NAIZ
Donostia

Herritarren bultzada, presoen eskubideak betearazteko ezinbesteko hauspoa

Jendartearen babesa eta presioa giltzarri dira dela presoen etxeratzean dela dagokien askatasunean edo graduan, azpimarratu dute Etxerat eta Sarek. Azken ostiralean, Jakes Esnal eta Jon Kepa Paroten zigor amaierak txalotzeaz gain, Xabier Atristain donostiarraren azken kartzeleratzea salatu dute.

Presoen senideek hartu zituzten plazak azken ostiralean iluntzean; irudian, Gasteiz.
Presoen senideek hartu zituzten plazak azken ostiralean iluntzean; irudian, Gasteiz. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hogeita hamabi urte eta erdiz gatibu egon ondoren, Jon Kepa Parot eta Jakes Esnal presoen askatasuna erabatekoa ez dela gogorarazi dute Etxeratek eta Sarek urriaren azken ostiralean, biak ala biak baldintzapeko askatasunean berriki gelditu baitira libre Mureteko espetxea eta Lannemezangoa atzean utzita, hurrenez hurren.

Hala ere, neurriak neurri, dagoeneko familia eta lagunartean daudela txalotu dute bi elkarteek eta hori, «hein handi batean», Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren, erakundeen eta herritarren mobilizazioari esker izan dela gogorarazi dute, «haien inplikazio eta lanarekin bien askatasuna behin betiko bideratzen lagundu baitute».

Badira «pozteko» beste mugimendu batzuk, beste hamaika preso hurbilduko baitituzte egunotan Euskal Herrira. «Urrunketarekin bukatzeko egindako mobilizazioa eta herritarren bultzadak bere fruituak ematen ditu. Ez da asko geratzen hala izan dadin, baina ez dugu erabat amaitu presoen urrunketarekin. Are gutxiago, gradu-aurrerapenen deuseztapen, baimenak jasotzeko debeku eta gainerako salbuespen-neurriekin. Era iraunkorrean, Espainiako Auzitegi Nazionalak, Fiskaltzaren bultzadaz, Tratamendu Batzordeek euskal presoen kasuan onartzen dituzten gradu-aurrerapenak edo espetxe-baimenak errekurritu eta bertan behera uzten ditu», salatu dute Etxeratek eta Sarek partekatutako ohar bidez.

«Haserrea» azaldu dute senideek eta sare herritarrak Xabier Atristainen eskubideak urratzeko erabili diren trikimailuekin: «Espainiako Auzitegi Gorenak muzin egin zion Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiari, zeinak ondorioztatu zuen preso donostiarrak ez zuela epaiketa justurik izan, eta orain Auzitegi Nazionala, baldintza guztiak betetzen zituelarik, Eusko Jaurlaritzak Atristaini emandako hirugarren gradua bertan behera utzi du».

Euskal presoek haien ibilbide juridiko-penitentziarioaren aldeko apustuarekin jarraitzen dutela gogorarazi dute, eta «hori da errealitatea». Horren aurrean aldiz, Auzitegi Nazionalak tratamendu-batzordeen eta Lakuaren erabakiak geldiarazten dituela tamaldu dira. «Hori eta salbuespenezko legeria mantentzearekin batera, 7/2003 eta 7/2014 Lege Organikoak, hain zuzen ere, Europan ezagutzen ez diren espetxe zigor ikaragarriak betetzeko helburu bakarra dituztenak, eragotzi egiten du etxera itzultzeko bideari eustea».

Amaitzeko, urriaren 8an Donostian Sarek deitu zuen mobilizazioak jaso zuen babesa eskertu dute. «Etxerako bidea betetzea da (…) jaialdiaren helburua. Bihotzez eskertu nahi dugu milaka lagunen parte-hartzea balio handiko gertakari batean, bidean jarraitzen dugula egiaztatzen baitu».

«Aurrera egitea» eta «euskal gizarteak mobilizatzen jarraitzea» gakoak dira elkarteen aburuz euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako prozesua egin ahal izan dezaten. «Hori gabe ezinezkoa izango delako bizikidetzan aurrera egitea», uste dute.

3.600 lagun baino gehiago

Azken ostiralarekin bat, ehunka herritar atera ziren atzo kaleak eta plazak betetzera. Zehazki, ohar bidez azaldu dutenez, 3.616 pertsonatik gora mobilizatu ziren iluntzean Sarek eta Etxeratek deituta «mezu argi bat helarazteko», dela «euskal preso, iheslari eta deportatu guztiek etxera itzultzeko prozesua» egin ahal izatea.

Guztira, 78 herri eta hirietan egindako mobilizazioen berri jaso dute, nahiz beste herriguneetan ere egin ziren. Hauek dira: Zarautz (85), Astigarraga (23), Zestoa (26), Mendaro (9), Algorta (50), Lasarte-Oria (54), Zeberio (34), Leioa (42), Laudio (23), Erandio (43), Zuia (36), Orozko (25), Ea (34), Zumaia (53), Sopela (35), Goizueta (32), Berriozar (33), Markina-Xemein (45), Itzubaltzeta-Romo (44), Usurbil (64), Durango (54), Arbizu (28), Aulestia (47), Tolosa (50) eta Anoeta (21).

Beste hainbeste egin zuten hainbat herrietan, hala hola, Sopuerta (23), Gernika (56), Ermua (36), Ugao (45), Legorreta (27), Etxarri-Aranatz (76), Iruñea (63), Legazpi (10), Irurtzun (22), Ataun (22), Bermeo (35), Deba (39), Larrabetzu (71), Elgoibar (34), Portugalete (34), CAF Beasain (8), Beasain (28), Villabona (84), Oñati (67), Muskiz (15), Alegia (15), Bergara (35), Arrigorriaga (25), Antzuola (24), Aretxabaleta (55), Berastegi (14) eta Seguran (23).

Hendaian ere batu ziren (25), baita Berango (11), Lekunberri (14), Ordizia (70), Abadiño (40), Bilbo (150), Gasteiz (400), Oiartzun (56), Donostia (67), Betelu (18), Lizartza (47), Hernani (115), Bakio (27), Amurrio (55), Zumarraga (56), Ibarra (38), Arrasate (100), Pasai Donibane (50), Irun (30), Urduliz (10), Basauri (24), Areso (12), Eibar (55), Otxandio (52) eta Ondarroan (100) ere.