelketa eta hilaren 29a bitarte ospatuko da Lapurdiko herri honetan. Bost kontinentetako 36 selekzio lehiatuko dira, hemeretzi modalitatetan, eta horien artean 91 euskal pilotari ariko dira. Hori bai, Espainiarekin, Frantziarekin, AEBekin, Txilerekin eta Kanadarekin lehiatu beharko dira. Ezingo dute egin, ordea, euskal selekzioarekin. Ez denez ofiziala, ezin du parte hartu Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa ofizialetan.

Biarritzeko protestan mezuak ozenak izan dira. (François BERLAND)

Hala, hori salatu eta ofizialtasuna aldarrikatzeko, Aguilera Jai Alai pilotalekuaren aurrean, munduko txapelketaren irekiera ekitaldiaren aurretik, Euskal Pilota Selekzioa kolektiboak protesta antolatu du igande honetan, "Mundiala bai, Euskal Herria ere bai eta Inposaketarik ez, ofizialtasuna" lelopean.

Ekimenean, Eñaut Etxeberria pilotariak hartu du hitza. «Euskal pilotariok ezin dugu Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatzen dituen txapelketetan parte hartu Euskal Herriko selekzioarekin. Aukera bakarra beste selekzio batekin lehiatzea da», azaldu du Etxeberriak.

Protestan egindako ekimen bat. (François BERLAND)

Duela aste batzuk, hilaren 12an Durangon, salatu zuten euskal selekzioarekin lehiatzeko aukerik ez dutela pilota munduko dozenaka lagunek. NAIZ Irratirako elkarrizketa batean, Ander Martin Estenaga Euskal Pilota Selekzioko bozeramaileak azpimarratu zuenez, «guk daukagun boikota itzela da, baina aurrera egin behar dugu, beraien menpe egon gabe».

Elkarrizketan bertan aipatzen zuenez, Munduko Pilota Batzarrari eta euskal pilota federazioei eskatu zieten irtenbide egokiak topatzeko lanean jarraitzeko, eta horretarako beharrezkoak diren erabakiak hartzeko. Horien artean, aipatu zuten Euskal Pilota Federazioa ofizial egiteko eskaera berriz egitea Nazioarteko Federazioan.

Euskal Herriko gainerako instituzioei, berriz, exijitu zieten euren esku dauden «tresna juridiko, politiko eta pertsonalak» baliatzeko, ofizialtasuna lortzen laguntzeko.