Joseba Salbador Goikoetxea

Elikagai ekologikoak zuzenean erosteko aukera

Busturialdeko ekoizle ekologikoek ez dute hutsik egingo urriko azken astelehenean, bertako eta kalitatezko produktuak herritarrei zuzenean eskaintzeko. Kepa Agirregoikoa Etxanoko abeltzaina da horietako bat. Azoka berezian ez ezik, astelehenero joaten da Gernikara bere gazta eta jogurtekin.

Kepa Agirregoikoa Etxanoko abeltzaina astelehenero joaten da Gernikara bere baserrian egindako behi gazta eta jogurtak saltzera.
Kepa Agirregoikoa Etxanoko abeltzaina astelehenero joaten da Gernikara bere baserrian egindako behi gazta eta jogurtak saltzera. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Herriko beste eskualdeetan bezala, Busturialdean ere gero eta gehiago dira ekoizpen ekologikoaren ereduari jarraitzea erabaki duten nekazari eta abeltzainak. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak emandako datuen arabera, gaur egun Busturialdean 28 profesional dira ekoizpen ekologikoan ziurtatuta daudenak (Bizkaian dauden 218 profesionalen %12,8). Eredu ekologikoan landatutako azalera, berriz, 219 hektareakoa da eskualdean (Bizkaian dauden 1.621 hektareen %13,5).

Ekoizpen ekologikoaren helburu nagusia kalitate handiko elikagai osasuntsuak ekoiztea da, osagai kimiko eta transgenikorik gabe, eta horrekin batera, lurra emankor mantentzea, ingurumena zaintzea eta animalien ongizatea eta duintasuna bermatzea.

Kepa Agirregoikoak orain dela hamar urte erabaki zuen baserritik bizitzea, 22 urte besterik ez zituenean, eta bere familiaren baserrian esne-behiak jarri zituen esnekiak egiteko asmoarekin. Denbora honetan “Errotik” markako gazta freskoa eta jogurtak ezagunak egin dira eskualdeko etxe eta jantokietan. Urte sasoi batzuetan, bestalde, hilabete batez ondutako gazta ere egiten dute.

Une honetan zortzi esne-behi dituzte eta ekoizpen produkzioaren ziklo osoa beraiek kontrolatzen dute, eredu ekologikoaren ziurtagiriarekin. «Beti ahalegindu gara ekoizpenaren katea guk geuk hasi eta bukatzen –dio–. Horrela, gure behiek jaten duten belar guztia guk ekoizten dugu, beraiek ematen duten esne guztia guk geuk eraldatzen dugu, eta esnekiak guk geuk saltzen ditugu zuzenean, bai etxean bertan, dendetan edo Gernikako azokan».

Salmenta zuzenaren garrantzia

Salmenta zuzenak, beraz, garrantzi handia dauka Kepa Agirregoikoarentzat. «Guk astea Gernikan hasten dugu, astero-astero joaten baikara Gernikako plazara. Horretaz aparte –jarraitzen du–, astean zehar kontsumo taldeetan eta denda txikietan banatzen dugu, eta arratsaldero, ukuiluko lanak bukatu ondoren, etxean bertan ere saltzen dugu. Azkenik, gure jogurtak eskoletako jantokietara ere eramaten ditugu. Kasu honetan, eskaria gero eta handiagoa da», dio.

«Zuzeneko harremanean transmititu dezakeguna, zigilu batekin transmititu dezakeguna baino askoz gehiago da. Eta uste dut jendeak gero eta gehiago baloratzen duela hurbiltasun hori».

Modu batera edo bestera, Etxanoko baserri honetako ekoizpena 15 kilometroko inguruan saltzen dute, ez gehiago. Izan ere, beraientzat ekologikoa izatea bezain garrantzitsua da produktua bertakoa izatea eta bezeroarekin zuzeneko harremana mantentzea.

Kepa Agirregoikoak dioen moduan, «guk uste dugu zuzeneko harremanean transmititu dezakeguna zigilu batekin transmititu dezakeguna baino askoz gehiago dela. Eta uste dut jendeak gero eta gehiago baloratzen duela hurbiltasun hori».

Gernikako azokan duten bezeroei buruz galdetzerakoan, gehienbat adineko jendea dela nabarmentzen du Etxanoko abeltzainak. «Hamar urte daramatzagu astelehenero Gernikara joaten eta ohiko bezeroak ditugu, asteroko erosketak azokan egiteko ohitura dutenak. Gehienbat adineko jendea da, gazte jende gehiena astelehen goizetan lanean ari delako. Hori bai, jakin badakigu askok euren seme-alaba eta ilobentzako erosten dutela».

Azkenik, urriko azken asteleheneko salmentei buruz galdetzerakoan, «zerbait gehiago» saltzen duela dio, baina ez egun horretan ibiltzen den jende kopuruaren proportzioan. Zentzu horretan, eskaera bat luzatu nahi dio Gernikako Udalari, astero joaten diren ekoizleek proiekzio gehiago izan dezaten azoka berezietan. «Azoka bereziko postu onenak urtean behin etortzen direnentzako gordetzen dituzte. Horregatik esaten dugu astero etortzen garen produktore txikiak ez gaituztela behar bezala baloratzen», salatu du.