Joseba Salbador Goikoetxea

Hirugarrenean, hemen da Gernikako azoka

Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, hemen da berriro urriko azken asteleheneko azoka, baserriko ekoizpenaren erakusleiho garrantzitsuena eta aurten 293 postu izango dituena. Gainera, zubia denez, inoiz baino jende gehiago espero da.

Euskal baserrietako produkturik onenak eskainiko dituzte 239 postutan.
Euskal baserrietako produkturik onenak eskainiko dituzte 239 postutan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Milaka lagunek hartuko dute parte bihar Gernika-Lumon urriko azken asteleheneko azokan. Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean, euskal baserrietako produkturik onenak eskainiko dituzte 293 postutan.

Euskal Herriko azoka garrantzitsuenetakoa den honetan, jendetza biltzea espero da, jai-zubi batekin batera eta bi urteko murrizketen ondoren ospatuko baita. Horrela, 2019an bildutako 110.000 pertsonako kopurua gainditzea espero dute udal ordezkariek.

Baserriko produktuei eskainitako postuen artean, gaztarenak izango dira ugarienak, 37 guztira; ondoren barazkiak (28), ogia eta euskal pastela (24), txakolina (18) eta nekazaritzako makineria (14), besteak beste. Gainera, hainbat artisauk ekoitzitako produktuak saltzeko 50 postu jarriko dira.

Azokan zehar, barazki, fruta, landare apaingarri, txakolin, ezti eta gazta ekoizle onenak sarituko dituzte. Antolatzaileek izendatutako epaimahaia, sektoreko teknikari adituek osatuko dute, eta 8:30etik 10:00etara bitartean arituko dira lanean.Ordu horretatik aurrera eman ahal izango zaio hasiera salmentari,15:00etara arte.

Udal arduradunek jakitera eman dutenez, saltzaileek baldintza batzuk bete beharko dituzte, urriko azken asteleheneko azokaren zentzua ez eraldatzeko eta honen tradizioari jarraitzeko. Horrela, fruta eta barazkien atalean, euren ustiategian produzitzen duten baserritarrek baino ezingo dute saldu. Lore eta landare apaingarrien atalean ere, saltzaileak produktoreen gremiokoak izango dira eta norberaren  ustiategian ekoitziak izan beharko dira.

Eztiari dagokionez, Eusko Labela duen eztia baino ezingo da saldu eta, era berean, ez dago eratorritako produkturik erakusterik edo saltzerik (kremak, lozioak, ukenduak, aplikazio kosmetikoak eta abar).

Txakolinari dagokionez, bestalde, Bizkaiko Txakolina jatorri-izena duten botilak baino ezingo dira saldu; sagardoa, berriz, Bizkaiko Sagardogileen Elkartean integratutako produktoreen sagardoa izan beharko da; eta arrautza ekologikoen atalean, hegaztitegiak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Ekologikoaren Erregistro Orokorraren egiaztagiria izan beharko du.

Gazta lehiaketa eta enkantea

Gernikako gazta lehiaketa ospetsuan parte hartzeko artzain ekoizlea edo ekoizle txikia izan behar da, eta Idiazabal jatorri-izena duen ardi-esnearekin egindako gazta edo Artzai Gazta erakundeko bazkideen gazta saldu ahal izango da.

Gazta irabazlearen dastaketan sukaldari ospetsuek parte hartuko dute –Jose Miguel Olazabalaga (Aizian eta Melia Bilbao jatetxeetakoa), Daniel Garcia (Zortziko jatetxea), Ricardo Perez (Yandiola) eta Beñat Ormaetxea (Jauregi Barria)–, baita Joseba Uribarri euskal aktoreak eta Ana Martin enologoak ere. Sari-banaketa 14:00etan egingo da Merkurio iturriaren aurrealdean.

Ordu erdi lehenago, 13:30 aldera, jende gehien biltzen duen ekitaldia egingo dute: gazta irabazleen enkantea. Beste urte batez, irabazlearen eta bigarren onenaren gazta erdiak eramango dituzte enkantera. 2019ko gazta onena Arabako Agiñaga herriko Larrabe gaztandegikoa izan zen, eta 6.600 euroan erosi zuen Nafarroako Zoco patxaran enpresak.

Oraingoan ere, sari banaketa eta enkantearen aurretik, bertsolariek ohiko saioa egingo dute Merkurion. Onintza Enbeita, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso igoko dira oholtza gainera, 12:00etan.

Arratsaldeko ekitaldiak

Jai egitarauak jarraipena izango du arratsaldean. Horrela, txosnetako musikaz gain, musika festa izango da Astran, 17:00etan hasita. Bertan ariko dira Dj Little Martin Selektah, Pary & Tiza, Tzerriz eta Gorriontxu Ta Laztana.

Eguna amaitzeko, Gernika Jai Alai Winter Series pilota txapelketako hasierako partidak izango dira, Urko-Manzi eta Ale-Ibarluzea bikoteen artekoa eta Erkiaga-Zabala eta Barandika-Lekerika bikoteen artekoa.

Azoka dela eta, Gernikako hainbat kale itxita egongo dira asteburu osoan zehar. Horrela, San Juan kalea itxita egongo da martitzen goizera arte, eta, Artekale, Juan Calzada eta Adolfo Urioste kaleetatik, ostera, eguen goizera arte (azaroak 3) ezingo dira ibilgailuak pasatu.

Trena bai, Bizkaibusik ez

Ohi bezala, azokara hurbiltzeko garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin dute erakunde publikoek. Horrela, Euskotrenek zerbitzu bereziak eskainiko ditu egun osoan zehar, baina Bizkaibus konpainiak ez du zerbitzurik emango, Busturiko eta Lea-Artibaiko langileek deitu duten 24 orduko greba dela eta.

Euskotrenek ohiko tren zerbitzua indartuko du urriko azken asteleheneko ospakizuna dela eta. Joan-etorriak errazteko asmoz, egun osoan zehar eta gauez tren bereziak ibiliko dira Bilbo eta Gernika artean, jende gehien ibiliko den ordu tarteetan zerbitzua indartzeko.

Hain zuzen, Euskotrenek jakinarazi duenez, E4 Matiko-Gernika-Bermeo linean tren zerbitzuak 30 minutuan behin ibiliko dira egunean zehar, eta goizean zerbitzua indartzeko trenak jarriko dira, eskariaren egoerari aurre egiteko.

Kontrako noranzkoan ere (Bermeo-Gernika-Matiko) trenak 30 minutuan behin izango dira egunaren zatirik handienean, eta zerbitzua indartu egingo dute eguerdian. Urriaren 31tik azaroaren 1era bitarteko gauean, Gernikatik Bermeora eta Matikora hainbat zerbitzu eskainiko dira. Hori bai, Institutua eta Lurgorri geralekuak zerbitzuz kanpo egongo dira egun osoan (09:00etatik aurrera Lurgorriren kasuan).
Bizkaibus konpainiak, aldiz, ez du zerbitzurik emango, langileek 24 orduko grebari eustea erabaki baitute.

Bihar bertan langileak Gernikako merkatuan kontzentratuko dira, 2020ko abendutik eguneratu gabe dagoen lan-hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatzeko.
Lanuzte horiek Bilbo eta Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Gernika, Mungia, Ermua, EHU eta Galdakaoko Ospitalea lotzen dituzten lineei eragingo diete.