NAIZ

Eider Merino igotzaile bizkaitarra da Laboral Kutxaren datorren urterako lehen fitxaketa

Euskadi Fundazioaren emakumeen taldearen liderra izango da errepidean igotzaile bizkaitarra, batez ere nazioartean, eta gainerako taldekideentzako kirol gidaria.

Eider Merino, 2018ko Emakumeen Biran, GARAko maillotarekin Movistar taldean zegoela.
Eider Merino, 2018ko Emakumeen Biran, GARAko maillotarekin Movistar taldean zegoela. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Eider Merino (1994, Balmaseda) fitxatu du Laboral Kutxa txirrindularitza taldeak. Euskadi Fundazioaren emakumeen taldearen liderra izango da errepidean igotzaile bizkaitarra, batez ere nazioartean, eta gainerako taldekideentzako kirol gidaria.

Modu honetan, Euskadi Fundazioak jakinarazi duenez, Laboral Kutxak bere egituraren atea ireki dio Merinori «etxean bizikleta heldutasuna osatu ahal izateko», euskal txirrindulari onenei maila gorenean lehiatzeko aukera ematea baita babeslearen helburu nagusietakoa.

«Taldea hazi egingo da 2023an, eta 2024tik aurrera Women World Tour-en leku bat lortu nahi du, euskal emakumezkoen txirrindularitza ezagutzera emateko mundu mailan», nabarmendu du.

Eider Merinok adierazi duenez, «gauzak kirol arloan atera ez zaizkidan bi urteren ondoren, konfiantza berreskuratu nahi nuen, zoriontsu egon, egutegi bat izan. Eta zein leku hobea etxean baino, eta are gehiago Euskadi Fundazioa bezalako proiektu batean».

«Aukera desberdinak» izan dituela aitortu du, baina Laboral Kutxarena aukeratu duela «familia batean bezala sentitzeko, dena gertu izateko, ondo babestuta egoteko».

«Nire esperientzia guztia eman nahi diet maila handia duten txirrindulari gazteei. Konfiantza ematea lasterketan, egoera eta une jakin batzuetan. Eta giro ona gustatzen zait, eta hori taldeari ere eman diezaioket. Nazioartean, geure burua ikusten eta emaitzak lortzen hasi behar dugu, ez baikara ezagutzen, eta pixkanaka begirunea bereganatu. Taldearekin gauza garrantzitsuak lortzea espero dut, denak batera», adierazi du.

Bestalde, Ion Lazkano Laboral Kutxako kirol arduradunak nabarmendu du Eider Merinoren fitxaketa «garrantzitsua» dela egitura hazteko: «Urte asko daramatza txirrindularitzan, munduko lasterketa onenetan, maila gorenean. Hemen bere aurpegirik onena berreskuratzea espero dugu. Gure proiektua, oro har, bere izateko eta lan egiteko erarekin bat datorrela uste dugu, eta ahalik eta etekin handiena atera dezakeela gurea bezalako ingurune hurbil batean. Gainera, etxeko gainerako txirrindularientzat eredu handia da bere ondoan ikasi eta hazi daitezen».

Palmares polita

Eider Merino zazpi urterekin hasi zen txirrindularitzan Balmasedako eskoletan, ondoren Ugeragara pasatzeko kadete eta junior mailetan. Profesionaletan maila gorenean lehiatu da: Lointek (2013-2017), Movistar Team (2018-2020), Monex (2021) eta Le Col (2022).

Espainiako txapeldun izan zen 2018an, eta brontzea lortu zuen 2020an. Nazioartean, etapa bat irabazi zuen Ardecheko Tourrean; zortzigarrena izan zen 2018ko Italiako Giroan, 16.a 2019an eta 17.a 2021ean; laugarren geratu zen Emakumeen Biran 2017an eta bederatzigarrena 2019an; eta bi aldiz izan da hirugarren Ardecheko Tourrean.