Athleticek atzera pauso nabarmena eman du defentsa lanetan azken hilabetean. Aurreko denboraldian baino arrisku gehiago hartzen ari dira erasoko jokoan eta atzean zulo gehiago uzten ditu. 12 gol jaso dituzte liga hasiera honetan eta, horietatik 8, azken lau partidetan iritsi dira. Sevilla, Atletico, Getafe eta Bartzelonaren kontra.
Talde zuri-gorriak maila ona eman zuen atzean txapelketako lehen jardunaldietan. Oso aukera gutxi egin zizkioten aurkariek eta Unai Simon ere fin aritu zen. Jokalariek egindako akatsen ondorioz heldu ziren jasotako lehen golak.
Espanyolen kontrako porrotean Vivianek eta Yerayk ez zuten elkar ulertu Braithwaite gelditzerakoan eta Elxen ere gasteiztarrak galdutako baloi baten ostean iritsi zen gola. Rayoren kontrako norgehiagokan Iñigo Martinez izan zen huts egin zuena, batez ere lehen golean. Bigarrenean Falcao aurreratu zitzaion eta erremate bikain bat egin zuen.
Taldeak sendotasuna erakutsi zuen defentsan abuztu eta iraileko zazpi partidetan. Aurkarien maila igotzen joan da urrian zehar eta zuri-gorrien gabeziak azaleratzen hasi dira.
Sevillari egindako bisitan agerian geratu zen atea nondik irekitzeko hautua egin zuten andaluziarrek. Papu Gomez eta Montiel argentinarrek ezker hegaletik sortu zuten gola lehen minutuetan eta beste aukera garbi pare bat ere izan zituzten lehen zatian. Lekuek asko sufritu zuen eta Berenguerrek ez zion askorik lagundu aurkariak gelditzerakoan. Oliver Torresek egindako golean Sancetek ezer gutxi egin zuen Sevillako jokalariari errematea oztopatzeko.
Atleticok berriz, baloi luzeekin egin zion mina defentsa zuri-gorriari lehen zatian. Aldi berean, Simeonek zelai erdian eratutako armiarma sareak erasoan jokatzeko baloirik gabe utzi zien. Porrota ekarri zuen gola ere ezker izkinetik heldu zen. Iñigo Martinezek ezta Lekuek ez zuten Morata oztopatzerik izan eta area barruan emandako pasea sareetara bidali zuen Griezmannek. Aurrelari frantsesa bakarrik zegoen.
Getaferen kontrakoan aldaketak egin zituen Valverdek hamaikakoan eta Muniain jarri zuen ezker hegalean. Madrildarren lehen gola, Djenek bere zonaldetik presio gabe egindako erdiraketa batetik etorri zen. Erdiko atzelariek ezta Vesgak ez zuten baloia urruntzen asmatu eta Aleñak egin zuen gola.
Munirren bigarrena Lekuek irrist egin ostean heldu zen. Eskuin hegalean zegoen deustuarra eta Yuri goian harrapatu zuen. Ez zion atzera itzultzeko astirik eman. Zarauztarra lesionaturik egon da azken hilabete eta erdian eta hasieratik atera zen Camp Noun. Erantzunkizun handiegia izan zen Yurirentzat eta ez zuen bere eguna izan. Dembelek zoratu egin zuen. Lehen golean aurre hartu zion jauzi egiterakoan. Bigarrenean bidea ireki zion Sergi Robertori, hirugarrenean golaren pasea eman zion Lewandoskiri eta laugarrenean Ferran Torresi.
Yuri guztiz gainditurik egon zen eta ez zuen Berenguerren laguntzarik izan. Nafarrak ere lan gutxi egin zuen defentsan. Athleticek oso irudi txarra eman zuen Bartzelonan. Valverdek egindako apustuak ez zuen funtzionatu. Munian eta Sancet aulkian utzi zituen eta Zarragak eta Herrerak ezer gutxi egin ahal izan zuten. Jokalari guztiak baloiaren atzetik aritu ziren, tokia aurkitu ezinik, hondamendi bat izan zen. Partida ondoren Yerayk aitortu zuen bezala, 2021ean Bartzelonaren kontra galdutako azken Kopako finaletik, taldeak egin duen partidarik txarrenetakoa izan zen.
Vila-real, lesioak eta beste hiru partida
Porrot gogorra jaso arren, Athleticek Europako postuetan jarraitzen du Ligako sailkapenean. Seigarren tokian dago, Vila-realekin berdinduta. Unai Emeryk zuzentzen duen taldea San Mamesen izango da datorren igandean (18.30). Almeria gainditu zuten luzapenean azken jardunaldian eta Conference League txapelketako partida jokatuko dute astean zehar.
Talde zuri-gorriak altxatu beharra dauka eta liga hasieran erakutsitako dohaiak berreskuratu. Ander Herrera eta Dani Garcia lesionatu egin ziren Camp Noun eta ez dira jokatzeko moduan egongo. Vencedorrek minutuak izan zituen bigarren zatian aspaldiko partez. Gola egiteko aukera aparta izan zuen, baina jaurtiketa eskasa egin zuen atezainik egon ez arren.
Txapelketa eten egingo da Lehen Mailan azaroan Qatarren jokatuko den Munduko Koparengatik eta Ligako beste bi jardunaldi jokatuko ditu Athleticek. Azaroaren 4ean, ostirala, Gironaren zelaian jokatuko du eta azaroaren 8an, asteartea, Valladolid etorriko da San Mamesera.
Azaroaren 12 eta 13ko asteburuan Kopako lehen kanporaketa izango da. Bigarren Federazioan lehiatzen den UD Alziraren kontra neurtuko dira. Valentziarrak dira eta 2011ko udan adiskidantzazko partida jokatu zuten bertan. Marcelo Bielsaren lehen partida izan zen. 0 eta 3 irabazi zuten zuri-gorriek. Herrerak ere lehen aldiz jokatu zuen Athleticekin.