Jon Ormazabal

Kaiolako statu quoa hankaz gora jartzen amaitu du Peio Etxeberriak Donostian

Partida guztian oso nagusi izan ostean, finalerdietan da Zenotzekoa eta Laso/Ezkurdia partidaren irabazlearen aurka arituko da. Bere mailatik urrun aritu den Altuna III.ak, aldiz, Dariori irabazi beharko dio finalerako txartela Aitor Elordiren aurka jokatu ahal izateko.

Peio Etxeberriak hankapean ibili du Altuna Donostian.
Peio Etxeberriak hankapean ibili du Altuna Donostian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Oraindik edozer gerta liteke eta inor ez litzateke harrituko azaroaren 20 finalean ohiko oilarrak bilduko balira Bizkaia pilotalekuan, baina gaur gaurkoz, kaiolako statu quoa hankaz gora iraultzen amaitu du Peio Etxeberriak Jokin Altunari Donostian 15-22 gailenduta. Bezperan Aitor Elordik egindakoaren bidetik, lehen pilotakadatik markagailuaren agintea hartuta, Zenotzekoa goitik behera nagusitu zaio bere mailatik oso urrun aritu den amezketarrari eta horrenbestez finalerdietarako txartela eskuratu du eta larunbatean Iruñean jokatuko den Laso/ Ezkurdia partidaren irabazlearen aurka neurtuko ditu indarrak finalerdietan. Jokin Altunak, bere aldetik, Dario garaitu beharko du, oraindik erabakitzeke dagoen pilotaleku batean, finalerako txartela Elordiren aurka jokatu nahi badu.

Trazu lodietan Atanoko partidak bezperakoaren antzik izan badezake ere, bietan faboritoak ez zirenek partida hasieran alde nabarmenak hartu zituzten, garapenean erabat desberdinak izan dira, Bilbon Unai Lasok bigarren partean itxura ona eman zuen bitartean, Jokin Altuna partidatik erabat irtenda aritu da, bere gorputz espresioak eta zenbait keinuk ezkutatu ezin izan duten moduan. «Desastre bat egin dut, oso oso gaizki, eta berak asko jokatu du. Baina aurkariak irabazten didanean askotan esaten dut nire buruarekin gustura geratu naizela, aurreko astean ere nahiz eta atzetik joan gustura ari nintzela esan nuen baina gaur desastre aritu naiz eta oso haserre», azaldu du amezketarrak partida amaitu berritan. «Ez naiz partidan sartu, pilota gutxi jo ditut ondo, %70a gaizki jo ditut, ez nuen asmatzen hanketara jokatzen, errematatzerako orduan pilotak salto egiten zidan, ez zitzaidan eskuan sartzen, sakatu gutxi...orokorrean desastre bat», gaineratu du, burumakur, egungo txapeldunak. Hori bai, dena gaizki eginda, 15 tanto egitea ez dago askoren esku, nahiz eta gaurko Jokin Altuna ohikoaren antipodetan egon den.

Hasieratik ezinean

Gabezia horiek guztiak, gainera, azkar antzeman zaizkio, hein handi batean, parean bikain aritu den Peio Etxeberria bat izan duelako. Galtzeko gutxirekin, lehen jardunaldian Dariori irabazita finalerdietarako bidearen zati handi bat egina zuen, ausart eta eraginkor aritu da ultzamarra lehen tantotik. Lehen sakea gorri izan bada ere, hasieratik hartu du partidaren aginte makila eta ez du askatu, nahiz eta uneren batean, esaterako 7-2koan 31 pilotakada gurutzatu ostean, fisikoki buelta eman ezinda aritu bada ere.

Sakeak asko baldintzatzen ditu halako partidak eta gaur ere hor egon da partidaren parte handi bat. Zenbakiei erreparatuta ez dago halako alderik, baina errestoan mundu bat egon da bataren eta bestearen artean. Nafarrak amezketarrarenak bikain erantzun dituen bitartean, airea kendu ezinik ibili da egungo kaiolako txapelduna eta bigarren pilotakada horretan zital aritu da Zenotzekoa, tantoa zuzenean sartuz edo aurkariak jarraitu ezin izan duen erritmo bat jarriz partidari.

Bere sakearekin Jokin Altuna behin bakarrik izan da gai hiru tanto segidan egiteko, eta ordurako partida oso maldan gora jarri zaio, 7-17tik 10-17rako tartean izan baita hori. Momentu horretan tanto bakarra behar zuen Peio Etxeberriak aurrera egiteko, baina ez da horretan geratu eta ondo merezitako garaipena eskuratu du. Gainera, ezin esan kasualitatez irabazi dionik, azken urtean elkarren aurka kaiolan jokatutako hiru partidetan gailendu baitzaio ultzamarra gipuzkoarrari, benetan aurkari deserosoa zaiola berretsiz.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a: 15

Peio Etxeberria: 22

Pilotakadak: 212. Iraupena: 54,03 minutu. Markagailua: 0-5, 2-5, 2-7, 4-7, 4-9, 5-9, 5-11, 6-11, 6-15, 7-15, 7-17, 10-17, 10-19, 11-19, 14-20, 14-21, 15-21, 15-22. Sakeak: 1 (falta 1) Altuna III.ak eta 1 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 6 Altuna III.ak eta 11 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 7 Altuna III.ak eta 6 Peio Etxeberriak. Gorabeherak: 690 ikusle Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Iñaki Altuna aritu da bere lehengusu Jokinen botilero lanak egiten eta Andoni Gaskue Peio Etxeberriarekin. Dirua nabarmen gorri hasieran eta 6-13koan urdindu da lehen aldiz.  

 

Egiguren Promoziokoan aurrera
Iraitz Zubizarretak ezin izan du herritarren aurrean dagoeneko sailkatua zegoen Salaberriari irabazi –22-17 galdu du– eta hortaz Julen Egigurenek egin du aurrera Promozio mailan. Azpeitiarrak Bakaikoaren aurka jokatuko du finalerdietan eta Salaberriak Exposito debutatu berriaren aurka. Hemen ere, Baikok ordezkari bakarrarekin geratu da.