NAIZ

2023ko Herri Urrats, maiatzaren 14an

Sare sozialen bidez iragarri du Seaskak heldu den urterako hitzordua. 2023ko maiatzaren 14an iraganen da Herri Urrats, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko sostengua biltzeko 1984an sorturiko besta nagusia. Laster berri gehiago emanen dituztela hitz eman dute Herri Urratse elkarteko antolatzaileek.

Aurtengo Herri Urrats besta maiatzaren 8n iragan zen Senpereko aitziran. Guillaume FAUVEAU
Aurtengo Herri Urrats besta maiatzaren 8n iragan zen Senpereko aitziran. Guillaume FAUVEAU (Hamaika Telebista)

Bart Facebooken bidez Herri Urrats elkarteak plazaratu zuen mezuari heldu dio gaur Ikastolen Elkarteko lehendakari den Koldo Tellituk Twitter sarean.

Beraz, ofiziala da. Heldu den urtean ere Ipar Euskal Herriko ikastolen alde sostengua biltzeko hitzordu nagusia iraganen da. 2023ko Herri Urrats maiatzaren 14an iraganen da.

Besta handiaren save the date horretan atxikitako argazkiari so eginez gero Senpereko aintziran iraganen da Euskal Herri osoko dozenaka mila euskalzale biltzen duen besta eguna. Edonola ere, Herri Urrats elkarteari egokituko zaio kokapenari buruz eta oro heldu den urteko edizioari buruzko xehetasunak ematea.

1984.urtean ospatu zen lehen aldiz Herri Urrats Senperen. Garaian auzapez zen Germain Espondak GARAri eskainitako elkarrizketa batean oroitarazi zuenez estreinako edizio horrendako 200 bat lagun biltzea espero bazuten, finean 5.000 euskalzale heldu ziren Lapurdiko herritar Seaska sostengatzerat.

Pandemiak ezarritako bi urteko etenaldia gaindituta, Herri Urratsen 39. edizioa ‘Itzulera’ lelopean iragan zen, maiatzaren 8an, Senperen.

Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa txiki gelditu denez, 2023ko ikasturte hasierarako hain zuzen Senperen kokatuko den Seaska federazioaren bosgarren kolegioa diruztatzeko xede izan du aurtengo Herri Urratsek.

Ezinbestean, ospakizunaz gain aldarrikapenak bere tokia hartu zuen azkeneko Herri Urratsen ere. Hala, Senpereko lakuaren inguruan ezarritako banderolek zein ikasle eta buraso anitzek soinean zeramatzaten tixertek aitortzen zuten azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena aitzina eramateko nahikeria agerian utzi zuen Seaskak besta egun horretan.

Geroztik ikastolek garatu dituzten okupazio eta mobilizazio ekimenei jarraipena emanez Omiasainduko oporren ostean, azaroaren 14an, giza katea antolatu dute Azterketak Euskaraz ekimenak eta Seaskak Bordelen.