Kaiolako ordena berri baterantz?
Jokin Altunak Aimar Olaizolaren marka bat berdindu du, finalerdietarako zazpigarren aldiz jarraian sailkatuta. Hamabi urte badira azkenekoz enpresa bereko lau pilotari azken aurreko kanporaketara heldu zirenetik: Irujo, Barriola, Titin eta Gonzalez
Kaiolako azken bost txapelak jantzi dituzten azken bi pilotariek orain arte finalik jokatu ez, baina final laurdenetako bi multzoetako onenak izan direnak edukiko dituzte aurrean asteburuan. Statu quoak, nolabait, eutsi dio bere egoerari, baina Lau eta Erdiko arraro xamar honek ordena berri baten atarian jarri gaituela dirudi.
Esaterako, inor gutxik jar dezake zalantzan, palmaresa begiratzea besterik ez dago, Aimar Olaizola izan dela distantzia honetako espezialistarik onena –zazpi txapel jantzi ditu zortzi final jokatuta–; baina goizuetarraren zenbakiak alor batzuetan hobetzeko bidean dago Jokin Altuna, nahiz eta garaipenetan eta finaletan erakutsitako eraginkortasunean oraindik koxka bat geratzen zaion. Baina nafarrak sekula ez zituen sei final jarraian jokatu, gehienez lau izan ziren 2011 eta 2014 artean –3 txapelekin– eta behin baino ez zen, Altunak oraintxe egin bezala, zazpi aldiz jarraian finalerdietarako sailkatu –2011 eta 2017 artean–. 2002an lehen txapela jantzi zuenetik 2019an parte hartzeari utzi zion arte, 2003an eta 2010ean ez zuen parte hartu minez zegoelako; 2006, 2007, 2015, 2016 eta 2017an finalerdietan erori zen; eta bere emaitzarik txarrena 2009koa izan zen, final laurdenetan Julen Retegiren aurka galduta.
Amezketarraren kasuan, parte hartu zuen lehen txapelketan final laurdenetako ligaxkan erori zen, Olaizola II.a bera, Bengoetxea VI.a eta Artola bildu zituen taldean. Orduz geroztik, Altuna urtero sailkatu da finalerako, hutsik gabe.
Joseba Ezkurdiaren erregulartasuna ere oso kontuan hartzekoa da kaiolan, azken bost urteetan sartu baita arbizuarra lau onenen artean.
Enpresa oreka
Eta Aimar Olaizolaren nagusitasun horri esker, Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Urrutikoetxeak ere jarri dute euren alea; kaiola izan da Baiko/Asegarceren txapelketarik onena emaitzei begira azken urte luzeetan. Esaterako, 2012-2017 artean finalerdietan Bilboko enpresarenak izan ziren lau semifinalistetatik hiru –aurreko hirurez harago Saralegi eta Pablo Berasaluze izan ziren lau onenen artean–, baina azken urteetan joera hau erabat aldatu da, aurtengo muturreko kasua eman den arte: lau onenak Aspekoak dira.
Hamabi urte badira kaiolan azkenekoz halakorik gertatu zenetik, orduan ere laurak Aspekoak izan ziren –Irujo, Barriola, Titin eta Gonzalez–, eta Iberokoak eraman zuen txapela. Buruz burukoan ez dugu horren atzera joan beharrik, duela bi urte ere gertatu baitzen Altuna, Jaka, Ezkurdia eta Dariorekin. Txapela gaur egun Baikon den Jakak jantzi zuen orduan.
Promozioan antzeko
Halako nagusitasunik gabe, antzerako zerbait gertatzen da Promozioko txapelketan ere eta astearte honetan Berrizen arituko den Bakaikoa egungo txapelduna izango da Baikoren ordezkari bakarra finalerdietan. Egiguren V.a izango da Etxarri-Aranatzekoaren arerioa eta ostiralean Zornotzan jokatuko den beste finalerdian Salaberria eta Exposito debutatu berria arituko dira.
Finalerako sarrerak salgai
Bestalde, enpresek jakitera eman dutenez, asteazken honetan jarriko dituzte salgai azaroaren 20an Bilbon jokatuko den Lau eta Erdiko txapelketa nagusiko sarrerak salgai. Azken urtean beherako joera izan badute ere, 2020ko finala ateak itxita jokatu zuten, aurten berriz ere 2019ko prezioak berreskuratuko dituzte. Garestienak palkoko sarrerak izango dira eta hauek 130 eurotako prezioa izango dute. Kantxek 120 euro balioko dute, nahiz eta errebotetik gertuen kokatutakoengatik 100 ordaindu beharko diren. Alboko solairukoak 60 eta 40 euro balioko dute eta errebotekoek 50 eta 40 euro.