NAIZ

Urriko azken astelehena eta Barandika-Lekerikaren garaipena, Winter Serieseko hasiera aparta

Jai Alai Winter Serieseko bigarren denboraldia maila ikusgarriarekin hasi da. Iazko txapeldun Erkiaga eta Zabala mendean hartu zituzten Barandika eta Lekerika gernikarrek. Urriko azken astelehena izaki, Gernikako pilotalekuan giro ezin hobea sortu zen.

Jai Alai Winter Serieseko bigarren denboraldian lehiatuko diren pilotari guztiak aurkeztu zituzten lehen partidaren atarikoan.
Jai Alai Winter Serieseko bigarren denboraldian lehiatuko diren pilotari guztiak aurkeztu zituzten lehen partidaren atarikoan. (JAI ALAI NEWS)

Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernikarrek garaipenarekin hasi zuten Jai Alai Winter Series txapelketaren bigarren denboraldia. Aritz Erkiaga eta Jon Zabala iazko txapeldunei gailendu zitzaizkien partida iraulita. Izan ere, lehen seta laranjentzat izan zen (15-10) baina bigarrena 9-15 markagailuarekin irabazi zuten etxekoek eta azken seta ere beraientzat izan zen (4-5).

Gernikako Jai-Alai pilotalekuaren itxura ere paregabea izan zen, erabat bete baitzen urteko ekitaldi garrantzitsuenari ekiteko. Gainera, lehen partida hau ere goi-mailakoa izan zitekeela aurreikusi zitekeen, iazko txapeldunak eta etxeko puntistak neurtuko baitzituzten indarrak. Are gehiago, urriko azken astelehenarekin ere kointziditu zuen eta giroa ezin hobea izan zen.

Lehen seta parekatuta hasi zen (3-3). Ondoren, Erkiagak agintzeari ekin zion, eta hari esker bikote txapeldunak aurrea hartu zuen lau tanto jarraian eginez (7-3). 8-5eko markagailuarekin heldu ziren etenaldira. Barandika-Lekerika bikotea tartea txikitzen ahalegindu bazen ere, Erkiaga eta Zabalak sendotasunez bereganatu zuten lehen jokoa (15-10).

Bigarren setaren hasieran ere oreka izan zen nagusi, zenbait berdinketarekin (4-4 eta 6-6), baina etxekoak izan ziren atsedenaldira aurretik iritsi zirenak (6-8). Aldageletatik bueltan, dinamika bera mantendu zen jokoan, eta aldea 6-10era areagotu zuten. Azkenean, zuriek eskuratu zuten bigarren seta (9-15).

Horrela, hirugarren set erabakigarria jokatu behar izan zuten lehen jardunaldiko garaipena zehazteko. Barandika eta Lekerika bide onean hasi ziren eta 1-4ko markagailua ezarri zuten berehala. Laranjek ez zuten hain azkar amore eman nahi eta berdintzera iritsi ziren (4-4). Barandikak txokoan utzitako pilota batek, Erkiaga zabalean zela, eman zien garaipena etxekoei (4-5).