Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Euskaraldirako prestatzen: euskaldunok erdian kokatzeko praktikak herriz herri

Herritarrak su txikian sukaldatzen hasi ziren udan Euskaraldia. Oraindik urrun zen ariketaren data, azaroaren 18a. Baina tokian toki egiten ari diren aktibazio kanpainen ondorioz epeltzen doaz sentsazioak, eta gori-gori jartzea espero dute. Bilbo, Eskoriatza eta Gernika-Lumo bisitatu ditugu.

Gernikan larunbat honetan egindako kalejiraren argazkia.
Gernikan larunbat honetan egindako kalejiraren argazkia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hizkuntza ohiturak eta jarrerak harreman zehatzetan jokatzen direla frogatzera dator Euskaraldia. Kaleak hartzea da asmoa, aldeko giroa lagungarri izanen baita azaroaren 18tik abenduaren 2ra izanen den ariketa soziala ongi egiteko. ‘Hitzez Ekiteko Garaia’ lelodun edizio hau hirugarrena da eta esperientziaren abantaila du. Jakina da, adibidez, zein garrantzitsua den lorpenak ikusaraztea eta txapa eramatea, seguruago egiten dugulako euskaraz komunitate euskaldunak elkar ezagutua. Praktikak erakusten ari dira, hain zuzen, hainbat herritan egiten ari diren ekitaldietan.

Handienetik hasiko gara, Bilbotik. Ertz eta errealitate ugari biltzen da bertan; ez dira berdinak Indautxu eta Uribarri, Abando eta Otxarkoaga. Batzuetan bizpahiru laguneko sare txiki bat eratu dute eta besteetan handiagoa, zortzi-hamar kidekoa. Liher Barrantes Gabriel Aresti euskaltegiko irakaslea da. Irail partean auzoz auzo ibili zen batzordeak sortu nahian beste dinamizatzaile batekin batera.

Euskaldunak, gero eta bazterrerago

Urriaren 15ean auzoen aktibazioa ospatzeko ekitaldi xume bat egin zuten Santiago plazan, «eskerrak emateko, oraindik ibilbidea dagoela esateko, eta inguruko guztiak parte hartzera animatzeko». Honako mezua zabaldu zuten: «Euskaldunok erdigunean egon behar dugu, gero eta bazterrerago sentitzen garelako».

Bilbo «zerbitzu eta turismo hiri bihurtu da, eta paisaia linguistikoa erabat aldatu da. Lehen ‘gozotegia’ jartzen zuen lekuan ‘pâtisserie’ ipintzen du. Instituzioek bultzatutako politikak dira, Urdaibai Center zabaltzean aditzera ematen dute jendearengana heltzeko euskara baztertu eta beste hizkuntza batean egin behar duzula», kritikatu du Barrantesek.

Gazteentzako eskaintzan ez du apenas lekurik euskarak: «Ez dago musika eskola publikorik haur eta gazteek euskaraz ikasteko. Orokorrean, aisialdia erabat gaztelaniaz egiten da, errekonozimendua beti dute beste hizkuntzek». Gentrifikazioa ere traba da: «Lehen ezagutzen zenituen taberna eta txokoak marka eta kate handiek hartu dituzte. Espazioak galtzen ari gara».

Irailean aktibazio kanpaina hasi zutenean eguraldia bero zegoen baina sentsazioak hotz. «Auzoetan dezente aldatu da egoera, Euskaraldia ilusioz eta emozioz hartzen ari dira hasieran hotz zirenak. Ea zenbateraino egin ahal duten galdetzen digute, esaten diegu inoiz ez dela gehiegi, baina neurtzeko indarrak».

Bilboko Euskaraldiak Zazpi kaleetan du lokala, Santa Maria kaleko 14.ean. Interesa duena pozarren hartuko dute. Sare sozialetan ere iragarriko dituzte ekitaldiak. Bi hitzordu nagusi prestatzen ari dira: Euskaraldiaren bezperan izanen da bata, eta ariketaren datan Bilboko ahobizi eta belarripresten jaialdi bat egin nahi dute.

Eskoriatzan, gazteekin

Euskaraldiaren helburuetako bat gazteek gehiago parte hartzea da. Horri helduta, uztailean gazte batzuk deitu zituzten Eskoriatzan eta Euskaraldiaren batzordea sortu eta eurekin batera antolatzea proposatu zieten. «Lortu dugu, sei-zortzi gazte prest azaldu ziren eta noizean behin batzen gara», kontatu du Mari Carmen Arrieta Udaleko euskara teknikariak.

Arizmendi-Almen ikastolako batxilergoko lehen eta bigarren mailako ikasleekin saio bat egin dute. Izan ere, lehenengoz parte hartu ahal izango dute Euskaraldian, 16 urte bete dituztelako. «Eurak ere ekintzak egitera gonbidatu ditugu, adinkideekin eta irakasleekin. Ondo erantzun dute eta ari dira».

Lehenengo edizioan hamaikakoaren figura baliatu zen, pertsona esanguratsuek osatzen zuten, adin eta hizkuntzarekiko esperientzia ezberdinekoek. «Arrakasta izan zuen eta errepikatzeko modukoa ikusi genuen. Pauso bat gehiago emanez, hamabikoa sortu dugu».

Urriaren 14an Eskoriatzan egin zuten ekintza. Hamabikoa aurkeztu eta Euskaraldian izena emateko mahaiak zabaldu zituzten.

