Jokin Altuna Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietan izango da zazpigarren urtez jarraian. Amezketarrak 22-3 menderatu du Tolosan Dario Gomez, ahazteko moduko eguna izan duen errioxarra, eta Aitor Elordiren aurka neurtuko ditu indarrak datorren igandean, Bilbon, finaleko bigarren txartelaren bila.
Altuna oso faborito irten da Beotibarren, baina inor gutxik espero zuen gero kantxan gertatu dena. Irabazi ala ez, Dariok estualdi bat behintzat eman nahi zion amezketarrari, baina ez da horrelakorik izan.
Lehen sakea Altunari egokitu zaio eta berehala hasi da tantoak pilatzen, ondo sakatuz eta aurreko asteburuan egindako neurketa txarra ahaztuz. Aurreneko tantoan Dariok pilota erraza behera bota du, bigarrena sake oso on batekin egin du Altunak, hirugarrena ere sakez…
Gainera zetorkiona aurreikusiz, Dario saiatu da Altunari kilimak egiten, errestoan aurrera eginez batzuetan, atzera besteetan, atseden taktikoren bat eskatuz… Baina kontua da lehen atsedenaldi luzera 12-0 iritsi dela norgehiagoka, 46 pilotakada bakarrik jota eta hamar minutu eskasean. Ordurako zortzi tanto zituen sakez eginak Altunak.
Dario aldageletara sartu da Asier bere anaiarekin atsedenaldian, hasiera tamalgarri hori ahaztu eta berriz ere hutsetik hasteko helburuarekin, baina neurketa ez da batere aldatu. Eta Dario bera izan da, markagailuan gertatzen ari zenaz jabetuta, gero eta urduriago ibili dena. Bigarren atsedenaldi luzera ere tantorik egin gabe iritsi da errioxarra: 18-0.
Azken txanpan hiru tanto egiteko aukera izan du sikiera Dariok, nahiz eta irudipena izan den Altunak emandako erraztasunak medio iritsi direla. Amaiera ere, benetan tristea eman dio partidari Dariok: sakez horma-bikoa egitera joan da eta pilota zuzenean kontrakantxara bidali du.
«Alde batetik pozik nago, irabazi dudalako eta finalerdietan sartu naizelako, baina bestetik penatuta ere bai, Dariok gaizki pasa duelako eta hori ez zaigulako gustatzen. Berak ez du bere maila eman eta pena handia izan da», onartu du Jokin Altuna neurketa amaieran.
Hala ere, zazpigarren aldiz segidan kaiolako finalerdietan egotea nabarmentzekoa dela aipatu du: «Askotan ez zaio merezi duen garrantzia ematen. Pilotariak bai, badakielako zenbat kostatzen den hor egotea, baina kanpotik ematen du obligazioa dela».
Sasoi onean dagoela gaineratu du –«ongi nago, astean egindako entrenamenduetan ikusten nuen ongi nagoela»–, eta oso pozik Elordiren aurka jokatuko duelako: «Lagun handia da, mutil oso jatorra, eta ilusioa egiten dit bere aurka jokatzeak. Sekulako lana egin du, ez txapelketa honetan bakarrik, baita aurreko urteetan ere, eta ongi merezia du hor egotea. Dena ematera joango naiz, finalean sartzen banaiz perfekto, eta berak irabazten badit zoriondu eta lixto».
Dariok, bere aldetik, ez du asko hitz egin nahi izan, eta gertatutakoa ahazten saiatuko dela adierazi du. «Berak asko sakatu du, ni errestoan ez naiz fin ibili, eta ezin dut askoz gehiago esan, apenas lau tanto egon direlako piloteatuak. Ez dut jokatu, sinpleki. Pena ematen dit batez ere jarraitzaileengatik eta senideengatik, ziur nik baino gehiago sufritu dutela. Datorren astetik aurrera berriz ere gogor entrenatzera», esan du.