NAIZ
Iruñea

COP27 alternatibo bat antolatu du Klimaren Aldeko Aliantzak Iruñean, azaroan zehar

Azaro osoan zehar tailerrak, hitzaldiak, zinema, eztabaidak eta elkarretaratzeak antolatuko ditu Nafarroako Klimaren Aldeko Aliantzak Iruñean, hau da, COP 27 alternatibo bat. «Ezin dugu utzi honaino eraman gaituztenek konponbideak atzeratzen jarrai dezaten».

COP27 alternatibo bat antolatu dute Iruñean.
COP27 alternatibo bat antolatu dute Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Klimaren Aldeko Aliantzak agerraldia egin du gaur Iruñeko Geltokin, antolatu duen COP27 alternatiboaren berri emateko eta agintariei «eredu eraginkor, justu, demokratiko eta berriztagarri bateranzko trantsizio energetikoa bizkortzeko» eskatu diete.

«Krisi sakon bat bizitzen ari gara, non, larrialdi klimatikoko egoerari, erregai fosilekiko mendekotasunagatiko prezioen eta ziurgabetasunen etengabeko igoera gehitzen zaion. Gainera, injustizia klimatikoa da arazoaren erantzule gutxien direnek jasaten dituztela ondorio nabarmenenak, eta, horrez gain, injustizia energetikoa ere badago, oligopolioek aparteko onurak izaten baitituzte pertsonak pobretzen ari garen bitartean», nabarmendu dute. 

Gogora ekarri dute «gutxienez 3.600 milioi pertsona» bizi direlaa dagoeneko arrisku klimatiko handiko egoeran, eta horren aurrean, «emisioen murrizketa, egokitzapena eta justizia klimatikoa direla erantzun posible bakarra». Euskal Herrian aurten bertan bizi izan ditugun bero-bolada ikaragarriak, baso suteak, lehorte kezkagarriak eta muturreko beste fenomeno batzuk ere izan dituzte hizpide.

Horren aurrean «erregai fosilak etengabe erretzearen eta ekosistemak suntsitzearen bidezko hazkunde mugagabearen ereduak eten» egin behar duela azpimarratu dute.

Era berean, larrialdi klimatikoari aurre egiteko elikadura eta energia burujabetzerantz joateko beharra ere aipatu dute. «Aldaketa horiek inpaktu positiboak eragingo dituzte planetan, eta, aldi berean, murriztu egiten dute energia fosilekiko dugun mendekotasun kaltegarria».

«Ohartarazpen klimatikoak eta zientifikoak gero eta handiagoak dira, eta ondorioak gero eta katastrofikoagoak, horregatik mobilizatzen gara. COP27an bildutako gobernuei exijitzen diegu ekintza klimatikoa berehala areagotzeko», gehitu dute.

Nafarroan, zehaztasunak

Nafarroako Gobernuari modu zuzenean zuzendu dira. «2019an egin zuen larrialdi adierazpena sinestu behar du, eta klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko Legearen emisioak murrizteko helburuak lortzeko beharrezkoak diren aurrekontuak, baliabideak eta tresnak jarri behar ditu, jarraibide zientifikoekin eta justizia sozialarekin bat etorriz». Berrikuspen prozesu horretan herritarrek, zientzia erakundeek eta gizarte zibilak parte-hartzea hobetsi dute.

«Bada garaia adierazpenetatik, planetatik, proiektuetatik, legeetatik ekintzetara pasatzeko. Nahiko bla, bla, bla izan dugu. Nahikoa da ekintza klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren inguruko diskurtso bat egitea eta gertakariekin gezurtatzea, kapital handiarekin bat eginez eta klimari eraso egiten dioten proiektuak bultzatuz, hala nola Mina Muga, AHT, Esa handitzea edo auto elektriko pribatua eta makroproiektuen aurreko permisibitatea», nabarmendu dute. Horregatik,« gehien duena eta gehien kutsatzen duena zigortuko duen zerga sistema klimatikoa» aldarrikatu dute, baita «ondo pentsatutako eta ondo gauzatutako mugikortasun planak, energia berriztagarriak hiri lurzoruan eta ingurumen-hezkuntzarako baliabideak».

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Klimaren aldeko Aliantzak COP27 alternatibo bat antolatu du Iruñean. Ia 30 jarduera desberdin antolatu dituzte azaro osoan zehar: tailerrak, hitzaldiak, zinema, eztabaidak eta elkarretaratzeak.