Urriaren 14ko ekitaldian, hamabiko hori aurkeztu eta Euskaraldian izena emateko mahaia zabaldu zuten. Kantaldi batekin eman zioten bukaera ekintzari. Herriko plazan bildu ziren. Aitzineko edizioetan antzoki baten barrenean elkartu ziren, baina gazteek garbi erran zuten: «Plazara atera behar dugu». Ostiral arratsaldea zen, eguraldi ederra, eta terrazak beteak zeuden. Giro polita sortu zen.

Euskaraldiak eskaintzen digun aukera aprobetxatzea erronka dela uste du Euskara teknikariak. «Ariketa zer den ondo jakitea eta ondo egin nahi izatea. Eremu deserosoetan zaila da elkarrizketa elebidunak izatea edo lehen hitza euskaraz egitea. Girotzea ondo dago baina arriskua da hor geratzea, ekintza bisualetan. Euskaraldia ariketa bat da, ohiturak aldatzeko, eta hori oso zaila da». Jendea gogotsu ikusten du entzuten eta ariketa zer den ulertu nahian. Zailtasuna eta hori gainditzeko gogoa, biak nabarmendu ditu.

Gernika-Lumon

Gernika-Lumon egun handia da urriko azken astelehena. Eta ospakizun giro horretan egin zuten, larunbatean, Euskaraldiko ekitaldia. Herriko musika akademia batekin kalejiran ibili ziren, herritarrak alaituz. Tabernen kaleak zeharkatu eta zentro-zentroan amaitu zuten. Oholtzan, bertsolariek abestu zuten eta gero AEKren inguruan dabiltzan bi neska gaztek ahobizi eta belarriprest bezala beraien esperientzia kontatu zuten. Bat bere bizitza euskaraz bizi nahi duen gernikarra, bestea euskara ikasteko ahaleginean ari den etorkina. Abesti musikatu batzuekin bukatu zuten ekitaldia. Eta denbora osoan zabalik izan zen Euskaraldian izena emateko mahaia.

«Herriko batzordean pozik gaude parte-hartzearekin», adierazi dio NAIZi Ekain Monge dinamizatzaileak. «Entitateak etorri dira, hezkuntza zentroetan oso-oso harrera ona izan dugu, merkatari eta ostalari asko animatu da».

Mongek 23 urte ditu eta erdarara jotzeko joera handia ikusten du herrian. «Esango nuke 30 urteren bueltakoak direla gehien hitz egiten dutenak. 20ren bueltan ere hitz egiten da, batzuek kontzientzia dugu. Gaztetxo eta haurrek, ordea, gero eta gaztelania gehiago egiten dute. Izan daiteke kontsumitzen duten aisialdi guztia, ikus-entzunezkoak tartean, gaztelaniaz delako. Asko igartzen da familia euskaltzaleetako haurrak gaztelania hutsean ibiltzen direla herrian».

Egoera irauli nahian, gazte mugimendu bat sortu dute euskararen inguruan: Mobidu. «Jaietan, adibidez, pegatina batzuk atera ditugu kontzientziak astintzeko. 17.000 biztanleko herria izaki, gune euskaltzale bat hipotetikoki, gazte ugari ibili beharko ginateke Mobidun, baina euskara lantzera hurbiltzen garenak 20 bat izango gara. Gustora, baina argi dago jendearen arazoen zerrendan lehena ez dela euskara», agertu du Mongek.

«Hizkuntza politiketan eragin ezean herritarren aktibazioak ez du balio izango»

«Lehenengo Euskaraldia ilusioarena izan zen, bigarrenean oztopoak oztopo sare sendo bat eratzea lortu genuen eta hirugarren edizioak konfirmazioarena izan behar du, aurrekoetan parte hartu genuenok eta lagun gehiagok aldatutako hizkuntza ohiturak berresteko aukera. Euskaralditik harago denon artean egoera soziolinguistikoa aldatzeko ahalmena dugu, eta euskaldunok ahaldundu eta erdigunea hartu behar dugu», aldarrikatu du Liher Barrantes Bilboko dinamizatzaileak.

Dioenez, zailtasuna egoera bera da: «Euskaldunok geneukan terreno apur hori ere galtzen ari gara. Nazio mailan gertatzen ari da, erabilera datuek erakusten dute. Araban igo dira apur bat zenbakiak baina egoera ez da ospatzekoa, larria da».

Bizkaiko hiriburuan euskara ez dago kezka nagusien artean, «askoren zerrendan ez da agertu ere egiten. Euskarak ez du botorik ematen hemen. Hizkuntza politiketan eragin ezean herritarren aktibazioak ez du balio izango, ordea», ohartarazi du. «Instituzioek ikusi behar dute egoera larria dela. Euskalgintzan kontziente gara, nabaritzen dugu gero eta erakarmen txikiagoa daukala euskarak, euskaltegietako matrikulazioetan ere nabari da. Poztu egiten gara plataforma handietan pelikula bat euskaraz ikusten dugunean, baina normaltasunez egin beharko genuke hori. Esparru asko dira. Eta politikoki hartzen den edozein erabakik eragin handia dauka gure hizkuntza ohituretan».

«Euskalgintzatik jarraituko dugu eragiten eta ahal dela fokua instituzioetan jartzen eta ez norbanakoetan, politikoki ohitura handia dagoelako horretarako, birziklapen kanpainetan adibidez. Laguntza eta elkarlan eske gatoz, ez apurtzera baizik eta eraikitzera», nabarmendu du Barrantesek.