NAIZ

‘Hormigoizko mugak’, Nafarroan frankismoko egitura militarrak berreskuratzeko proiektua

Nafarroako eta Espainiako gobernuek frankismoko egitura militarrak berreskuratzeko hitzarmena sinatu dute Madrilen. Ezkabako gotorlekuaren inguruko proiektu bat garatzeko lan taldea sortzea proposatu du Ana Ollok.

Lesakako bunker frankista bat berreskuratzen, pasa den udan
Lesakako bunker frankista bat berreskuratzen, pasa den udan (Iñigo Uriz | FOKU)

Ana Ollo Nafarroako Herritarren Harremanetako kontseilariak eta Fernando Martinez Memoria Demokratikoaren Espainiako Gobernuko Idazkariak ‘Hormigoizko mugak’ proiektuaren lankidetza-hitzarmena sinatu dute Madrilen. Egitasmoaren helburua frankismoan zehar Nafarroako Pirinioetan eraikitako defentsa-egiturak berreskuratzea da, Olloren arabera. Sinatze ekitaldian, Ezkaba mendiko gotorlekuaren inguruko proiektu bat garatzeko lan taldea osatzea proposatu du Ollo kontseilariak. Sinbologia frankista kentzeaz eta memoria lekua dutenen errolda egiteaz ere hitz egin dute.

Lan-ildo nagusien artean, honakoak daude: bunkerrak eta defentsa-egiturak berraurkitzea; memoria berreskuratzea, erbesteari, elkartasun-sareei, kontrabandoari, frankismoaren aurka aritu zirenen buruzko ahozko testigantzak biltzea eta dokumental bat egitea; gazteentzat boluntario eremuak eta memoria landuko duten eskolak programak antolatzea; eta mugaren eta errepresioaren erakusketa-proiektua egitea.

Ekitaldian Ollok memoriaren garrantzia azpimarratu du «ezinbesteko funtzioa betetzen du gizarte justuago eta demokratikoago bat eraikitzeko». Horrelako lekuek, frankismoko egitura militarrek, belaunaldien arteko transmisioan jokatzen duten paper garrantzitsua ere aipatu du sailburuak: «Oroimena, batez ere etorkizuneko kontua da, eta ezinbesteko tresna errespetuzko, tolerantziazko eta askatasunezko balioak sustatzeko. Horregatik, leku horiek funtsezkoak dira bakea eta bizikidetza kontzeptuak sustatu eta transmititzeko, gertatutakoa gogoan hartuta».

Uda honetan norabide berean zihoan ekimen bat egin zuten ‘Muga gotortua’ izeneko auzolandegiak Argaitza harrobian. Gazteak eta memoria batu zituen ekimenak Bera eta Etxalarren.

‘Hormigoizko mugak’

‘Hormigoizko mugak’ ekimenak erregimen frankistaren errepresio motetako bat gizartearengana hurbiltzeko helburua du, lan behartuarena hain zuzen ere. Milaka egitura militarrek, hasiera batean preso errepublikanoen bidez altxatuak, Pirinioak gotortu zituzten II. Mundu Gerraren baitako aliatuen erasoa saihesteko.

Defentsa-egitura horiek ohikoak izan ziren gerren arteko Europan. Garai horretan, indarkeriak mendebaldeko kultura bereganatu zuen, eta faxismoen etorrerarekin askoz ere garrantzi handiagoa hartu zuen.

Astearte honetan sinatutako akordioaren arabera, Espainiako Ministerioak 30.000 euro erabiliko ditu ‘Muga eta errepresioa’ erakusketa-proiektua diseinatzeko eta ekoizteko, eta bere gain hartuko du Pirinioetako lan behartuei eta hormigoizko egiturei buruzko unitate didaktiko bat egitea. Horrez gain, bunkerrak berraurkitzeko, egitura horiek eta sarbideak garbitu eta egokitzeko, eta panelak, ibilbideak eta azalpen-liburuxkak diseinatzeko 170.000 euroko ekarpena egingo du. Bestalde, Nafarroako Memoriaren Institutuak 199.000 euroko ekarpena egingo du.