«Lehengoan partidatik irten egin nintzen eta hori ez da ohikoa izaten nigan. Normalean, nahiz eta markagailuan atzetik joan, badakit momentu horietan eusten, baina aurrekoan atera egin nintzen eta horrekin haserre bukatu nuen». Peio Etxeberriaren aurka Donostian egindako akats larri hau berriz ez errepikatzea da, oraintxe bertan, Jokin Altunaren kezka nagusia, muturreko egoera batean egon arren, bere burua ondo ikusten duelako gogoz eta, batez ere, antzeko egoerei buelta emateko gai izan baita aurretik ere.
«Txapeldun irten naizen guztietan adibidez egoera honetan egon naiz ligaxkan, horrek ez du esan nahi orain txapeldun irtengo naizenik, baina garrantzitsuena azken partida honetara aukerekin heltzea da, badakit gauzak hobetu behar ditudala, baina orain final laurden batzuk jokatuko bagenitu bezala da, igandean irabazten badut finalerdietara noa». Arrazoi du amezketarrak, are gehiago, finalera heldu den sei aldietan, bakarrean lortu du ligaxkako hiru partidak irabazita heltzea finalerdietara, 2019koan, Peio Etxeberriari (22-5), Jakari (22-9) eta Victorri (22-9) gailenduta. Hori bai, finalean ezin izan zuen Nafarroa Arenako lehen finalean Joseba Ezkurdia gainditu. 2020ean ez zen ligaxkarik jokatu pandemiak erabat baldintzatutako denboraldian, baina gainontzekoetan beti heldu zen amezketarra ligaxkako azken jardunaldira partidaren bat galduta; 2016an Urrutik irabazi zion 22-7, 2017an ere Zaratamokoak 22-12, 2018an Joseba Ezkurdiak 22-10 eta iaz, aurten bezala, Peio Etxeberriak 22-18.
Bide horretan ikasi ere egin omen du egungo txapeldunak. «Ez da egoera berria, ni neroni hasiera batean gehiago kezkatzen nintzen, baina orain badakit buruari bueltaka aritzeak ez duela ezertara eramaten. Saiatu beharra daukat, ari naizen bezalaxe, entrenamenduetan sentsazio onak izaten eta igandera ondo heltzen».
Oreka handia
Hori bai, hirurek aukera guztiek euren esku dituzten arren, ezustekoa izango da Laso edo Ezkurdia finalerdietatik kanpo ikustea, bietako bat eroriko da, eta, nork daki, baita Altuna bera ere. Honen inguruko irakurketa ere izan du mintzagai amezketarrak. «Beti esaten dudan bezala, kantxan erakutsi behar da eta pilotari asko daude oso onak eta denen aurka kostatzen da irabaztea. Ikusiko dugu zein pilotari heltzen diren finalera, baina esango nuke pilotarentzat ona dela horrenbeste lan egin duen jendea, Elordi, Peio edo Dario bezalako jendeak goraka egitea, niretzat pilotak irabazi egiten du horrekin», azaldu du.
«Lau eta erdian, gainera, esango nuke gauzak asko berdintzen direla, gaur egungo jokoa nire ustez gero eta eroagoa da, gero eta denbora gutxiago ematen du, aurkariek gero eta gehiago egiten dute aurrera eta lehen faboritoak zirenak faboritoagoak ziren. Gaur egun, sakeak, dagoen materialarekin, daukan garrantziarekin eta egiten den joko azkarrarekin ez da erraza», gaineratu du.
Dario Gomez bere igandeko aurkaria ere ez da Altunak bigarren jardunaldian erakutsitako aurpegi tristeaz fio. «Jokinek dena partida bakarrean jokoan duenean izugarri jokatzen du. Egia da aurreko astean huts egin zuela, baina nekez egiten du halako zehaztasun handiko makina batek huts bi aldiz jarraian», adierazi du umorez.