NAIZ

Monzon-Ganuza 2023 Saria ordezkatuko duen obra artistikoa aukeratzeko epea zabalik da

Olaso Dorrea Fundazioak iragarri duenez, Monzon-Ganuza Saria ordezkatuko duen obra artistikoa aukeratzeko epea zabalik dago. 3.500 euro jasoko ditu aukeratutako egileak.

Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk jaso zuten iaz Monzon-Ganuza saria, Laida Lertxundik sortua.
Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk jaso zuten iaz Monzon-Ganuza saria, Laida Lertxundik sortua. (Raul BOGAJO | FOKU)

Monzon-Ganuza Saria ordezkatuko duen obra artistikoa aukeratzeko epea zabalik dago. Hala iragarri du Olaso Dorrea Fundazioak ostegun honetan bidalitako ohar batean. Azaldu duenez, 3.500 euro jasoko ditu aukeratutako egileak.

2021ean, Telesforo Monzonen heriotzaren 40 urteurrenean, «berak eta Josefa Ganuzak bezala, bere bizitzaren ardatz Euskal Herria, euskara eta euskal kultura izan duten herritarrak omentzeko saria» jarri zuten abian Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak elkarlanean.

«Monzon-Ganuza sariaren bidez Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omendu nahi dira», adierazi du fundazioak, eta Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria «sinbolikoa» izan ohi dela ohartarazi du.

Halaber, saria euskal artista berriak sustatzeko erabiltzen dela gaineratu du. Izan ere, «urtero artista berri bati eskainiko zaio saria diseinatzeko aukera edo aurretik egina duen bat emateko aukera, horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako ekimen bihurtuko delarik. Modu horretan belaunaldien arteko zubi lana eraiki nahi da».

Saria aukeratzeko Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak artista proposamena egiteko hiru aditu artistiko izendatu dituzte. Hauek izango dira proposamenak egingo dituztenak: Karlos Galarraga Bergarako Beart arte elkarteko kidea, Jesus Mari Lazkano margolaria eta Mikel Lertxundi arte historialaria eta komisarioa.

Laida Lertxundik sortu zuen iazko Monzon-Ganuza saria. Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk jaso zuten gero, Euskal Herriari bizitza bete lan eskaini diotela aitortu eta omentzeko.