Maite Ubiria

Mugen itxiera sei hilabete gehiago luzatuko dela salatzeko mobilizazioa egingo dute

Frantses Gobernuak lau pasabide hertsirik atxikitzen ditu iazko urtarrilaz geroztik Euskal Herrian. Hain zuzen, azaroaren 1ean hasiko da kontatzen mugen kontrolak sei hilabete gehiago luzatzeko epea. Horren kari mobilizazioa deitu dute migratzaileen alde jarduten duten taldeek Irun eta Hendaian.

Frantses Poliziak kontrol iraunkorrak mantenduko ditu mugan ondoko sei hilabetetan ere.
Frantses Poliziak kontrol iraunkorrak mantenduko ditu mugan ondoko sei hilabetetan ere. (Guillaume FAUVEAU)

‘Mugak apurtu, zubiak eraiki’ lelopean egingo dute, astearte honetan, azaroak 1, itxita segitzen duten muga pasabideen irekiera aldarrikatzeko mobilizazioa, Irun eta Hendaian.

Frantses Gobernuak Schengen Tratatuari buruzko salbuespena indarrean jarri zuen 2015ean.

Geroztik tarteka barne kontrolak berrezarri ditu Parisek. Esaterako, 2019ko udan Biarritzen bildu zen G7 taldearen urteko bileraren kari pasabideetan kontrolak zorroztu zituen.

Izan ere, pandemiaren ostean urrunago jo dute frantziar agintariek. Hala, 2021ko urtarrilean zortzi bat pasabide ixteko agindua eman zuen Pirinio Atlantikoen Prefeturak.

Gaur gaurkoz oraindik ere lau muga itxita daude Euskal Herrian. Hala Hendaiako Merkantzien zubia zein Izpegi, Aldude eta Larraineko lepoak hertsiak daude.

Euskal Herriko herritarrek zein erakundek behin baino gehiagotan galdetu dute zubiak berriz ere irekitzea.

Hilabete honetan bertan bai Alain Rousset Euroeskualdeko presidenteak baita Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak ere mugak berriz irekitzeko galdera berretsi diete frantses agintariei.

Biriatuko inguruan auto-ilara handiak

Muga inguruan bizi diren herritarren bizimoduan eragin zinez kaltegarria du mugaren itxierak.

Hala, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko pasabideetan ohikoak bilakatu dira auto-ilarak.

A68 autobidea kudeatzen duen Bidegi konpainia eta A63 autobidea barne den ASF sareko ordezkariek bilera egin berri dute egoerari buruz hitz egiteko.

Biek ala biek, Biriatuko bidesarian sortzen diren auto pilaketak nahi lituzkete saihestu.

Alta, frantses Poliziak gau eta egunez bertan atxikitzen dituen kontrolek jarraituko dutenez, ondoko hilabetetan ere eragozpenak aurreikusten dira Biriatun.

Bederatzi migratzaile hil dira euskal pasabideetan

Edonola ere, Bidasoa inguruan bizi diren herritarrentzat –Zuberoa eta Nafarroa Behereko mugen itxiera pairatzen duten herritarrak ahantzi gabe– mugen itxierak eguneroko joan-jinak oztopatzen baditu, egoera askoz latzagoa bilakatu da migratzaileentzat.

Joan zen ekainaren 18an Abderrman Bas izeneko 25 urteko ginearra hil zen Bidasoa ibaia zeharkatzen ari zela.

Iazko apirilaz geroztik dagoeneko bederatzi migratzaile hil dira Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan.

Kontrolak ekidin nahian pasabide gero eta arriskutsuago hautatzera behartuak dira bidaia luze bezain zailak burutu ostean Irunen ez aurrera ez atzera harrapaturik gelditzen diren migratzaileak.

Apirilaren bukaera arte zubiak itxita

Frantses Gobernuak hil honetan jakinarazi dio Europar Batzordeari kontrolak sei hilabete gehiago atxikitzeko duen asmoa.

Hain zuzen, azaroaren 1ean hasiko da kontatzen 2023ko apirilaren bukaera arte indarrean izanen den luzapen berria.

Erabaki hori salatzeko hainbat gizarte eragilek mobilizazioa deitu dute. Ordu berean, 18.30ean, bi jende zutabe abiatuko dira, bata Irungo Ficoba erakustazokatik eta bestea Hendaiako tren geltokitik.

LAB, CGT eta Unsa sindikatuek, Irungo Harrera Sarea, Etorkinekin-Diakite, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bizi eta La Cimade elkarteek, Ehun mugimenduak, Xuti Gazte ekimenak, Intziri talde feministak eta EH Bai, Europe Ecologie-Berdeak eta Sortu alderdien babestu dute ‘Mugak apurtu, zubiak eraiki’ lelopean iraganen den mobilizazioa.

LAB sindikatuaren bultzadapean antolaturiko ekimenak migratzaileen alde jarduten duten talde ezberdinen artean garatu den auzolan irudikatuko du.

Izan ere, ondoko sei hilabeteetan lana bikoiztu beharko dute egunerokotasunean «kontrol arrazista eta ilegalak» salatzen dituzten eragileek.

Eñaut Aramendi LABeko ekintza sozialerako arduradurak Euskal Irratietan oroitarazi duenez, «migratzaile bat Bidasoa ibaian ito egitn den bakoitzean elgarretaratzeetan parte hartzeaz haratago, agintariek ere gehiago egin dezakete».