NAIZ
Donostia

Ernaik Ikasle Jardunaldiak antolatu ditu Hego Euskal Herriko campusetan azaroaren 7tik 10era

‘Gehiago Merezi Dugu’ dinamika politikoaren baitan, Ernaik Ikasle Jardunaldiak
antolatu ditu Hego Euskal Herriko campus ezberdinetan. «Ikasleen bizitzak prekarizatzen dituen unibertsitate eredu neoliberala» zenbait hitzaldiren bidez aztertu eta landuko dute.

Unibertsitateetako dinamika Donostiako campusean aurkeztu du Ernaik.
Unibertsitateetako dinamika Donostiako campusean aurkeztu du Ernaik. (Ernai)

Ikas baldintza «duinak» aldarrikatzeko helburuarekin, Ernaik ‘Gehiago Merezi Dugu’ dinamika politikoa abiatu du Hego Euskal Herriko unibertsitateetan. Antolakundearen ustez, Espainiar Estatuak «inposaturiko egungo unibertsitate ereduak» sistema kapitalistaren erreproduzkioa du helburu gisa, eta honek ikasleen bizitzak «geroz eta prekarioagoak bilakatzen ditu».

Hau honela, dinamikaren abiapuntu bezala ikasle jardunaldiak antolatu dituzte Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko, Leioako eta Ibaetako campusetan, hala nola Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Iruñeko campusean eta Mondragon Unibertsitatean.

Jardunaldi hauetan, lehenik, unibertsitate eredua ertz ezberdinetatik aztertuko duten hitzaldiak antolatu dituzte, eta bestetik, aurki sare sozialetan aurkeztuko duten egun osoko egitarauak egongo dira campusetan.

Hitzaldiei dagokionez, azaroaren 8an Ibaetan ‘Unibertsitate transfeministarantz’ hitzaldia izango dute Kattalin Miner eta Iñigo Etxezarreta Eihera kooperatibako kideen eskutik, NUPen ‘Unibertsitate euskaldunerantz: euskararen erronka nagusiak hezkuntzan’ izango dute mintzagai Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak eta Urko Aierbe Euskal Herrian Euskaraz-eko kideekin; Gasteizen unibertsitatearen pribatizazio eta elitizazio prozesuak izango dituzte aztergai Gabi Elkoroaristizabal LAB sindikatuko langileak, eta Arrasaten ‘Multinazionaletatik ihesi, hezkuntzan burujabetza digitalerantz’ hitzaldia emango dute Jaio Martinez Saez de Maturanak (Skura) eta Beñat Irasuegi Ibarrak (Olatukoop).

Azaroaren 9an, Leioako campusean Jokin Bergara sozio-ekologian ikerlariak eta Gorka Laurnaga klima aktibistak ‘Unibertsitate ekozida: trantsizio ekologikoaren erronkak’ hitzaldia eskainiko dute.